Familiatik datorkio Mariane Santamariari (Laudio, Araba, 1968) odolosteak egiteko ohitura, eta urteak daramatza horretan. Lanean bizi ditu jaiak Santamariak, baina, Odoloste Egunaz eta Kofradiaren Egunaz gozatu ahal izaten du.
Zergatik ospatzen da Odoloste eguna?
Zehazki zergatik, ez dakit. Baina, urte askotako tradizioa da. Uste dut 1599. urtetik datorrela ohitura; hasieran, akerrak hiltzen zituzten, eta herriko jendeak bazkari bat egiten zuen. Orduan, sobran gelditzen zen odola aprobetxatzeko, odolosteak egiten hasi ziren.
Nondik datorkizu ohitura odolosteak egiteko?
Familiatik datorkit; aitaren partetik, familiak beti egin izan ditu odolosteak. Laudion baserri baten bizi ziren familiakoak, eta nire amonak, nire birramonak... Guztiek betidanik egin izan dituzte.
Berezitasunik badu Odoloste Egunak?
Bai, Laudioko jendeak, dagoen lekuan dagoela, berarekin eramaten ditu odolosteak. Esaterako, orain, herriko batzuk Malagan daude, beste batzuk Italian edo Ingalaterran. Horiek ere ospatzen dute eguna, odolosteak aurretik erosten dituzte, doazen lekura eraman, eta tokian-tokian jaten dituzte, herriko festa ospatuz.
Zer osagai behar dira odolosteak egiteko?
Guk beti egiten dugu errezeta bera, amonaren errezeta. Arroza dauka, porruak, gurina, txerriaren odola, tipula, espezieak, gatza, piperbeltza... Gero bakoitzak nahi duena: batzuei gustatzen zaie perrexila botatzea; beste batzuei, berriz, oreganoa... Kontsumitzaileen gustuaren arabera izaten da; batzuek nahiago izaten dute porru gehiagorekin, besteek tipula gehiagorekin...
Ohitura dauka herriko jendeak odolosteak etxean egiteko?
Badago jendea etortzen dena gure harategira eta odolosteak egiteko osagaiak erosten dituena, gero etxean egiteko. Baina, egia da gero eta gutxiago gertatzen dela hori. Emakume nagusiak dira odolosteak egiten dituztenak eta gero eta nagusiagoak dira orain. Seme-alabek ez dute odolosteak egiteko ohitura jarraitzen,oro har, beraz, etxean odolosteak egiteko zegoen ohitura joaten ari da.
Zenbat odoloste egiten dituzue egun hauetan eta zenbatean dago kiloa?
Zenbat egiten ditugun ez dakit, dakidana da asko egiten ditugula. Odoloste kiloa, gutxi gorabehera, hamar euro inguruan ibiliko da. Hala ere, odolosteak egiteko moduaren arabera; zer osagarri jartzen zaien, osagarri bakoitzaren kantitatea...
Nola bizi dituzu jaiak?
Nik, nagusiki, lanean bizi ditut. Niretzat, Laudioko jaietako egunik politenak dira Odoloste Eguna, Kofradiaren Eguna eta Txupinazoaren eguna. Izan ere, egun horietan egoten da animazio gehien. Gainera, niri gustatzen zait ospatzea zerbait gure arbasoek ospatu dutena eta gure ondorengoek ospatuko dutena.
Non egiten duzu Odoloste Eguneko jana?
Gure harategian lanean aritu garen guztiak, familia eta lagunak, biltzen gara odoloste egunean eta kalera irteten gara afaltzera.
Mariane Santamaria. Odoloste artisaua
«Odolosteak etxean egiteko zegoen ohitura joaten ari da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu