Fermin Aio. 'Oinatz galduak' dokumental saioko zuzendaria

«Objektiboa izatea zaila da; zorrotzak izaten saiatu gara gu»

Igandean estreinatuko du ETB2k 'Oinatz galduak-Las huellas perdidas' dokumental saioa (22:30). Iraganaren «memoria kritikoa» egiteko eskatu dio Jaurlaritzak Fermin Aiori.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2016ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Urte «gogorra» izan da Fermin Aiorentzat (Getxo, Bizkaia, 1970), baina, aldi berean, «aberasgarria» eta «ardura handikoa». Oinatz galduak saioko dokumentalak lantzeko, Aiok gertu izan dituAmaia Caiero, Joseba Urkiola, Joseba Arruti, Igor Olaeta, Maider Egues —lehen bi ataletan— eta Salva Rodriguez.

2014an Reconciliación dokumentala zuzendu zenuen, indarkeriak hildakoen seme-alaben lekukotasuna jasotzen zuen lana. Oinatz galduak lanerako baliagarria izan zaizu hura?

Bai, hura izan zen nire lehen hurbilpena indarkeriarekin lotutako gaietara. Asko ikasi nuen, eta beste honetarako asko balio izan dit.

Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak zer helburu jarri dizuete lana osatzeko?

Euskal Herrian gertatu denaren memoria kritikoa egin behar genuela esan zigun. Helburutzat jarri zuten saioa izatea plurala eta 1950etik 2011ra kronologikoa.

Objektibotasuna ere aipatu zuen Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak EITBrekin sinatutako akordioan. Objektibotasuna lortzea ez da erraza izaten.

Objektiboa izatea oso zaila da. Noren ikuspuntutik da plurala, orekatua edo objektiboa? Bakoitzak bere ikuspuntua dauka. Gu saiatu gara zorrotzak izaten. Zenbat eta jende gehiago elkarrizketatu, orduan eta hobeto. Aholkulari batzorde bat izan dugu.

Batzorde editorial edo aholku emaile horretan Juan Pablo Fusi, Mariano Ferrer eta Mari Karmen Garmendia aritu dira. Nola izan da elkarlana haiekin?

Gidoiak egiteko orduan, beraiek begiratu egiten zituzten, eta beraien ikuspuntua ematen zuten. Iritzi hori ez zen bete beharrekoa, baina ekarpenak oso interesgarriak izan dira. Lana asko aberastu dute. Atala amaitutakoan, ikusi egiten zuten, eta iritzia eman. Batzar luzeak egiten genituen.

Hizkuntzaren aldetik, zer proportziotan azaltzen dira euskara eta gaztelania?

Elkarrizketa batzuk egin ditugu euskaraz, eta beste batzuk gaztelaniaz. Edizioan bertsio bakarra egin dugu, eta euskarazko lekukotzen ehunekoa %30 da. Euskaraz azalduko dira lekukotza horiek, gaztelaniazko azpidatziekin.

ETB1en emango al dute saioa?

Uste dut baietz. Baina oraindik ez dago programatuta.

Zergatik da garrantzitsua gizarte batentzat iraganaren memoria kritikoa egitea?

Lana egiten entzun dugunagatik eta ikasi dugunagatik aberasgarria izan da. Saiatu gara agertzen diren 65 elkarrizketatuek —25 emakume eta 40 gizon— lehen pertsonan kontatzea bizi dutena. Lortu duguna da haiek azaltzea zergatik hartu zituzten erabakiak une jakin batean, eta zerk bultzatu zituen horretara. Adibidez, zerk bultzatu zuen Karmen Gisasola ETAn sartzera.

GALen garaian gobernu eta aginte karguetan zeudenek, adibidez, egiten al dute iraganaren memoria kritikoa?

Historiaren parte hori kontatzeko artxibo irudi asko begiratu ditugu. Adierazgarria izan da aurkitzea Rafael Veraren duela bi urteko adierazpen batzuk. Verak orduan esan zuen GAL ez zegoela ongi egina, baina zerbaitetarako balio izan zuela. Horrek erakusten du ez dagoela autokritikarik.

Zure ekoizpen etxeak, Filmak Mediak, Ur handitan saioa egin zuen iaz, tarteka gatazka politikoa jorratuz. Ez al da falta ETB1en horrelako saio bat?

Bai, nabaritzen dut falta. Hurbiletik ezagutu nuen nola egiten zuen lana. Erreportaje oso politak egin zituzten. Kate publikoek zein pribatuek halako saioak egin behar dituzte, are gehiago publikoek.

Nola dago egoera zuena bezalako ekoizpen etxeentzat?

Txarto. Urte gogorrak izaten ari dira. Diru gutxi dago, eta presio asko. Sektorea ez dago ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.