Objektibo bat argazkilarientzat

Bost argazkilarik 2014. urtean eurek lortutako irudirik gogokoena aukeratu dute, eta iragandako urteak euren lanean zein argazkigintzan oro har zer eragin duen hausnartu dute. Argazki kazetari, artista edo esperimentuzaleak izan, hasi berria den urtetik zer espero duten ere adierazi dute.

Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Urteak badoaz, baina argazkiak geratu egiten dira. Argazkigintzaren munduan dabiltzanentzat, enkarguen eta lan pertsonalen arteko oreka bilatzeko urtea izan da 2014a. Batzuek, euren lana ulertu ez dutenei entzungor egin diete, eta ulertu dutenen saria jaso dute. Argazkigintza digitalaren apokaliptikoen beldurrak baieztatu ditu urteak, eta beste argazkilari batzuek, sortzaile gisa irautearren, elkartzeko beharra sentitu dute, eta, horri erantzunez, egitasmo ausartak abiatu dituzte.

Hegaluze latetan, jatekoa interesatzen zaio herritar arruntari, eta baita argazkilari gehienei ere. Nagore Legarretari, ordea, latorrizko ontziak sortzen dio gosea. Argazkigintza estenopeikoan aditua da Legarreta (Hernani, Gipuzkoa, 1981), hau da, kutxa edo ontzi bat kamera gisa erabiltzen du, eta jostorratz batekin eginiko zuloa du objektiboa. Bost kiloko hegaluze latak erabiltzen ari da Hysterion egitasmo pertsonalerako. Urte hasi berrian egingo du lana, eta 2016rako bi erakusketa egitea pentsatzen du. Bere lanik «garatuena» izango dela dio. Iraganeko urtean argazkilari askorentzat «oreka bilatzea» izan da erronka, Legarretaren arabera. «Norbere proiektuak aurrera ateratzeko behar den denbora eta baliabideak lortzeko, alde batetik; eta, bestetik, nola kudeatu jaten ematen dizun lanak lan propioak garatzeko tartea eta energia jan ez dezan».

Igotz Ziarretaren (Meñaka, Bizkaia, 1977) lana askoren erretinan geratu da 2014an. Bartzelonako Fitur turismo ferian Euskadi Basque Country gunerako prestatu zuen Itsasoa argazkiarekin eztabaida handia sortu zuen. Euskal Herriko folklorea osagai modernoekin nahasten ditu Ziarretak, umore handiz. Batzuek ez zuten ulertu, baina aipamen berezia eman zioten antolatzaileek guneari. Artista, aurten, «kreatiboki» oso gustura sentitu da. Legarreta bezala, buruan dituen ideiak gauzatzeko denbora gutxi eduki izanaz kexu da. Hala ere, pozik dago enkarguz eginikoekin ere. Tartean dira Bartzelonako Euskal Etxerako hilero landu dituen irudiak eta Meñakako jaietako argazkia. Egin nahi zuen guztia egin ezin izanak «ilusio eta gogoarekin» utzi du urte hasi berrirako.

Gari Garaialderentzat (Irun, Gipuzkoa, 1972), «oso gorabeheratsua» izan da 2014. urtea. Bostok argazkilari taldearen lehen urtea izan da, «ideia martxan jarri eta forma ematen hasteko urtea». Dioenez, dena ez da taldekideek nahi zuten bezala atera, baina argi daukate taldeak luzaroan jarraituko duela. Beste egitasmo batean murgildu dira, gainera: Iheslarien inguruko Kaxa hutsak. Garaialderi «mundu berri bat ezagutzeko aukera» eman dio egitasmoak. Izan ere, argazkilariek beraiek egin dute lan guztia, hutsetik, kontrol osoarekin: «Proiektua pentsatu, definitu, idatzi, aurkeztu, laguntzak bilatu...». Bulego lan horren eraginez, ordea, beste urteetan baino argazki gutxiago atera ditu. Edonola ere, egin dituenak zergatik eta zertarako egin inoiz baino gehiago pentsatu duela dio.

Fotokazetaritzan 2014. urteak «irudi indartsuak» eman dituela dio. Ukrainako gatazkak «estetika ezberdin bat» izan duelako, «europarra». Gazako bonbardaketako irudi «gogorrak» ere nabarmendu ditu, eta ebolaren gaiak utzitako «lan interesgarriak».

Angela Mejiasek (Extremadura, Espainia, 1958) Lapurdiko kostaldetik begiratzen dio munduari, eta ez du begi onez ikusten argazkigintza digitala: «Ez zaigu sinpatikoa suertatzen neure espezieko cro-magnonoi». Dioenez, «kleenex argazkigintza» nagusitu da 2014. urtean ere. «Argazkia ikusi, eta, gustuko ez baduzu, bota egiten duzu». Horrela deskribatzen du gaurko argazkigintza prozesua. «Jada ez dute jakin-min hori, itxoin eta egin dutena ikusteko». Argazki digital «perfektuak, arimarik gabekoak» nagusitu dira. Eta txarrena zera da, Mejiasen arabera: «Ezin duzu lan egin egunkarientzat digitalarekin ez bada, dena oso azkar egin behar delako». «Ez dago denborarik sentimenduetarako, dela begirada bat, dela haizea zuhaitzen hostoekin jolasean».

Ez da iritzi berekoa Jon Cazenave (Donostia, 1978): analogikoa edo digitala izan, «teknika mezuaren zerbitzura dago». Gure artean, argazki liburuek izaniko eztandaz mintzatu da argazkilari donostiarra 2014. urteaz mintzatzeko orduan. Bostok taldeko Garaialde bezala, argazkilarien autoantolakuntza nabarmendu du Cazenavek.

Autoedizioak aukera eman die argazkilariei gauzak nahi duten moduan argitaratzeko, prozesua «asko merkatu» delako. Horrez gain, argazkigintzaz hitz egiteko eraturiko klubak aipatu ditu. Donostian eraturiko Photobook Clubeko partaidea da Cazenave. Denon artean eta elkarlanean argazkigintza «beste leku batera» eramaten ari direla dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.