Burdinezko xafla beltzez babestuta dago Gipuzkoako ondarearen laurogei mila objekturen jauregia, Irunen (Gipuzkoa). Laurogei mila, oraindik zenbatu gabeko pieza arkeologikoak kontuan izan gabe; horiek oraindik kutxetan daude, eta berrehun mila inguru izango direla uste dute.
2009 eta 2011 artean eraiki zuten Gordailua, Union Radio Irun enpresa zegoen tokian. Bederatzi mila metro karratuko azalera dauka, eta hiru solairu, Gipuzkoako ondare etnografiko, artistiko, industrial eta arkeologikoa bildu, zaharberritu eta ezagutarazteko. Baina ez soilik Foru Aldundiaren ondarea mantentzeko Gordailuaren jabea da: San Telmo Museoaren eta beste hainbat erakunderen jabetzakoak diren piezak ere gordetzen dituzte.
Carlos Olaetxea Gordailuko zuzendariak indargune nagusitzat jo du hori: «Gordailuaren berezigarria da hainbat erakunderen piezak jasotzen dituela». Museoen eta erakundeen jabetzako piezak ez ezik, baita enpresa publiko zein pribatuenak ere.
Trukean, enpresa horiek konpentsazioren bat ematen diete, edo bekaren bat eskaintzen dute Gordailuan bertan lan egiteko: «Bilduma publikoei ez diegu ezer eskatzen, baina bilduma pribatuek tarteka dohaintzan eman behar izaten digute piezaren bat». Zuzendariaren arabera, Gordailura jotzen dute bildumak «baldintzarik onenetan» gordetzeko.
Piezak ez daude jabearen arabera sailkatuta, denak nahastuta baizik, bilduma bakar bat osatuz. Gero, kontserbazio beharren arabera antolatzen dituzte, eta ondoan egon daitezke Basterretxea familiaren eta Irungo Udalaren artelanak. Hortaz, elkarlana beharrezkoa da, piezak ez errepikatzeko eta falta diren hutsuneak betetzeko. Horregatik, erosketak elkarrekin egiten dituzte.
Ondarean barrena
Lehen solairuan, lurra eta paretak zuriak dira, eta langileen bulegoak, liburutegia eta ikerlarien laborategiak daude. Lanean daude, nor bere eginkizunetan: bizitza dario tokiari, biltegi bat izan arren.
Beheko solairura jaitsita, ordea, grisa nagusitzen da, hezetasun aldaketarekin batera. Bulegoaren ordez, industria gune baten itxura du, eta gela ugari daude, bakoitza bere funtzioarekin.
Gela horietako batean dago Gordailuaren bihotza. Bi konpresoreren bidez kontrolatzen dituzte eraikin osoaren tenperatura eta hezetasun erlatiboa. Ezinbestekoa da hori, objektuak ondo kontserba daitezen. Pisu horretan, adibidez, hezetasunak %65etik beherakoa izan behar du.
Alboko gela batean igerileku bat dago. Itsasoan aurkitutako piezak hor egoten dira gezatzen, gatza kentzen. Ondoren, elektrolisia deituriko sistema baten bidez oxidoa kendu, eta zaharberritzeko prestatzen dituzte. Igerilekuan dago, esaterako, Hondarribian (Gipuzkoa) aurkitutako anfora erromatar bat.
Anoxia egiten diete Gordailura eramandako pieza guztiei: burbuila batean sartu, eta oxigenoa kentzen diete, eta nitrogenoa sartu. Hiru astez izaten dituzte gela horretan. «Bizitza desagerraraztea» da helburua, Olaetxearen esanetan: onddoak, zomorroak, sitsak... suntsitzea. Esporak geratzen zaizkie, ordea, eta horregatik da garrantzitsua hezetasuna eta tenperatura etengabe kontrolatzea.
Gero, erregistro gelatik pasatu behar dute objektuek. Dagokien QR etiketa jartzen diete, pieza geolokalizatzeko. Piezek ez ezik, apal, armairu eta kaxa bakoitzak ere identifikazioa dauka; dena dago sailkatuta, berehala aurkitzeko moduan.
Alboan dauka zaharberritze gela. Hainbat langile dabiltza, xehetasunik txikienak ere errespetatuta, foku artean lanean. «Hamar lagun egon daitezke gela honetan lanean; zazpi langile finko gaude Gordailuan, eta, proiektuaren arabera, enpresa txikiak kontratatzen ditugu», dio Olaetxeak.
Hor amaitzen da pieza bakoitzak Gordailuan sartzeko egindako ibilbidea: anoxia, erregistratu, argazkiak atera, katalogatu, eta biltegiratuta. Apaletan sailkatzen dituzte, tamainaren arabera.
Baina nola erabaki zer gorde eta zer ez? Aukeraketa egiteko irizpideen inguruan, hau azaldu du Xabi Kerejeta etnografo teknikariak: «Orain gure joera da ondo dokumentatutako elementuak jasotzea; asko jasotzea baino gehiago, ondo ezagutzen ditugunak», adierazi du.
Ondare etnografikoa aukeratzearen zailtasunaz mintzatu da: «Ondare arkeologikoa, berez, definizioz, da ondare. Etnografian erabaki behar da zer gorde behar duzun. Askotan gauza arruntak dira, eta erabaki behar da zer izango den hemendik aurrera ondarea eta zer ez». Biltegiko apal handi batean dagoen bizikleta bat erakutsi du hitz horiek esatearekin batera. Eibarren egina da, eta esan du jendea harritu egiten dela hura ikustean. Garai, egoera koiuntural edo gizarte baten lekuko izan behar dute pieza etnografikoek, ondare izendatuak izateko: «Guretzat, irizpidea da pentsatzea: honek esango digu zerbait etorkizunean gure gizarteari buruz?».
Museo irekia
Beste erronka bat plastikoarena da, gaur egun plastikoz beteta daudelako objektuak, eta kontserbatzeko oso zailak direlako. «Paradoxikoki, duela 200 urteko burdinazko elementu bat egoera hobean egongo da duela 60 urteko plastikozko bat baino», gaineratu du .
Hilero, azken ostiralean, bisita gidatuak egiten dituzte eraikinean. Ikerlarientzat ere ateak irekita daude, eta erakusketetara bildumak ateratzen saiatzen dira. «Gure zeregin nagusia piezak ondo kontserbatzea da, eta horretan gabiltza buru-belarri. Baina saiatzen gara bildumak ateratzen, aldi baterako erakusketetan egon daitezen», esan du Olaetxeak.
Bisitarien profilari dagokionez, «denetarik» joaten da, baina gehienbat jende heldua, Kerejetaren arabera. Etnografo, historialari edo arkitektoez gain, kontserbazioan ibiltzen diren pertsonak ere joan ohi dira, eraikina bera interesatzen zaielako.
Egun, azaleraren %80 okupatuta daukate, hasieran eramandako dena sailkatu, eta pixkanaka pieza berriak jaso edo erosi dituztelako. «Hasieran oso toki zabala geneukanez, oso modu zabalean kokatu ditugu orain arte piezak», diote. Pieza handiak iritsiz gero, gainezka egiteko arriskua daukate. Aurrera begirako erronkak, hortaz, daukaten materiala trinkoago gordetzea eta ondarea zabaltzeko lanean jarraitzea dira.
Objektuei esker, garaien lekuko
Irungo Gordailuak hamar urte beteko ditu ekainean. Gipuzkoako ondare artistiko, arkeologiko, industrial eta etnologikoa bildu, zaharberritu eta ezagutaraztea du helburu. Piezak kontserbatzeaz gain, bisita gidatuak antolatzen dituzte, eta bildumak erakusketetara eramaten saiatzen dira, herritarrek ikus ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu