Txorizo usaina du Abadiñok (Bizkaia). Beste edozer baino lehenago igartzen da, kea darien txosnak ikusi baino askoz arinago, herrira datozenei harrera egingo balie bezala. Berehala dator talo errearen ufada, eta Trinketearen plazara gerturatu ahala hasten da gailentzen anisarena, sotilagoa, baina saihetsezina dena den, erroskilla eta opil postuz josita baitaude herriko bazter asko. Erakusmahaiaren gainaldea zuritzen dute gozook, eta sabaitik dingilizka dagoen kordel mordoak bizitasuna ematen die saltokiei, tonu urdin, gorri, more eta bestelakoekin, errezel deigarri baten antzera. Usain ezaguna du San Blas egunak, baina baita kontrastea ere.
Erroskilla eta opil postu guztietan dago norbait, eta gozo saltzaileak itxaropentsu daude. Bilbok ere badu bere San Blas azoka, baina Abadiñokoa jendetsuagoa izaten dela nabarmendu du Sergio Gutierrezek. «Iaz, azoka asteburuan tokatu zen, eta askoz jende gehiago egon zen. Baina oraingoan ere jende asko izango dela esan dute», kontatu du. Bezeroek klasikora jotzen dute oraindik: gozogilearen arabera, erroskillak, erroskilla frijituak, kordelak, San Blas opilak, karameluak eta halakoak saltzen dira gehien. Hori dela eta, agian, Aitorrek produktu tipikoetara mugatu du bere eskaintza oraingoan. «Beste feriatan, San Tomas egunean adibidez, tartak ere eramaten ditugu». Zeru hodeitsuari erne dago, badaezpada, baina eguna ondo joango dela uste du.

Berokian ondo bilduta dago Muskizko (Bizkaia) Txaramelako Izaskun Urbaneta, Trinkete plazako saltokietako batean. «Momentuz, eguna lasai doa, baina jendea animatzen ari da». Proiektu agroekologikoa da Txaramela: gertuko lehengai ekologikoekin egindako pasta saltzen dute. «Ez da azoketako ohiko produktua», aitortu du Urbanetak, «baina gero eta jende gehiagok nahi du kalitatezko pasta jan». Iaz, salmenta oso onak izan zituzten, eta, hortaz, badirudi azokan badagoela tokia klasikotik haragoko eskaintzarentzat ere. «Badaude saltsa pikantea saltzen dutenak, txokolatea... Bestelako produktuak ere saltzen dira azoketan, apurka-apurka sartzen ari dira, baina egia da oraindik ohitura daukagula ogia, gazta, txakolina eta halakoak erosteko».
Batzuetan, bezeroek bultzatuta gertatzen dira aldaketa horiek. Ermuko (Bizkaia) Numa gozotegiaren postuan, opilen eta euskal pastelen ondoan ipinitako kartel batek adierazten du badaudela esnerik gabeko eta arrautzarik gabeko aukerak, baita erabat beganoak direnak ere. Jendeak eskatzen zituen, eta horri erantzutea erabaki du Lourdes Maria Gutierrezek gidatutako taldeak. «Ez da gure produkturik inportanteena, baina saltzen da», postuan dagoen kidearen berbetan. Errezetak probatzen ari dira. «Normalean, pastelek arrautza eta gurina izaten dute, eta saiatu behar dugu alternatibak bilatzen. Oso konkretuak izan behar dute, zaporea, testura eta abar lortu behar direlako. Hori da zailena», esplikatu du. Esate baterako, arrautzak garbantzu urarekin ordezkatzen dituzte, gurina margarinarekin...
Zeliakoentzako aukerak
Arrasateko (Gipuzkoa) Irrika gluten free bakery-ko Ainara Abasolo Etxabek ere eskaintza ugaria du bere erakusmahaian. Alfajoreak ere badituzte, adibidez. Eta produktu guztiak dira glutenik gabeak, zeliakoentzako egokiak. Abasolok esplikatu duenez, glutenak orea trinkotu egiten du, eta, beraz, zailagoa da proteina hori gabe kozinatzea, baina egingarria da. «Zeliakia daukagunok badakigu zer den leku batera joan eta ez edukitzea produkturik dastatzeko». Kontrara, alergenoak saihesten ditu —esnerik eta arrautzarik gabeko gozoak ere saltzen ditu—, eta hark ere igarri du halako aukerak gero eta gehiago eskatzen dituztela azoketan. «Ez dakit arrazoia arazoren bat den edo bizi estiloa, baina bai, handitu egin da eskaera».
«Ez da azoketako ohiko produktua, baina gero eta jende gehiagok nahi du kalitatezko pasta jan»
IZASKUN URBANETATxaramelako jabea
Aldatu da azoka, beraz. Nahiz eta usaina antzekoa den, xehetasunak gehitu zaizkio. Edo ezabatu. Beatriz eta Lore Egurenek urte asko daramate Abadiñoko azokara joaten, eta antzeman dute bilakaera bat. «Lehen animalia gehiago ikusten zen, makineria gehiago... Orain, etxalde bat badaukazu ederto, baina baserri txiki asko ja ez dira etortzen», esan du Beatriz Egurenek. Gipuzkoan bizi dira biak: Beatriz Angiozarren, eta Lore, Alegian. Egun-pasa joaten dira San Blas azokara, nonon bazkaltzeko, eta familiarekin biltzeko. Eta erosi? Zerbait behar dutenean baino ez. Gozoak, nahiago dituzte etxekoak. «Lehen, erroskillak erosten nituen, baina orain San Blas opila etxean egiten dugunez... Goxoagoa da», bota du Lorek, irribarretsu, eta berehala ñabartu du: «Ez dut esaten hemengoak txarrak daudenik, e? Baina etxekoak, hobeak. Artisauak». «Baina askogatik», ebatzi du Beatrizek.