Hezkuntza curriculumek ez diote antzerkiari begiratzen, baina antzerkiak beti aurkitzen du modua leku guzietara ailegatzeko. Batzuetan eskola orduetan, askotan eskola ordutik kanpo, baina Euskal Herrian badira zenbait proiektu teatroa irakastokietan lantzeko. Izan ere, eskola horiek emateaz arduratzen direnek argi diote antzerkia onuragarria dela hezkuntza prozesuan: bai gainerako irakasgaietarako, baita ikasleen bizitzarako ere. Proiektu horien berri eta antzerkia ikasgeletan sartzearen aldeko hausnarketak irakurtzeko parada izanen da bihar BERRIAn.
Iurgi Etxebarriak Debagoieneko (Gipuzkoa) sei eskolatan eskaintzen duen proiektua azalduko du, Iufala izenekoa; Oihana Maritorena Donostiako Zurriola ikastolan zuzentzen duen antzerki eskolaz ariko da; Axut konpainiako Arantxa Hirigaraik Ipar Euskal Herriko eskoletan ematen dituen antzerki tailerrak izanen ditu hizpide; eta Irantzu Zabalzak beste bi irakaslerekin batera zuzentzen duen Jaso ikastolako musikalaren berri emanen du.
Memoria historikoa ere hizpide izanen du Bizigiro-k. Nafarroako Memoriaren Institutuak Jose Alfaro, erbestea eta duintasuna erakusketa ireki du Iruñeko Planetarioan, frankismotik ihes egin zuten nafarren memoria biltzeko, zabaltzeko eta aitortzeko antolatu dituen jardueretako bat. Alfaro atxilotu eta Tafallako (Nafarroa) espetxean sartu zuten, baina senide bati esker pasaporte bat eskuratu, eta Baionara ihes egitea lortu zuen. Hamar urtez bizi ian zen Lapurdin, eta urte haietako bizipenak argazkietan jaso zituen. Familiaren artxibotik Planetariora egin dute jauzi argazki horiek orain.
Zinemaren tartean, Undine filmean murgilduko da Nagore Arin. Christian Petzold zinemagilearen drama Movistar Plus eta Filmin plataformetan estreinatuko dute. Emakume historialari bat da Undine, eta Berlingo hiri garapenari buruzko hitzaldiak ematen ditu. Maitale bat du, eta maitaleak bakarrik uzten duenean, barruan dituen mamuak gailenduko dira pertsonaiaren egunerokoan. Harreman galdu hori eta hark eragindako beldur guztiak gainditzen dituen bitartean, beste pertsona bat agertuko da Undineren parean: Christoph, urpekari gisa lan egiten duen gizon adeitsu bat.
Telesailen txokoan, Argentinan sortutako No grites telesaila izanen du hizpide Mikel Yarzak. Sebastian Dietschek zuzendu du, eta AMC sareko Dark telebista kateak estreinatu du. Hamar minutuko atalez osatutako beldurrezko telesail horrek haize freskoa ekarri du. Bost atal, bost hamarkada eta bost familia, elkarri lotuta. Orainaldian hasi eta atzekoz aurrera jorratu ditu Dietschek etxe sorgindu berean jazotako gertakari makurrak.
Gastronomia orrian, fideua ganboi, shitake eta ziazerbekin prestatzen irakatsiko du Iker Markinez sukaldariak, eta Roberto Sarriugarte arduratuko da ardoari buruzko aholkuez: El Bosque de Matasnos bodegaz ariko da bere zutabean.