Eñaut Etxamendi. Idazlea eta kantaria

«Nota zaurigarri bat atzeman dut beti gustukoak ditudan melodietan»

Zango zaurituak desberdin egin zuen ttipitatik; apez egin nahi zutela, horrek ere beste zauria eragin zion; herriaren odolusteak ere barnetik zauriturik, bere minak herriaren minak bezala poesia bilakarazten asmatu du, kantuz kantu, plazaz plaza.

Nora Arbelbide Lete.
Bithiriña
2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Euskaraz errotik pentsatzen duen mintzoaren musikarekin oroitzapenak zehazki kontatzen ditu Etxamendik (Ezterenzubi, 1935). Egun osoak behar lirateke guztiaz solastatzeko. Ezterenzubi sorterria, Senegalgo urteak, Baxenabarrekoak, irakaskuntza, laborantza, militantzia, politika, euskara, tesia, «anaia baino gehiago» zuen Eñaut Larralde... Gogoratu du baita lan handia egin duela Luzien Etxezaharretak Maiatzen baitan. Anitz akuilatuz. Bestela ez zuela hainbeste idatziko. Aldi honetan, batez ere estetikaz da aritu, eta horri lotu iturriez, haurtzarotik hasiz. Apez egiteko bidean, aski indar bildu zuela hortik ateratzeko. Maiatz aldizkari literarioak bere lan guztiak sei liburukitan argitaratu dion obra oinarri, kantuen sekretu zenbait azaldu ditu.

Sei liburuki argitaratuak hor dituzu. Zer diozu horietaz? Beti «ebaska» idatziak izan dituzula errana izan duzu.

Ez nuen aizina handirik. Kantaldietan igande gauaren parte on bat galdu eta, zenbait aldiz Bilbo zokoan, biharamunean, iratzarririk nituen orenak lizeoko ene eskolierren kopiak zuzentzen iragaten nituen. Igande arratsalde osoa. Gaixo emaztea eta haurrak, distrakzionez ez ziren aberats. Horien gainera ipuin idazten ezartzea beti zen, tarrapataka. Ene idazkiak kasik gidoi batzuk dira, filmentzat egiten den film idazkiak. Ez dira biziki barnatik landuak. Domaia da, ezen euskara hainbeste maite dut. Aipatzen ditudan gauzak ere bihotzeko gauzak dira denak.

Usu aipatzen duzu zauri bat, zurea, Euskal Herriarena. Nola ikusi duzun Ezterenzubi sorterria husten eta. Zuhaur ttipitan zauritua gelditu zinen. Horrek ere munduaz ikuspegi bat zizelkatzen dizu hatsarretik, ez?

Horren segidak badira anitz, bai. Hasi nintzen pixka bat iratzartzen 12 urtetan. 12 urtetan ezarri ninduten etxekoek Beloken. Nik, alta, banuen ene ideia. Zango bat banuen bost urtetan xintxikaturik izana eta hezurrean sartua gaitza. Estafilokoko sartua. Hezurra ez da sekula ontsa sendatzen. Kronikoa jarri da gaitza. Noizetik noizera hezurra berriz gastatzen da. Atsesak irekitzen eta hezur puska bat kanporat jiten. Eta horrela ene haur denbora, bost urteak haste. Eskolan beti besteen zangoei so egiten nien. Banekien laborantza, eta partikularki Ezterenzubiko laborantza, mendian eta kabalekin, ez zela enetako izanen.

Zein zen zure ideia?

Amaren anaia bat bazen, Joanes. Hark ukana zuen poliomielitisa 15 urtetan. Enbalier gelditua zen bere bizi guziko. Lau errotako aulkian baizik ez zen bizi. Baina espartingile zen. Biziki ontsa irabazten zuen bere bizia. Gerla denbora zen, eta oinetakoak nehon ez ziren atzematen ahal. Bere sortetxea ere laguntzen zuen azkarki. Eta orduan, ene ideia zen, eta amarekin ados, ene zango traketsarekin espartingile izanen nintzela... Baina apeza barneratu gabe aferan...

Apezak beste ideia bat bazuen.

Egun batez apeza jin zen etxerat. Eta arratsaldeko askaria, xingar, arrautza eta lukainka urinekotik ateratzen zen. Eta apeza erraten: 'Ikusten duk apezak nolako gormandizak egiten dituen?'. Oroitzen naiz arrapostua eman niola: 'Ukaiten ez bazenitu, ez zenuen hartuko zuhaurrek'. Beti ere, erran zukeen -ez nintzen han- :'Katixima ontsa badaki. Katiximako mutikoetan hoberenetarik bat da. Eta eskolan ere nik uste ez den hain gaizki ari... apez egiten bazenute, biziki ontsa liteke'. Amak bazituen bi iloba, bere ahizpa baten semeak, Beloken zirenak. Bizi dira beti: Aita Ignace eta aita Marcel.

Marcel Etxehandi?

Bai, bai. Kusi lehenak dira. Heien ama ene goxama zen. Eta orduan, horrela, han ezarri ninduten. Enetako hori izan zen izugarrikeria. Gero, bada gauza bat gertatzen dena ere, antropologikoa. Talde ttipi batean, basa ihizietan ere berdin da, bat baldin bada nonbait zerbait diferentzia duenik, zauri bat edo hegal bat hautsia, buztana moztua txerrikumeetan, beste guztiek piko egiten diote. Nahi eta nahi ez, jenagarri zait hori erraitea, baina pentsatzen dut pixka bat hori banuela etxean berean. Zazpi haurride baginen. Mutilak baziren. Gero, bazen errienta gure etxean aloitzen zena. Bazen ere osaba bat preso egonik libratua jina zena... Mundu bat bazen. Etxea ttipia zen, sobera betea zen. Eta ni ene zango mindunarekin... Markatua nintzen nonbait. Estigma bat banuen. Hala-hala, horrek guziak, Nahi eta nahi ez pizten zaitu. Edo behar duzu lurperat utzi zure burua joaten, edo behar duzu zerbait gisaz bizitzeko manera harrapatu. Arrapostua ematen ikasi, eskapaka, gezur errain. Diren arma guziak baliatu. 12 urtetan ezarri nindutelarik Beloken, hondarrean, desberdin bat, estigmatizatu baten finitzeko manerarik hoberena zen: 'To, hau apeza ezarriko diagu'. Ez nekien orain bezala formulatzen zer gertatzen zitzaidan, baina hori bizi nuen nonbait. Pozoi hori bizi nuen. Ber denboran, dolu ikaragarria egiten zidan etxetik urrundua izatea. Baina, min hori nahasia zen kezka batekin. Erasotzeko gura pixka batekin. Jendea konplexua da... Ber denboran maite, eta ber denboran gorroto pixka bat. Horrela joan ziren ahal bezala urteak.

Zauri hori indar bilakarazi duzu nonbait, ez? Kantuetan eta.

Baliteke. Ezen, etxean denak ginen kantari. Ama izugarriko kantaria zen. Aita ez zen biziki kantaria, baina galdegiten zuen kantuz aritzeko. Loriatzen zen. Amaren aldetik bazen Marti Larramendi bertsolaria izana eta aitaren aldetik bazen Juan Etxamendi Bordel bertsolaria. Ezterenzubin berean bazen Bortuko aitatxi deitzen zena, aitatxiren anaia. Beraz, etxetik bazen hori. Beloken ontsa zitzaidana gisa batez, han kantuz hazten gintuzten.

Eta bazenuen adiskide bat, Joanes, kantu kaierak ekartzen zituena, ez?

Joanes hori zen Etxehandi. Hark erakusten zizkidan Zuberoako kantu zaharrak. Gure herriko agerkaritan, gerla aitzinean agertu izan zirenak. Konparazione, Ürzo xuri bat jin izan zaiku ... Hark erakusten zizkidan. Etxetik jina nuen kantu gustu hori barnatu zen. Ikasi nuen kantatzen pixka bat eta pianoan ere poxi bat.

Serorekin ere ikasi zenuen solfeoa pixka bat, ez?

Hori Ezterenzubin berean. Neska zahar batzuk ziren, Benoite batzuk. Igande arratsaldetan eramaten gintuzten galeria zoko batera, eta han do, re, mi erakusten.

Kantuetan halako «gramatika» batez ohartua zarela errana izan duzu; horren esplikatzerik?

Biziki interesatzen zizkidan testuak. Amodiozko eta horrelako testuak ziren ardurenean. Sukar malinaren kantua edo Sanbatore gora da. Ohartzen nintzen kantuak, melodiak bazuela egitura bat. Biziki interesatzen zitzaidan sentitzea egitura hori. Biziki gustatzen zitzaizkidan melodietan beti atzematen nuen bazela nonbait nota bat zaurigarria. Mineur-eko nota bat, edo la bat. Gero, nihaur hasi naizelarik egin nahiz kantuak, hor banuen hezurdura bat bezala. Banekien ez nuela plagioa egin behar osoki eginik zen aire bera berriz neuretuz, baina egitura horri jarraiki behar niola.

Nota zaurigarri horrekin?

Zauri hori behar nuela harrapatu. Hori harrapatu arte ari nintzen.

Baduzu ere jota bat, Otsagabian kantua.

Jakin nuen herri bat saltzen zela, Lizaso. Tristezia ikaragarri batekin nintzen. Ezen, ene bizia dolu batzuez markatua izan baita. Beloken sartzea izan zen dolu bat alimalekoa. Gero, ama eritu zen izugarri, ber denboran ene lehenbiziko 15 urtetako Orbaizetako neskaren hori gertatu zen. Horiekizugarri zauritzen zidaten bihotza. Gero, hamar urte Euskal Herritik urrun egonik jin nintzen berriz Donibane Garazira. Izugarri gibela zen laborantza, dena. Jina nintzen Afrikan egonik lanean. Eta Otsagabiako hura. 1963ko larrazkena zen orduan, eta Otsagabian ez zuen gehiago nehork egiten euskararik. Ber denboran gazte guziak bazoatzin Ameriketara. Ene haurrideetarik bost joan ziren. Enbata sortu berria genuen aitzineko primaderan. Eta, nik uste, zainek leher eginen zidaten hondarrean. Atera zen. Menturaz, izanen zen neurosia baten purgatzeko ur bide bat. Sukarra izerditan ateratzen duzun bezala, kanpora ateratzeko herriaz eta euskaraz eta euskal jendeez, eta.

Horrek denak ekarri du Otsagabian kantua?

Arrats batez, delako txartel hori hor nuela, Lizasoz village en vente zioena. Emaztea eta haurrak oherat joanak ziren. Han nintzen,gogoeta ilunak gogoan harat eta hona itzulipurdika. Banituen moda xaharreko Nafarroako bizpahiru jota ikasiak. Horrela hasi zen. Otsagabian zer dute... Iduri zitzaidan ikusi nuela testu baten hastapena horrekin. Besteek ez dakit nola egiten duten, baina enetako horrela zen aldi guziz. Bazen zirrara bat berriz irakiten zena. Hura nintzen entseatzen notetan jarrarazten. Problema da ametsak oro pasatzen ahal dituzula gogoan. Baina hitz batzuk sartzen baldin badizkiozu, mugatzen duzu zure ametsen alorra.

Baina sartzen, halere.

Lehenbiziko mina izaten da testu hura. Nahi eta nahi ez mugatzen duzu. Eta gero, behin zuhaurren ustez pixka bat jabetua duzularik, lagunarekin ikasi eta, publikoan ematen duzularik, orduan galdua da. Kantua ez da gehiago zurea. Eta horrek ere halako zera bat sortzen du. Ohartzen zara: 'Ez duk oraino bota egiazki min egiten daukan nota. Berriz behar duk beste zerbait egin'.

Hori da artea, ororen buru, ez? estetika baten bidez zauri hori kantu eginez, ez?

Estetika berak ekartzen du. Behatua izateko xantza nahi baldin baduzu ukan, behagarri behar dituzu ezarri gauzak. Behar duzu hunki jendearen zirraragunea. Melodiak laguntzen du eta hitzek ere bai. Tisana sobera kiratsa ez dadin izan, eztigarri bat behar diozu ezarri. Menturaz, hori da olerkia deitzen den entsegua, indar hori egitea. Euskal kulturan berean badira anitz gai horri buruz. Ikasketak eginak nituen ere, frantses eta espainol literaturan. Eta, ene iduriko, aski, sentitzeko olerkarien hariak zer diren. Nola pizten den emozioa. Zirrara.

Eta gero baduzu mundu bat ere, irudimen bat, karreatzen duena zure obrak, Ezterenzubiko mendietatik-eta edaten duena; nola ikusten duzu hori?

Denek beren sorlekua maite dute. Amodioarekin bizitzen den zerbait da. Gune bat maitatzen duzu han maitatua izan zarelakoz eta zuhaurrek maitatu dituzulakoz jendeak, etxekoetatik haste. Itxuraldaketa bat eginarazten diote leku hartako erreka, oihan, harri, mendi, zerupe eta denei. Denek dute ekartzen usaina. Zure amodioek mundu horren usain hori hartzen dute... Objets inanimés, avez-vous donc une âme qui s'attache à notre âme et la force d'aimer (Objektu bizigabeok, ba ote duzue gure arimari eta maitatzeko indarrari lotzen zaien arimarik) erraiten baitu de Lamartinek. Hala da. Munduak arima bat hartzen du. Gure aitzinekoek pentsatzen zuten leku bakoitzak bazuela arima eta izpiritu bat. Behar zela errespetatu. Hori ez da beste pentsamendu bat baino xoroago. Horrelako zerbait da gertatzen Ezterenzubirekin.Ez du deus beste leku batek baino gehiago, baina ene sorterria da.

Baina mendiak badu zerbait berezi, gainera, ez?

Beste jende batzuei gauza bera entzuna diet... mendian sortua denak, noranahi joan dadin, berarekin eramaten ditu bere mendiak. Mendia leku gogorra da. Badira arrisku handiak. Baina, hala-hala, badira biziki gauza ederrak. Baduzu eremua, libertatearen inpresio hori, gaitza. Ber denboran, oihanak, ihiziak, abereak eta badira, baina bada bakartasunak sortzen duen nahasmen hori. Ematen dizu spleen bat bezala, tristezia bat. Bizkitartean tristezia hori finitzen duzu maitatzen. Haren minez bezala egoten zara. Berriz nahi duzu hori bizi izan. Zauri guziek bezala, jasateko neke den horrek, berak galdegiten du erremedio bat bezala. Mendiak, l eku nekeek, gauza nekeak berekin ekartzen dute atsegin bat bezala.

Zergatik, zure ustez?

Badakizulakoz indar neke hori egin duzula eta berriz ere eginen duzula. Min guziek berekin immunitate egile diren antigorputzak ekartzen dituzten bezala fisikoki, arimako gauzetan ere, minek berekin ekartzen dute immunitate egile den indar bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.