«Giro herrikoi bat sortzen saiatzen gara». Marilou Lapeyrade Zizpa gaztetxeko bozeramailearen hitzek forma hartu zuten beste behin Baionako Patxa plazan, kasu honetan, herri bazkariarekin. Larunbata izaki, Gazte Eguna ospatu zuten beste urte batez, bazkari, kantu, kontzertu, dantza eta, batik bat, giro onarekin.
Bazkarian, 80 bat lagun elkartu ziren atzo. Egun hauetan bestetan egindakoaz, albisteetan entzundakoaz eta kontzertu hau eta beste komentatuaz aritu ziren, besteak beste: herri bazkariak horretarako baitira, patxadaz hitz egiteko eta, ahal bada, mundua konpontzen saiatzeko.
Eonian elektrotxaranga Gipuzkoatik etorritako taldeak kantuan eta dantzan jarri zuen jendea, bazkarian bapo bazkaldu zutenak zein girora hurbildu zirenak. Elektrotxarangak jarritako martxari lasaitasuna ekarri zion Antton Larrandaburu eta Bitxiloreak taldeak: aurten atera duten diskoa aurkezteko aukera izan zuten. Batzuek eskertuko zuten arratsalde erdian kontzertu lasai bat egotea, gaua luzea izan baitzen hainbatentzat, antza.
Gorputza gehiago mugitzeko aukera eman zuen taldea etorri zen gero, Foisis Jaunak. Itsasuko (Lapurdi) taldeak Itoiz talde mitikoaren bertsioak egiten ditu: izena ere Itoizen kantu batetik datorkio, lehen diskokoa. Foisis zen Itoizen beste mugarrietako bat, Jose Garate, hain zuzen ere. Nostalgikoenek gozatu ederra hartu zuten, hain segur. Gaua Garilak 26 taldearen dantzaldiarekin bukatu zen, Zea Mays taldearen kontzertuaren ondoren.
Giro ona izan zela ez dago zalantzarik. Giro «euskalduna eta herrikoia» izan zela nabarmendu zuen Lapeyradek: «Horri deitzen diogu alternatiboa, herriko etxeak proposatzen duenari konparatuz, hala baita. Baionako bestak helburu ekonomiko bat du, dena kario da, eta, aurten, gainera, sarrera ordaindu behar da. Guk ez dugu bat egiten gaur egungo besta ereduarekin: gure hiria bost egunez norberaren etxean egiten ez diren zernahikeriak egiteko gune bat bilakatzen da».
Izan ere, Zizpa gaztetxeko kideei «ezinbestekoa» iruditzen zaie Euskal Herriko eta Baionako kulturaren «oinarri» den hizkuntzak presentzia «pribilegiatua» izatea eta festen programazioaren barruan presentzia bermatzea. «Erran izan dugu jadanik Baionako bestek euskararen eta euskal kulturaren erakusleiho izan behar luketela. Kultur aniztasunaren aldekoak gara, noski, baina bost egun hauetan euskararen falta handia sentitzen dugu». Eta horri lotuta aurtengo berritasuna: dokumentu txiki bat atera dute, Patxa plazan proposatzen dena eta euren ideiak azaltzen dituena: «Horrela, jendearekin horretaz hitz egiteko denbora dugu, edo agian ez, baina hori proposatzen dugu jendeak irakur eta uler dezan zertan ari garen gure Patxa plazan».
Elkarlanean aritzeak dakartzan onuren jabe ere badira festa alternatiboko antolatzaileak, eta ongi dakite horren gabeziak zer dakarren: «Baionako bestak herritarren parte hartze murritzarekin antolatuak direla ikusten dugu. Herritarrak kontsumitzaile soilak bezala kontsideratzeak ondorio larri anitz ditu: gainkontsumoa, arduragabekeria... Herritarren parte hartzea bultzatzen duen besta ereduaren aldekoak gara, herritar orok bere iritzia emateko aukerak sortuz, festa herrikoi eta arduratsuago batzuk sortzearen aldekoak gara, herriaren beharren eta gogoen araberakoak».
Besta errespetuz
Baionako bestetan oasis txiki bat da Patxa plaza, askok eta askok lasai arnasa hartzen duten tokia. Herriko etxeak eskaintzen duen ereduarekin ados ez, eta bestelako jai moldea aldarrikatu eta proposatzen duen beste toki bat Patxoki da, Patxa plaza kolektiboko beste kide bat. Gaur egun, duela bospasei urtetik, Bizi mugimenduak kudeatzen du Patxoki, eta hango kide Mattin Ihidope horrelako gune batek Baionako bestetan duen garrantziaz mintzatu da: «Besta eredu alternatibo bat proposatzea eta besta errespetuz egiten den leku batzuk antolatzea garrantzitsua da. Baionan, Euskal Herrian gara, eta euskal kultura presente izan behar da bestetan. Herriko etxearen eskaintza zabala dela ikusten da, baina masazko besta basati batean nahasten da». Masa horretan, Patxa plaza eta beste leku alternatiboak izateari garrantzi handia eman dio: «Garrantzitsua da ikusteko hemen urte osoan ere badela mugimendua, alegia, ez dela Baionako bestetara mugatzen eta urte osoanere beste eredu baten alde lan egiten dugula».
Hori horrela izan dadin, egunero arrautza eta xingar plater merkeak egiten dituzte, eta kontzertuak antolatu. «Euskal kantuekin, adibidez, kanpotarrekin zubi bat egitea da helburua. Kantuen hitzak ulertzen ez dituztenekin denbora bat eskaintzen da hitzen erranahia azaltzeko», adierazi du Ihidopek. «Masa hortik harago, jendeak prezatzen du leku bat izatea Baiona handi honetan, non besta errespetu osoz egiten den».
Zizpa gaztetxea eta Patxokiz gain, badira festa alternatiboa eskaintzen dutenak, Patxa plaza kolektiboaren parte diren Patxondo peña eta Mami Txula ostatua, besteak beste.
Ofizialaren barruan
Herriko etxeak proposatzen duen egitarauaren barruan, badira nolabaiteko arnasguneak ere. ELB laborarien sindikatuaren tabernak, esaterako, tokiko produktuekin egindako janaria eskaintzen du Xaho kaian orain bost urtetik. Jacques Portes plaza ere euskal kulturaren leku bihurtzen da arratsaldeetan Karrikaldiri esker. Dantza ikusgarriak, jendeak parte har dezakeen dantza saioak, kontzertuak eta kantuan hartzeko mementoak daude egitasmoaren barruan. Hor ere ikastolako gurasoek ostatua dute. Guillaume Irigoien antolatzaileetako bat da, eta Karrikaldiren garrantzia azaldu du: «Garrantzi historikoa du,lehenik. Duela kasik 30 urte gerora, Euskal Herriko besta guztietan erreferente izan diren ekitaldiak sortu ziren: dantzazpi mutxikoen inguruan dabilena, Baionan kantuz eta Kanta Leon izeneko euskal kantu liburuxka. Horiei esker,bestaren praktikatzeko beste modu bat eman zaio jendeari».
Hiriratzearen garrantzia ere aipatu du: « Ordura arte, gauza horiek naturalki egiten ziren herriko plazetan, eta, herriak hiritzen ari direnez eta euskal kultura hirira sartu behar denez, nolabait horrelako tresnak asmatu ziren, eta horiek dira Karrikaldiren zutabeak». Euskaldunentzat zein kanpotarrentzat «aberasgarri» ikusten du, eta adibide bat jarri du: «Kanpotarrek ikusten dute hor badela zerbait desberdin, eta askotan gertatzen da ostegunean nahigabe deskubritzea, maitatu, eta egunero horra azaltzea».
Festak beste modu batera antolatu eta ospatzen ahal direla frogatu dute egungo festa ereduarekin ados ez dauden taldeek.
Baionako bestak
Oasis txikiak, lasai arnasteko
Gazte Eguna ospatu zuten atzo Patxa plazan. Egungo besta ereduaren alternatiba bat badagoela erakutsi dute, besta herrikoi eta euskaldunak proposatuz eta herritarren parte hartzea bultzatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu