Inauterietako bosgarren eguna da Tolosan (Gipuzkoa): Astelenita. Denentzako ez da jaieguna, ordea: goizean goizetik ari dira garbitzaileak kale bazterretan bezperan pilatutako zaborra biltzen. Kazetariak ere lanean dira, gertatzen den guztiaren lekuko izan nahian. Kamera bana sorbalda gainean hartu eta San Frantzisko kalera abiatu dira bi kazetari, objektiboa dantzan jartzeko asmoz. Botoi gorria zapaldu dute: grabatzen.
Berehala egin dute topo jendetzarekin: karrozak prest daude, eta aisialdi taldeetako haurrak eta hezitzaileak hasi dira entseguak egiten. Kazkabarra aisialdi taldekoen artean sartu dira, hasteko. Begiraleak estralurtar jantzita daude, baina haur batzuk bikingo, besteak erromatar... Irati Lizeaga eta Maddi Esnaola begiraleek azaldu dute mozorroen arteko lotura. «Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Batxilergora arteko haurrak ditugu taldean. Denboraren makina gara; beraz, txikienetik handienera doaz, Antzinarotik hasi eta etorkizuneraino», esan du Lizeagak. Neskato bati erromatar toga askatu zaio, eta Esnaolari eskatu dio laguntza, berriro lotzeko. «Prestaketak ondo joan dira, lana eduki dugu, baina ondo. Gustura egiten dugun gauza bat da, azkeneko egunean gero denak ondo pasatzeko; orduan, ez da hain esfortzu handia guretzat», esan du Esnaolak, toga lotu ondoren.

Atsedena aisialdi taldeko lagunek hartu diete dantzatzeko lekukoa Kazkabarrakoei, eta haien atzetik joan dira kamerariak ere. «Atsedena, prest? Orain bai, erakutsiko al dugu ikasi dugun guztia?», esan diete begiraleek haurrei, bozgorailuetatik. Zetak eta Neomak taldeen Aralarko dama kantuari jarraituz dantzan hasi dira haurrak, momoxorroz, zanpantzarrez, zakuzaharrez eta Miel Otxinez mozorrotuta; sakabanatuta lehenik, eta elkarrekin gero. Maddi Bengoetxea da begiraleetako bat: «Euskal Herriko inauteriak aukeratu ditugu aurten gaitzat, eta mozorro tradizionalak dira guztiak: batzuk Iparraldekoak dira, besteak Bizkaiko kostakoak... Lehentasuna da umeak protagonista izatea: haiek egiten dute dantza, eta haiek gidatzen dute dena. Begirale asko gara aurten; beraz, denon artean espero dut ondo ateratzea».

Kamera aulki batean utzi, eta atseden txiki bat hartzeko aukera izan dute bi kazetariek. Jende gehiago ere ikusi dute lanean, haien moduan. Zaintza langile batzuk gurpil aulkian trafiko seinalez mozorrotuta dauden adineko batzuei tiraka ari dira; jaka horiak dituzte soinean, TAOko langileen trankeran. «Txaranga pasatzen denean hasiko gara dantzan», esan dute bozgorailuetatik Kirikiñoko begiraleek, eta kamerari heldu diote berriro ere kazetariek. Alvin eta urtxintxak filmeko katagorriz mozorrotzea erabaki dute aurten, eta, buztan eta belarriez gain, jertse gorriak, berdeak eta moreak dituzte soinean. Eli Moreno eta Mikel Iturrioz dira bertako begiraleak: «Jertseak zozo samarrak geratu zaizkigu, baina koloretsuak dira, behintzat; umorea guk jarriko diegu!». Abestiak ere moldatu dituzte: filmeko protagonisten ahotsek duten iragazki berarekin aditu dira Beyonceren Single ladies eta Black Eyed Peas taldearen I gotta feeling.
Inauterietan ere protestan
Mexikoko Hildakoen Egunerako mozorrotutako jendea, tximinia garbitzaileak, erlezainak eta tronpeta jotzaileak ari dira haurren dantza saioei begira. Eta planoak hartu eta hartu ibili arren, kazetariek ezin diote gaurkotasunari izkin egin inauteriak izanda ere. Fronton tabernaren alboan topatu dute Bedaioko (Tolosa, Gipuzkoa) herritarren postua, eta hautetsontzi bat mahai gainean, aldarriz beteta. «Bedaio nafarra da!», «Azkarate izan nahi dugu» eta «ez gaituzue ulertzen, tolosarrak baitzarete» diote kartelek.

Mikrofonoa luzatu diete Ramon Iglesias eta Juanma Ordozgoiti herritarrei. «Bedaioko aferarekin gora eta behera gabiltza. Tolosako herriak ez die kasurik egiten gure aldarrikapenei. Gertuago ere badauzkagu eskaintzak, Amezketa [Gipuzkoa] aldetik-eta, baina guk diogu Nafarroa, Azkarate, gertuago daukagula, lau kilometrora, eta guk nafarrak izan nahi dugula. Hemen gaude, bozketa bat egiteko asmotan». Kazetariek, testuingurua behar izaten dutenez, bertako bizi badintzei buruz galdetu diete: «Bidegabekeria hutsa da bizi garen modua: wifia oso kaskarra, adineko jendeak ez dauka inolako babesik, laguntzako botoiak ere Bedaiora ez dira iristen...», kexu da Ordozgoiti. «Ikusiko dugu herritarrek zer dioten, ea zer emaitza lortzen ditugun. Herriak erabakiko du, edo bestela guk gerorrek, arratsaldean», adierazi du, barrez.
Zaborrontzia daraman kamioia pasatu da San Frantzisko kale ondotik, eta badoa bezperako zaborra eramatera. Kazetariak ere nekatu dira, eta bildu dute nahikoa material. Kamerak itzali eta jaso dituzte; inauteriez pantailarik gabe gozatzeko garaia iritsi zaie.