Emilio Soubrierrek eta Ignacio Diaz de Olanok diseinatu zituzten karta sorta espainiarreko irudiak, 1877. urtean, Heraclio Fournierren enkarguz. Soubrier Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea zen, eta Diaz de Olano, ikaslea. Instituzioak 250 urte beteko ditu aurten —Fournier enpresak 155 ditu—, eta urteurrena aitzakia hartuta diseinua berritu dute. Nuria Perez-Karkamo Samaniegok (Gasteiz, 1994) egin ditu ilustrazio berriak, eta Blanca Garaluze Ortiz (Gasteiz, 1994) izan da arte zuzendaria. Perez-Karkamo Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea da, eta Garaluze, Fournier etxeko diseinatzailea.
Karta sorta berriak ez du erregerik, zaldunik eta txotarik. Are, figura guztiak emakumezkoak dira. Zergatik?
NURIA PEREZ-KARKAMO: Arte eta Lanbide Eskola eta Fournier emakumeen historia berreskuratzeko lanean ari ginen lehendik ere. Hortik abiatuta, argi ikusi nuen figurek emakumezkoak izan behar zutela. Gainera, proiektuan bi emakume arituta, zer gutxiago.
Nortzuk dira kartetako emakumeak?
PEREZ-KARKAMO: Batzuek ez dute izen-abizenik. Emakume anonimoak ordezkatzen dituzte. Baina, igeltsuaren multzoko irudiak, adibidez, eskolako irakasle historikoak dira: Daria Imbert, Laura Martinez de Marigorta eta Angela Etxebarria. Nieves Partearroyo eta Alamedako eta Monterhermosoko Markesak ere jasota daude, emakumeen garapenaren alde egindako ekarpenengatik.
Urreen, kopen, ezpaten eta bastoien ordez, igeltsua, haria, metala eta egurra erabili dituzue.
PEREZ-KARKAMO: Eskaiolak urreak ordezkatzen ditu: mundu klasikoa, ezagutza eta pentsamendu maila irudikatzen ditu. Kopen ordez, harilkatu batek ehungintzaren mundua irudikatzen du, historikoki emakumeei lotutako artisau diziplina baita. Metalaren multzoak, arrabolez sinbolizatuta, industriari egiten dio keinu, eta ezpatak ordezkatzen ditu. Eta, azkenik, egurra erabili dugu bastoien ordez, lurraren munduarekin zerikusia duen elementua.
Karta sorta klasikoaren elementurik mantendu duzue?
PEREZ-KARKAMO: Karta sortaren egitura berdina da. Lau multzotan bereizten dira eta bakoitzak hiruna figura ditu. Txotak bakarrik daude, elementurik gabe. Zaldunak eserita ageri dira, zaldirik ez eduki arren. Eta erregeak, erreginak hobe esanda, zutik daude. Beraien irudia apur bat handiagoa da, eta atzean hainbat elementu dituzte.
Zein izan da Fournierren ekarpena?
BLANCA GARALUZE: Nuriaren diseinu originalak jaso genituenean, kartara eraman genituen guk. Irudiak tratatu egin behar izaten dira, findu, garbitu... Era berean, karta bakoitzak marko bat behar du, eta hori diseinatu genuen guk. Multzo bakoitzak bere markoa du.
Atzealdea ere zaindu beharko da.
GARALUZE: Sail guztien nahasketa bat da. Haritzaren hostoak daude, igeltsuaren multzoan agertzen direnak bezalakoak. Puntilla moduko bat, hariaren sailean ere agertzen dena. Torloju batzuk ere badaude, eta egurrezko moldura batzuk.
Zer transmititu nahi duzue karta sorta berriaren bidez?
PEREZ-KARKAMO: Karta sorta honen bidez, Gasteizko kultur garapenean giltzarri izan ziren emakume horiek ezagutzera ematea dugu helburu; ezezagunak ziren horietako asko.
GARALUZE: Sorta bakoitzak beste hamar karta ditu, azalpen eta guzti: testuingurua, sail bakoitzak zer irudikatzen duen, nor den nor...
Zenbat denbora behar da karta sorta bat diseinatzeko?
PEREZ-KARKAMO: Gauza bat da zenbat denbora behar den eta beste bat zenbat izan dugun.
GARALUZE: Iazko azaroan hasi ginen, baina aurtengo urte hasierarekin batera hasi ginen serioago lanean.
Zer izan da prozesuaren gauzarik politena?
GARALUZE: Urteak ziren Fournierrek ez zuela kolaboraziorik egiten, eta berezia izan da Nuriarekin egin ahal izatea. Gainera, prozesu osoa ikusi ahal izan dut: diseinuak nola egin zituen eskuz, karta bihurtu gero, eta orain eskuetan izatea... Oso aberasgarria izan da. Horrelako aukera gutxi izaten dira.
PEREZ-KARKAMO: Eskolari estimu berezia diot. Nire aitonak hemen ikasi zuen, eta gurasoen etxean gordeta dauzkat berak egindako diseinuak. Aukera honek balio izan dit Arte eta Lanbide Eskola beste begirada batekin ikusteko.
Lotsabako
Kartarik gustukoena?
GARALUZE: Hariaren saila. PEREZ-KARKAMO: Niri zaldunen figurak asko gustatzen zaizkit.Zertan jokatuko zenukete?
PEREZ-KARKAMO:Txurruski-n; besterik ez dakit jokatzen. GARALUZE: Gezurtiaren jolasa gustatzen zait niri gehien.Kartetan aritzeko unerik eta tokirik onena?
PEREZ-KARKAMO: Arte eta Lanbide Eskolako liburutegiak toki ona izan behar du. GARALUZE: Ez dago uda giroa bezalakorik kartetarako.