Ohea kario eta loa merke

Baionako besten garaian ezohiko jende saldoa hurbiltzen da Lapurdiko hiriburura, eta hainbat ondorio dakartza: lo gunerako sekulako sos zama xahutu behar izatea edo etxegabeak karrikarik gabe ere uztea, adibidez.

Autoan lo egiten dute bestazale anitzek, nork bere estrategiak erabiliaz. PATXI BELTZAIZ
Autoan lo egiten dute bestazale anitzek, nork bere estrategiak erabiliaz. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2024ko uztailaren 14a
05:00
Entzun

Heldu den astean Baionan izan nahi bada asteazkenetik igandera, hainbat aukera dira ostatua bilatzeko, garestiegi ez: 70 bat eurorekin gau bakoitzeko, atzeman daiteke non lo egin, baita hiri erdigunean ere. Aste honetan Baionan lo egin nahi bazen asteazkenetik igandera, hainbat aukera ziren, anitzez karioegi: 70 bat eurorekin gau bakoitzeko, belar puska bat besterik ez zitekeen atzeman, ezta hiri zentroan ere.

Baionako besten denboran, noski, ezohiko jende saldoa hurbiltzen da hirira. Orduan, nork bere aterabidea lo egiteko; baiones zenbaitek, bestalde, ihes egiten dute. Hain zuzen, ihesi doazenetarik batzuek beren apartamentua alokairuan jartzen dute, eta, logikari jarraikiz, beste jende kategoria batek hutsik utzi pisu horiek ordaintzen dituzte bat, bi, hiru, lau edo bost gauerako; motibazioaren eta gorputzaren ahalen arabera. Beste zenbaitek kanpatu nahiago dute: diru gutiago xahutzen da, hala oihal etxearen babesean nola autoarenean. Xantzati handienek lagun bat badute Baionan bizi, zeinak lo gunea eskaintzen baitie nahi bezainbat denboraz. Eta, xantza gutien dutenak, beharbada, etxegabeak dira, zeren Baionako besten denboran karrikagabetuak baitira, gainera.

Lagunen lagunak lagun

Oso fite bilakatzen da kario Baionako bestetara jitea. Bertakoa ez denak ezantza edo treina ordaindu behar du, lehendabizi; gero, jantzi behar du, noski, zuri eta gorriz; eta baita nonbait lo egin ere. Badirudielarik moltsa behin betiko hesteko momentua heldua dela, hara ondokoa: besten sarrera ordaindu behar da astebururako, hamabost euroan, eta, oroz gainetik, jan-edanaren gastua dago. Kalkuluak buruko mina sor lezake.

Oceane Marzougui eta Clemence Colignon Paristik jinak dira Baionako bestak egitera. Colignonek ez du gorde: «Treina izugarri kario da: 250 bat euro. Ezin izanen genuen horrez gain toki bat alokatu». Eta ez dute egin behar izan, hain justu, lagun bat Baionakoa dutelako. Besta egiteko edozein aterabide baita ona, lekurik originalenean ere lo egiten da usu. «Baionako dantza eskola batean lo eginen dugu [barrez]. Lagun bat hemen bizi da, eta bere amak dantza eskola bat badu; beraz, denak hara! Anitz izanen gara». Argi dute eta erran aterabide hori gabe sekula ere ez zitzaiela bururatuko jitea. «Karioegi».

«Biztanleek sekulako zailtasunak ditugu egunerokoa eramateko. Mundua azpikoz gora: lehentasuna turistei, eta gu batailan»

ELISE MEYRANX Baionako biztanlea

Ohiko etsaiak beti etsai

Euskal kostaldeko arazo nagusietarik bat etxebizitzarena da. Euskal gazteria herrian bizi ezinean da prezioak hain dira gora. Oso erakargarria da gunea, eta, azken urteetan gertatu da anitz etxe edo apartamentu jabek horien alokatzaileak kanporatzea uda garaian, karioago ordainarazteko turistei. Artean, etxerik gabe geratzen dira urte osoan hor bizi direnak. Baionako bestek eskema ekonomiko horretan sartzea bultzatzen dute, gainera, zeren jende anitz prest baita Baionako besten denboran kario pagatzeko. Eta galtzaileak beti galtzaile.

Airbnb bidez alokatzen diren apartamentu horietako auzoak ere, baionesak, hots, trabatuak dira horrelakoekin. Baionako besten garaian dena baita Baionako bestetarako, eta badirudi eguneroko bizia gehiago ez dela existitzen. Zenbait adibide aipatu ditu Elise Meyranx San Izpiritu auzoko biztanleak, kexu: «Horrelako besta garaietan [Baionako bestak edo Xingar feria], alokatzaileek gau betean iratzartzen gaituzte gure etxera deituz interfonoarekin, igogailuan goitibota izan dute, oihuka ari dira... Eta horren parean, biztanleek, sekulako zailtasunak ditugu egunerokoa eramateko: asteazkenean erran zidaten parking lekurik ez nuela gehiago nire etxe ondoan, hiria zeharkatu behar nuela. Mundua azpikoz gora: lehentasuna turistei, eta gu batailan».

Etxegabeak karrikagabeturik

Baionako geltokitik zuria eta gorria soinean bestetara heldu den jendearen artetik, beste jende kategoria bat ere bada, ilun jantzirik usuenik. Baionako bestek inposatu janzkerari ez diote jarraiki, hautuz ez; zenbaitek halere, detaileren bat badute soinean: zapi gorri bat eskumuturrean edo galtzerdi pare bat gorri. Poltsak dakartzate esku biez, etxegabeak baitira eta gauerako estalkiak bertan biltzen baitituzte. Marvin horietakoa da, zapi gorria eskumuturrean justuki. Geltoki aitzinean kafea edaten du, bero. «Karrikan lo egiten dut. Sekula ez diot inori minik egin, baina parean denetarik bada: ona, gaiztoa, mandila... Ez uste izan: Baionako bestetan iragaten direnak egunerokoan gertatzen zaizkigu».

«Jiten zaizkigu trabatzera, eskuin-ezker begiratzera, kanporatu nahiz, batzuetan. Bestazaleak ongi portatu dira orain arte»

ABUKarrika saltzailea

Halere, egoera ez zaie erraztua. Ehunka mila jende heldu da urtero Baionako bestetara, karrikak hartzen dituzte, eta kalean bizi den horri hori ere kentzen zaio. Abu karrika saltzailea da, Bilbotik jina. Betaurrekoak saltzen ditu nagusiki: gorriak, berdeak, lore forma dutenak, bihotz forma dutenak, urdinak marrazkiekin, zuriak... Gaua heltzean karioegi zaizkio hotelak eta geltoki gibeleko plaza batean egiten du lo, eta erran du: «Kanpina segurua da; baina kalea, ez. Anitz edaten dute batzuek...». Baina, dena baino sorddes, iduriz, Polizia da aurten: «Jiten zaizkigu trabatzera, eskuin-ezker begiratzera, kanporatu nahiz batzuetan. Bestazaleak ongi portatu dira orain arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.