Sanferminak Iruñean. Proposamenak. Peña bat dut bihotzean. Muthiko Alaiak

Ohituren zaindariak

Zaldiko Maldiko dantza eta antzerki taldetik sortu zen Muthiko Alaiak peña. Euskal eta nafar dantzak berreskuratzen dituzte, 1930eko hamarkadatik. Koadrodun blusa urdina daramate.

Muthiko Alaiak peñako kideak, zezenketa batean. MUTHIKO ALAIAK.
Iruñea
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ignacio Baleztena iruindarrak Zaldiko Maldiko elkartea sortu zuen 1931. urtean. Kultur elkartea zen, eta helburua zen galtzeko zorian zeuden euskal dantzak berreskuratzea. Folklore zalea eta euskaldun jatorra zen Baleztena. Karlista ere bazen. Elkarteak lortu zuen arrakasta zela eta, ekitaldi gehiago egiteko peña bat sortzea erabaki zuten. 1934. urteko sanferminetan estreinatu zuten peñakideen karneta eta kuadrilla: Muthiko Alaiak. Denborak karlismoaren ideiak ezabatu ditu, baina peñaren esentzia euskal ohiturak ez galtzeko lan egiten jarraitzea da.

Muthiko Alaiak peñaren zereginak sanferminetatik harago joaten dira. Peña bat baino ohiturak berreskuratzeko talde bat da, euskal dantzak batez ere. Elkarrekin egoteko eta biltzeko leku bat ere bada. Gaur egun Estafeta kalean daude, entzierroaren ibilbidean. Sanferminetako erdigunean, beraz.

Zaldiko Maldiko kultur elkartetik sortu zen Muthiko Alaiak peña, 1934an. Hasierako lokala Gazteluko plazan izan zuten, «Iruñeko leihoan» peñakideek deitzen dioten moduan. 36ko gerran peñakide gazteenek gatazkara joan behar izan zuten. Bertan peñakide asko hil ziren, eta peña beltzez jantzi zen. Dena dela, jardunarekin jarraitu zuen. Gerra ondoren politikako ideiak askoz nabarmenagoak izan ziren, eta 1945ean peñaren lehenengo etapa amaitu zen. Gazteluko plazan izandako istiluen ondorioz, bertako lokala galdu zuten. Gainera, 1950eko hamarkadan Udal dantza taldea sortu zen, eta dantzariak Muthiko Alaiak taldean sartu beharrean Udal taldera joaten ziren, besteak beste, jantziak askoz dotoreagoak omen zirelako. Baina Muthikoek eta neskek armarria haiena sentitzen zutenez, ez zuten peña utzi.

1960ko hamarkadan Gazteluko plazara itzuli ziren, eta 1974tik aurrera 25 urtez Comedias kalean egon ziren. Koadrodun blusa urdina daramate, eta zapi eta gerriko gorria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.