Xiberoko Botzako uhinak eta Maite Lephaille kazetariaren(Sohüta, Zuberoa, 1957) boz metalikoa fusioan bizi izan dira 30 urtez. Militantzia zena bizibide bilakatu zion mihi dantzak. Bere mintzoa informazio zehatzaren jabe da: Jean-Louis Davantek dioen gisan, «euskara izugarri hizkuntza zehatza baita». Distantziaren erlatibitatearen maisu, badaki jendearengandik izugarri hurbil izaten, profesionaltasunari tokirik kendu gabe, edozein dela ere gaia.
Ama lurraren alaba zara.
Sohütako Ameltze kartierrean sortua naiz, laborari alaba, bai. Hiru ahizpetan gazteena ni: gastatuena omen nintzen! Badakit mutikoa nahi zutela... Orduan, egiazko etxeko lanak egin behar genituen lehenik, eta, ondotik, eskolakoak. Gazterik hasi nintzen ikasten eta lanean; aste hondarretan. Garai hartan normala zen. Laborantza ikasketak burutu nituen.
Zenbait etxetan, etxeko hizkuntza euskara izanik ere, halaber frantsesez egiten zen.
Gurean, beti-beti euskaraz. Frantsesa eskolan ikasi nuen, eta ezagutu dut non ere eskolan ez zen behar euskaraz mintzatu, eta ziria batetik bestera behar genuen pasatu, azkenak bazuen zigorra.
Begiratzeaz gain, euskararen alde ere borrokatu zara.
Karakterean dut, azkarra. Egia dagazte denbora agitu zaidala kulturak izugarriko indarra zuelarik: Uhaitza kultur elkartea, Atharratzen [Zuberoa]; Haize Berri, Izuran [Nafarroa Beherea], eta, Hazparnen, Eihartzea [Lapurdi]. Bazen emulazioa; kultur sailean bizi azkarra. Hortik zen abiatu, hain zuzen ere, Xiberoko Botza irratia.
Nolakoak izan ziren Xiberoko Botzaren lehen eleak?
Mitterand Frantziako presidentea hautatua izan zelarik, irrati libreen garaia zabaldu zen. Lehenik, Irulegiko Irratia sortu zen; gero, Gure Irratia eta, segidan, Xiberoko Botza, Uhaitza kultur elkartetik. Hor ziren, besteak beste, Allande Etxart, Frantxoa Aztaran lehen langilea, Leonie Agergarai...
Noiz zabaldu zenuen uhinetan zure boza?
21 urte inguru nituzkeen. Laborantza kontabilitatean hasia nintzen lanean, Donapaleun. Garai hartan nuen ere ene senarra izanen zena ezagutu: oraino ofiziala ez zen gau eskolan zebilen euskara ikasten, Junes Casenave Harigile irakasle zuela. Ber mugimenduan genbiltzan. Urrian, baziren kultur asteak, sekulako dinamika bazen. Jende anitz biltzen zen bertan. Antzerkiak, dantzaldiak... antolatzen genituen. Guk taldearen kontzertuak, bete-betean! Izugarri aberatsa zen. Ni laguntzaile gisa ari nintzen; Ozazen [Zuberoa] biltzen ginen afixen egiteko, gau osoan!
Konta ezazu, otoi, irratiaren hasmenta koloretsua.
Baziren abertzaleak, sozialistak eta komunistak. Luis Labadot [Mauleko auzapez berri komunista] barne zen, adibidez. Pentsatzen zuten bazuketela hor tartea haien bozaren entzunarazteko. Boterean zen eskuina oso gogorra zen orduan.
Ez zen hatsarretik euskara hutsean, beraz.
Elebiduna zen. Bakoitzak bazuen bere emankizuna. Madouce [Maialen] Aranguas eta biok ari ginen arrats guziez berrien ematen, 18:30ean, berak frantsesez eta nik euskaraz. Labadotek, adibidez, CGT sindikatuko emankizuna egiten zuen, orain Parisen kazetari den Jean-Mixel Aphatie bildoztarrarekin batean, frantsesez. Sozialistek ere bazuten beraiena. Pierre Paul Dalgalarrondok ematen zuen egun guziez aroaren berri; frantsesez hasi, baina euskaraz bukatu zuen.
Melting pot-aren boza zen.
Gure eklektizismoaren erakusgarri: Niko Etxart eta Errobert Larrandaburu Pipas-ek animatzen zuten neskenegunetan musika emankizuna, zuzenean: Musikalhorra. Euskal Herri osoko gomitak bazituzten. Banda horien digitalizatzen ari gara orain. Leonie Agergaraik ere osagarri sozialaz bazuen emankizuna, eta Leandrok beste bat, portugesez! Jean-Jakes Etxeberri Llargo eta biok larunbat arratsetan joko emankizuna animatzen genuen: gaitzeko arrakasta biltzen genuen! Papaitak eta asmakizunak eskaintzen genituen. Orenak ez genituen kontatzen, boluntarioak ginen.
Boluntarioak jauregi batean...
Sozialistek irabazi zutenez, Irabarneko [Zuberoa] jauregian kokatu ginen, zeina herriko etxearena baitzen. Zahar-zaharra zen. Konponketa prekarioak egin bagenituen ere, ganerreko tauladak sekulako kirrinka egiten zuen, eta mugitzen zen guzietan disko biniloak erortzen ziren.
Orotan ezarri genituen paperak: «Emeki ibil». Gero, langilea hartzearekin, lokalez aldatu ginen, Mauleko plazarat. Hortik, naturalki, oraingo Victor Hugo karrikako lokalerat.
Noiz zineten profesionalizatu?
Irulegiko irratiarekin batera, hasi ginen ikusten bazela langile baten beharra, eta orduan. Bihurgune bat izan zen, euskara baitzen nagusitu, eta sozialistak urruntzen hasi ziren. Portugesek ez zuten deus endelegatu: denbora anitz eman zuten frantsesa ikasteko, integratzeko, eta, jin delarik euskararen nagusitze hori, ez zuten deus konprenitu, eta urrundu ziren. Bigarren langiletik landa, ni nintzen sartu.
Zerk zintuen akuilatu kontulari lana utzi eta irratian aritzera?
Taldean aritze hori laket nuen izugarri, holako bizia gure artean... Sekulako giro ona bagenuen.
Euskal irratiak saretu zineten.
Lehenik, Irulegiko irratiarekin, eta, gero, Gure Irratiarekin. Hatsarrean ez ginen gauez baizik ari; gero, goizez ere bai. Eta irrati guzien arteko programa komuna plantan ezarri genuen.
Lack (Biarno) eta Calahorra (Espainia) lotuko zituen gasbideak bazterrak mindu zituen, ezta?
Zatiketa bat izan zen irratian berean. Hauteskundeak izan ziren, eta Lasserren mugimendua sartu zen departamenduan: Pepe Lamirande, Mixel Arhanzet, Barthelemi Agerre... Abertzaleek ere beren burua aurkeztu zuten. Gure arteko zenbaitek gasbidearen eta mugimendu horren alde egin zuten; beste batzuek, ordea, kontra, abertzaleen alde jarriz.
Funtsean, euskaltzale eta abertzaleen arteko tentsioak sortu ziren. Irratian zinez garai zaila izan zen, oso gogorra gaiaren segimendua neutralitatez egitea: gas hodiaren aldekoen boza ere entzunarazten genuen. Gainera, mingarria ere izan zen jendeentzat, elkarren lagunak baikinen. Sohütako lizeoa izan zen gasbidea pasatzearen truk eman zutena. Beharrik, orduan, euskal irratien arteko sostengua baitzen.
Xiberoko Botzak badu ildo editorialik?
Bilakaera bat izan zen euskal irratiak juntatzearekin. Gure filosofiaEuskal Herriko berrien ematea zen, jendeengandik hurbil egotea, edozein lagun mintzaraztea... Elkartasuna bazen. Garaia ere halakoa zen: ikastola sortu zen, euskal ekonomian bazen iratzartze bat, kontzientziazio handi bat: kooperatibak sortu ziren, zioten Euskal Herria ez zela turismoa baizik, eta behar zela ekonomia azkartu. Hegoaldearekin harremanak indartu ziren irratian. Irkus Robles anitz ibiltzen zen Zuberoan, eta berak zituen Hegoaldeko berriak ematen, jendeak izugarri maite zuen: zuberotar anitzendako Hegoaldea Irkus bera zen!
Eta zuretako?
Haur denboran, Hegoaldea ez zen existitzen. Geroago, Maulen egin ziren bi Aberri egunetan parte hartu nuen; oroitzapen azkarrak ditut. Orduan zen osorik sartu Euskal Herriko mapa ene baitan.
Errefuxiatuekin gurutzatu izanen zinen...
Bai, anitz. Gertatu izan zaigu egun batetik besterat ikastolan ez dakit zenbat haur gehiago agertzea, ez dakit nondik; kur-kur.
Idauze-Mendiko [Zuberoa] hilketaz arrunt oroit naiz [Eugenio Gutierrez Salazar Tigre, 1984ko otsailaren 25ean]: euskara ikastaldi batean hil zuten errefuxiatua. Poliziak ez zuen sekula deus egin erailea atzemateko. Ohartu ginen hemen bazela zerbait gogorra. Harrigarria izan zen Zuberoara jitea norbaiten erailtzera. Deusik izan ez balitz bezala pasatu zen. Momentu zinez gogorra izan zen hura, lotsa ginen.
Elkartasunezko sarerik josirik izan zena?
Bai, Zuberoa anitz eskatua izan zen, eta arrisku handiak harturik izan ziren.
Xiberoko Botza zubereraz ari da: zein da hizkuntza irizpidea?
Oraino ere gure arazo nagusia da. Iruditzen zait euskalkiak aberastasun direla, baina eztabaida beti hor da, eta arranguratua naiz: jendeak euskalki desberdinak entzun nahi ditu; alta, irratiaren barnean, ez dugu trenkatu. Ados naiz euskalkiak moldatu behar direla elkar entelegatzeko gisan, bai, baina ez batua bakar bat. Ez dugu oraino atzeman bakoitzaren hizkuntza berezitasunari behar den lekua ematea, lasaitasunez.
Nola dakusazu Xiberoko Botzaren geroa?
Ekipo berria plantan ezarririk izan da, eta biziki kontent naiz, gazteak sartu baitira. Orain, haiek dira irratiaren eramaile, haien ideiekin. Ez dut batere nostalgiarik, lekua haiei utzi behar baita.
Emazte gisa bide egin duzu.
Gizonekin lan egin dut, eta horretarako karaktere azkarra behar da ukan. Bakarra naiz irratian erretreta arte egon dena. Hala ere, ene lanean ez dut sekula mugarik ukan: edozein gai lantzeko beti prest egon naiz, interesa beti atzeman baitut: berdin errugbia, laborantza... Hori diet gomendatzen sartzen diren gazteei: edozein dela ekitaldia, ondotik aperitifarik bada, egon dadila, orduan baitira harremanak egiten. Ofizioan hori dut maite ukan: edozein jenderekin mintzatzea, edonori mikroa luzatzea eta landa lana, irratian berean geldirik egotea bainoago. Erretretan banaiz ere, administrazio kontseiluan segitzen dut parte izaten, laguntzaile gisa.
Ikastolaren aldeko gudukan ari izan zara. Nolako garaiak ziren?
Garai gogorra zen. Orduko Seaskako lehendakaria Jean Louis Maitia zen. Seaskako zuzendaritzan nintzen, eta kasik aste guziez Kanboraino [Lapurdi] joan behar izaten nuen bilkuretara. Frantses Hezkunde Nazionalarekin negoziazio betean ari ginen. Gure ikastola, Maulen, zinez baldintza txarretan zen: prefabrikatuetan, neguan seme-alabak botetan igortzen genituen. Bazterturik ginen; oso guti ginen; «baskoiak» ginen, «enbata zikinak».
«Ikusi mendizaleak [...] mendi tontor gainera igo behar duzu.»
Badu hamar urte ibiltzen naizela mendian. Pirinioetako kaskoak ditugu igaten. Baina Nepalen egona naiz, Everesten lehen kanpalekuan, bai ere Bolivian, 6.000 milakoak upatzen. Reunion uhartera joatekoa naiz urrian, lasterketa batera. Heldu den astean, hiru milako hiru iganen ditugu. Esperientzia izugarri onak dira.
Maite Lephaille. Xiberoko Botzako kazetari ohia
«Ofizioan hori dut maite ukan: edozein jenderekin mintzatzea»
Zuberoako boza pertsonifikatu behar balitz, Maite Lephaillek balio luke, 30 urtez aritu baita Xiberoko Botza irratian kazetari. «Neutraltasunez» kontatu behar izan ditu garai latzak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu