Ofizialtasuna lortu du ardi moztaileen euskal selekzioak

2026. urtean Munduko Txapelketan lehiatuko da lehen aldiz, Zeelanda Berrian. Euskal Herriko Txapelketa ere antolatu nahi dute datorren urtean; horretarako, baina, babesleak behar dituzte.

Joseba Attard ardiei ilea mozten, iaz, Amurrion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Joseba Attard ardiei ilea mozten, iaz, Amurrion. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2024ko abuztuaren 26a
14:00
Entzun

Ofiziala da: Euskal Herriak ordezkaritza izango du ardi moztaileen nazioarteko lehiaketetan. Atzo zabaldu zuten albistea Uharte Arakilen (Nafarroa), herrian urtero ospatzen den Artzain Egunean. Munduko kontseiluak eman dio baimena selekzioari ofizialki parte hartzeko; horrela, aukera izango du 2026. urtean Munduko Txapelketan lehiatzeko, Zeelanda Berrian.

Joseba Attard Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko (EAME) lehendakariak munduko kontseiluaren aurrean egindako aurkezpen batek balio izan du, hein batean, hura osatzen duten herrialdeak konbentzitzeko. Hitzaldi hartan, azaldu zuen Euskal Herriko kulturan «garrantzi paregabea» dutela artzaintzak eta ardien ile mozketak, eta nabarmendu zuen lan handia egiten duela EAMEk tokiko «tradizioak zaintzeko eta lehenengo sektorea babesteko». Kontseilua osatzen duten herrialde guztiek onartu dute nazioarteko txapelketetan parte hartzeko euskal selekzioaren eskaria, besteak beste Espainiak eta Frantziak.

2026. urtean izango da Munduko Txapelketa, Mastertonen (Zeelanda Berria), eta dagoeneko hasiak dira euskal selekzioa osatuko duten kideen bila. Bederatzi lagun beharko dituzte: makinarekin jardungo diren bi moztaile, artaziekin jardungo diren beste bi, bi artile kudeatzaile, epaile bat, entrenatzaile bat eta, azkenik, taldeburu bat. Adierazi dute, hori bai, horretarako babesa eta laguntza behar dituztela. Euskal Herriko ardi moztaileen proiektuak baditu adar gehiago: 2025ean Euskal Herriko Txapelketa antolatu nahi dute, eta, horretarako ere, bazkideak, babesleak eta antolaketa batzorde bat behar dituzte.

Kide berria

Munduko Txapelketa hiru urtean behin egiten da. Zein da, baina, txapelketaren dinamika? Herrialde bakoitzak bi lehiakide eraman ditzake modalitate bakoitzean: eskuzkoan eta makinazkoan. Bietan, egindako lanaren iraupena eta kalitatea hartzen dituzte kontuan epaileek.

Makinaz egindako mozketetan, esaterako, denbora epaileak esatean hasten da, eta ilea moztu, eta ardia itxituran sartu eta makina itzaltzean amaitzen da. Txanda bakoitzean, mozten emandako 15 segundoko puntu bat ematen zaio moztaileari. Kalitateari dagozkion puntuak, berriz, honela lortzen dira: epaileek emandako balioak txanda bakoitzean moztaileak moztutako ardi kopuruarekin zatitzen dira. Gutxi gorabehera, moztaile bakoitzak hogei ardi inguru mozten ditu 15 minutuan.

Australiako Golden Shear World Council kontseilua da ekitaldiaren antolatzailea. Haien webgunean irakur daitekeenez, bi dira elkartearen helburuak: batetik, «artilearen eta mozteko prozesuen inguruko interesa sustatzea», eta, bestetik, horri dagozkion lehiaketak, txapelketak eta erakusketak laguntzea. Guztira hamabost herrialdek osatzen dute elkartea: Zeelanda Berriak, Australiak, Hegoafrikak, Irlandak, Ingalaterrak, Eskoziak, Galesek, Ipar Irlandak, Man uharteak, Espainiak, Frantziak, AEB Amerikako Estatu Batuek, Alemaniak, Norvegiak eta Austriak. Orain, beste kide bat izango du: Euskal Herria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.