Janicza Bravo zinemagile estatubatuarrak zuzendua (Poker Face, Mrs America) eta Element Pictures-ek ekoiztua —Normal People eta Poor Things-en ekoizleak—, Jordan Tannahill idazlearen izen bereko eleberrian oinarritzen da proposamen hau.
Liburua Ameriketako Estatu Batuetan girotuta dagoen arren, Erresuma Batu bitxi eta zehaztugabe batera bidaiatuko dugu ikus-entzunezkoan. Claire Kutty (Rebecca Hall) ingeles irakaslearekin egingo dugu topo; hura da protagonista nagusia, eta beste inork entzun ezin duen soinu batek oinazetzen du. Hainbat medikurengana joan arren, inork ez du lortuko gertaera horren zergatia argitzea. Itxuraz kalterik egiten ez duen soinu txiki bat besterik ez da, baina Claireren egunerokoa zapuztu egingo du pixkanaka: senarrarekin eta alabarekin duen harremana bere obsesioaren zamapean hondoratuko dira.
Osagai horiekin guztiekin, proposamen ausarta osatu du Janicza Bravok: ezin hobeto orekatu ditu tentsio psikologikoa, atmosfera kezkagarria eta narratiba dramatikoa. Etengabeko ziurgabetasunean murgilduko du ikuslea, eta errealitatearen eta pertzepzio subjektiboaren arteko lerro mehea aztertuko du.
Kontakizunaren oinarria Rebecca Hallen pertsonaia da: Hallek antzezpen lan nabarmena egin du. Pertsonaiaren obsesioa eta bakartzea transmititzeko duen gaitasuna funtsezkoa da telesailaren narratiba elikatzeko.
Soinuak garrantzi berezia du; istorioan, noski, baina baita forman ere; beraz, gomendagarria da telesaila entzungailuekin ikustea. Burrunba hobeto entzungo duzue, soinu diseinuak dituen ñabardura guztiak sakonki aztertuko dituzue, eta murgiltze esperientzia aberasgarriagoa izango duzue oro har.
Istorioa garraiatzeko erabilitako forma deigarria da, baina baita edukia ere: hainbat gai jorratuko dira fikzioan, baina bereziki interesgarria da gaslighting delakoa. Indarkeria psikologikoaren aldera sotil bat da, pertsona batek bestea isilean manipulatzea. Izendapena film batetik hartutakoa da. Konstruktu psikologiko gisa erabat zehaztuta ez dagoen arren, honela defini daiteke: pertsona batek beste bat manipulatzea, zalantzan jar ditzan bere pertzepzioak, esperientziak eta gertaerak ulertzeko modua.
Errealitatetik elikatzen?
Ekoizpenean ageri dena ez omen da fikzioa guztiz. Munduko biztanleen % 4k diote etengabe entzuten dutela frekuentzia baxuko zarata hori, ia bibrazio bat balitz bezala. Jordan Tannahillek, telesailaren oinarri den eleberriaren egileak hala dio: «Behin burrunba entzuten duzunean, ezin diozu entzuteari utzi». Fenomeno hori 70eko hamarkadaren erdialdekoa da; Bristolgo (Erresuma Batua) dozenaka herritarrek salatu zuten «burrunba» delako bat entzuten zutela: «Hasieran soinu mingarri baina kaltegabea zen horrek ondorio larriak izan zituen azkenean biktimentzat; are gehiago, fenomeno hori bi suizidiorekin ere lotu da». Jatorria inork zehaztu ez duen arren, hainbat teoria zientifiko daude munduan zehar: olatu ozeanikoekin, naturako fenomeno geo-zientifiko ezezagunekin eta 5G delakoak eragindako uhin elektromagnetikoekin lotu izan dute zarata hori.
FITXA
- Sortzailea.
Janicza Bravo
.- Herrialdea. Erresuma Batua.
- Aktoreak. Rebecca Hall, Gayle Rankin, Amr Waked eta Karen Henthorn.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Filmin.
- Atal bakoitzaren iraupena. 43 minutu.
- Generoa. Drama, thriller psikologikoa.