Goxo Txarangako kidea

Alaiz Barrena: «Musika jotzen jarraitu nahi dugu, normal-normal eta edozein lekutan»

Goxo txarangak sanferminetan izan duen ibilbideaz aritu da Barrena, baita izan dituzten oztopoez ere: «Kalean gaude, gizon asko dauden eremuan, musika ona jotzen».

Alaiz Barrena Goxo Txarangako kidea, asteartean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Alaiz Barrena Goxo Txarangako kidea, asteartean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
itsaso jauregi 2
2024ko uztailaren 11
05:00
Entzun

Hirugarren urtez hartuko ditu Goxo txarangak Iruñeko kale zuri-gorriak. Perkusio lanetan ari da Alaiz Barrena txarangako kidea (Iruñea, 2002), kutxa kalez gora gogorki jotzen. Txarangetan emakume musikarien presentzia normalizatzea eta musikari trebeak izatea da Barrenaren helburua. Horregatik, emakume musikariz osatutako Goxo txarangak besta giroa hedatuko du sanferminetan.

Nola jaio zen Goxo txaranga sortzeko ideia?

2022ko uztailean lagun bat eta biok elkartu ginen, eta geure buruari galdetu genion: «Zergatik daude txarangak mutilez josiak eta oso neska gutxirekin?». Neskekin bakarrik osatutako txaranga bat egitea erabaki genuen, txarangetan emakumeei indar pixka bat emateko.

Lehendabiziko pausoak goxoak izan ziren?

Hasieran, nahiko konplikatua izan zen. Lehen entseguan, ezinezkoa izango zela pentsatu genuen, aurretik hiru bakarrik aritu ginelako txarangetan. Gure lehendabiziko ekitaldia katastrofikoa izan zen, kalean behar den trebetasuna falta zitzaigulako; une bakoitzean zer egin nahi dugun jakitea. Hori oso kontrolatuta daukagu gaur egun.

Zer ezaugarri behar dira txarangan jotzeko?

Pikardiaz jotzen jakin behar da. Kontserbatorioan dena oso zehatza da. Kalean jotzeko, ez da dena perfektu egin behar, potentziarekin jo behar da. Zerbait ateratzen ez bada, aurrera jarraitzen jakin behar da, lagunek egiten dutena arretaz entzunez. 

Pikardiaz jo zenuten 2022ko sanferminetan?

Presio handia sentitu genuen. Sanferminetan jo genezakeela esan zigutenean, ezetz esan behar genuen, ez geundela prestatuta sanferminak bezalako jai handietan jotzeko. Baina baietz esatea erabaki genuen gero, eta ikaragarria izan zen; ez genuen espero hain ongi jotzea.

Zein da sanferminetan jotzearen alorrik kuttunena?

Asko gustatzen zait kalean zer jendetza dagoen ikustea. Jendeak gozatu egiten du jotzen dugun musikarekin. Jende guztia festa giroan dabil, hori kutsatu egiten da, eta guk are hobeto jotzen dugu.

Urtero egoten zarete Iruñeko kaleetan. Urduri jartzen zara?

Ez da lehengo presio bera, baina urduritasun pixka bat beti egoten da. Orain, konfiantza daukagu jotzeko orduan, baina asko gozatzen dugu hainbeste jenderekin. Urduritasuna baino gehiago, jotzeko ilusioa da.

Txarangak oso maskulinizatuta daude?

Bai, oso gune maskulinizatua da, baina ez dakit zehazki zergatik. Txarangetan ez dago sarrerako probarik, pertsona bakoitzak ezagutzen duenari deitzen dio. Nik beste txarangetan jo izan dut, eta neska bakarra izatea egokitu izan zait. Kalean indar handiz jo behar da, eta batzuek uste dute mutilek potentzia hori dutela, eta neskek ez. Ezjakintasuna da.

Instrumentuak ere generoaren araberakoak dira?

Bai. Perkusio instrumentuak edo tuba bera gizonekin lotzen dira. Haize instrumentuetan, berriz, emakume gehiago dago. Kalean ikusgarritasun hori ematea eta emakumeak ere bertan egotea garrantzitsua bada ere, edozein instrumentu jo dezakegula irakatsi behar da. Txarangak kalean daude, eta emakumeak bertan egotea funtsezkoa da.

Kaleak hartu behar dira, beraz?

Bai. Gure asmoa ez da kontrakoa egitea. Kalean gaude, gizon asko dauden eremuan, musika ona jotzen.

Beste txarangen babesa sentitu duzu?

Beste txarangak oso lagungarriak izan dira, baina batzuei ez zaie ideia gustatu, edo apustu gutxi egin zuten gure alde.

Goxo sortu zenetik asko aldatu da egoera?

Normalizatzen ari da. Hasieran, askotan egiten ziguten komentarioa zen: «Ba, neskak izateko, oso ondo jotzen duzue». Jende askok eskerrak ematen dizkigu, erreferente garelako beren seme-alabentzat. Horrelako mezuak iristen dira, eta, nire ustez, horrek erakusten du gizartean aldaketa bat egon dela.

Beste txarangetan ere aldaketa horiek ikusten dira?

Bai. Baina gainerako txarangen esku dago emakume gehiago sartzea. Musika jotzen jarraitu nahi dugu, normal-normal eta edozein lekutan. Bakoitzaren lana da txaranga hau normalizatzea, eta gizartean ikusiko da benetan eboluzionatzen ari garen.

Hurrengo belaunaldientzat aholkuren bat baduzu?

Beste txarangak entzutea eta ausartak izatea. Gogoz jo behar da, eta, huts egiten baduzu, entzun dadila huts egin duzula.

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.