Sanferminak

«Normalak» ez, uniformeak

Bukatu dira 2022ko sanferminak. «Inoizko festa onenak» iragarri zituzten, baina nabari da ereduaren gainbehera. Sexu erasoak, istiluak eta kontrol poliziala, puntu beltzenak.

Uztailaren 9ko sexu erasoaren aurkako elkarretaratzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Nostalgia atsegina da, baina baita sorgortzailea ere. Narkotiko baten gisara, nostalgia dosi batek oroitzapenak lausotu ditzake, benetan izan zirena baino ederrago bihurtzeraino. Sanferminekin ere antzera gertatu da aurten. Bi urteko etenaldiaren ostean, igarri da «munduko jairik onenak» berreskuratzeko grina, dena «lehen bezala» bizitzekoa. Hori helburutzat jo dutenek, baina, altuegi jarri dute langa: aurtengo sanferminek ezinezkoa zuten helburu horri eustea, ideal baten kontra ari zirelako. Jendeak oroimenean zituen sanferminak vs benetako sanferminak.

Arazoa areagotu da Iruñeko Udala izan baita, urte hasieratik, sanferminen ikuspegi erromantizatu hori hauspotu duena: publizitate kanpaina instituzionaletik hasita —Aurten bai!Azkenik!Biziko ditugu! bezalako leloekin—, alkatearen adierazpen hanpatuetaraino.

Sanferminak ospatuko zirela iragarri zuenetik, ia astero argitaratu dira hedabideetan Enrique Maiak «inoizko festa gogoangarrienen» kontura esanikoak: aurten bizpahiru egun gehiago iraungo zutela, «nazioarteko sona duen talde edo artista bat» kontratatuko zuela eta inoizko egitarau zabalena prestatuko zutela.

Azkenerako, baina, ez aparteko egunik, ez lehen mailako kontzerturik, ezta ezustekorik ere. Sanfermin arruntak izan dira, COVID-19aren aurreko urteetakoen bidetik. Eta, akaso, hori da aurtengo festez esan daitekeen onena: sanferminak izan direla, onerako eta txarrerako.

EREDUA, GAINBEHERAN

Sanfermin kontinuistak planteatu ditu, beraz, Iruñeko Udalak, baina, azken urteetako joerari erreparatuta, argi dago festa eredua bera doala gain behera. 2018. eta 2019. urteetan ere nabaritu zen bisitarien beherakada, eta, izurriagatik, prezioen igoeragatik edo, alkateak iradoki zuen bezala, zezenketen aurkako iritziengatik, joera hori areagotu egin da 2022an: jende gutxiago dator sanferminetara.

Hala, uztailaren 6ko eta asteburuko ohiko jende metaketak kenduta, apenas izan den pilaketarik aurtengo festa egunetan. Iritzi bera adierazi dute BERRIAk kontsultatutako ostalari, garraiolari eta turismo sektoreko langileek ere. Bereziki, AEBetatik, Australiatik eta Europatik etorritako bisitari gutxiago antzeman dituzte.

Aurten bisitari gutxiago izanagatik, baina, azken urteetako zabor kopuru handiena bildu dutela iragarri du Iruñerriko Mankomunitateak: 954.880 kilo hondakin, 2019an baino %9 gehiago.

SEXU ERASOAK

Atzoko datuak zenbatu gabe —gaur jakinaraziko ditu udalak—, sexu erasoei buruzko informazio gunean arta eman diete ia 16.000 pertsonari. Udalaren esanetan, horrek erakusten du «sentsibilizazio handiagoa» dagoela gizartean, «jokabide eta jarrera sexistekiko». Arazo larri baten isla ere bada: Gazteluko plazako gune horretan, ehun bat salaketa jaso dituzte uztailaren 5az geroztik. Zehazki, ukitzeak eta intentsitate txikiko beste sexu eraso batzuk salatu dituzte 24 emakumek.

Gainerako kontsultak izan dira «ahozko jazarpenari» eta «eduki sexista duten leloei, abestiei eta bestelakoei» buruzkoak. Sexu eraso larriena uztailaren 9an gertatu zen: emakume batek salatu zuen bortxatu egin zutela Mendillorri auzoan. Erasotzaileak bere burua entregatu zuen atzo, Foruzaingoan, eta aske utzi dute jada, epaileak kautelazko neurri batzuk ezarri ostean.

ISTILUAK ETA POLIZIA

Uztailaren 7an, istilu larriak piztu ziren San Ferminen prozesioan, udalbatza Curia kalean gora zihoala. Denera, zortzi lagun atxilotu zituen Udaltzaingoak, «autoritatearen agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea» egotzita. Deklaratu ostean libre utzi zituzten denak, bat izan ezik: espetxera bidali zuten, udaltzain bati sudurra haustea leporatuta. Festaro eta Ahotsa.info hedabideek zabaldutako bideoek, ordea, erakusten dute udaltzaina bera hasi zela ukabilkadaka han zirenen kontra. Froga berrien argitara, helegitea aurkeztuko dute atxilotuaren abokatuek.

Uztailaren 7an ez ezik, gainerako egunetan ere oso nabaria izan da kolore askotariko polizien presentzia: Iruñeko udaltzainak, foruzainak, Espainiako poliziak eta guardia zibilak ez ezik, atzerriko beste polizia batzuk ere ibili dira Alde Zaharrean patruilatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.