Zenbait txalaparta soinu traketsen eta arratseko kontzertuen balantzeen burrunben erritmora sar zitekeen Topa Topiaren festibal eremura, atzo. Itsasuko (Lapurdi) Atharri ezkerparetaren kanpoaldean antolatua zuten ametsetako gune magikoa, nork bere jakitatea praktikan jartzeko gunea —jakitate horren jakinean izan ala ez izan—. Belarrez apainduak ziren murruak, zur puskak kolorez tindatuak, eta material errekuperatuarekin sortu zituzten dekorazioak.
Karpak han eta hor jarriak ziren, landatu balituzte bezala Itsasuko belarretan, eta bazirudien horietarik ereiten zela artea, sentsibilitatea, pasioa. Bakoitzean tailer bat: makrame kolektiboa, akrobazia, musika tailerra, serigrafia naturala, marrazkia, entzuteko yurta, poesia kazetaritza, sagar tinkatzea... Denetarik eta denendako.
Sorpresaren ausardia
Maialen Otondo Topa Topia festibaleko tailerrez arduratzen da, beste zenbaitekin. Urte osoan zehar gurutzatzen duten jendeari adi egoten dira, nork bere jakitate bat azaleratuko duen zain. «Ohartzen garelarik jendeak baduela konpetentzia bat, edozein ikaspen, haiekin hitz egiten dugu jakiteko prest liratekeen beste batzuei transmititzeko». Ideia horren funtsa festibalaren hasieratik buruan dute: «Denek gure bizian zerbait ikasten dugu, esperientziarekin, profesionalki, baina ez bakarrik. Bizi esperientziek beti zerbait ekartzen dute, eta, ez baitugu denek bera ikasia, eguneroko gauza sinpleen transmititzea dugu gogoa, eta gauza berezituago batzuk ere bai».
Funtsean, Topa Topia hiru ardatzetan uler liteke: tailerrak, kontzertu edo beste mota bateko ikuskizunak, eta, sorpresa; azkenak ditu, hain zuzen, lehen biak lotzen. Zeren hala tailerren nola kontzertu edo antzerkien programazioa ez baita jakina.
«Usatuak gara beste besta guztientzat proiektatzera: hori edo hori egin nahi dugu... Guk apreziatzen dugu jendeak utz dezan bere burua libre»
MAIALEN OTONDOTopa Topiako laguntzailea
Otondok xede hori azaldu du hobeki: «Usatuak gara beste besta guztientzat proiektatzera: hori egin nahi dut, hori da niretzat... Guk apreziatzen dugu jendeak utz dezan bere burua libre. Berdin bada tailer bat ez zenukeena berez eginen, baina baduzu lagun bat ondoan, eta sartzen zara bost minutuz, eta gauza berri bat deskubritzen. Justuki, harritua egoteko zer gaitasun ez ditugun, baina ukaten ahal genituzkeen, errazki». Haren ustez, «hori ez da egiten aitzinetik proiektatzen» delarik gehiegi. Eta horien teoriak musikarendako ere balio du, edo antzerkiarendako. Paul Cuesta, bere aldetik ere, ados agertu da Otondoren erranekin. Gaueko programazioko arduradunetariko bat da Cuesta, eta festibaleko lehendakaria ere bada, hatsarretik inplikatua; duela bost urte, hots. «Sorpresa izateak zinez eklektiko izatea ahalbidetzen digu».
Azken ordura arte ere ez bazen jakina izan, atzo gauean, besteak beste, antzerkia, musika eta zirku giroa nahasten dituen ikuskizun bat proposatu zen, hari instrumentuak jotzen dituen laukote bat, reggae talde bat, laguntzaileek berek prestatu ikuskizun bat, biniloak pasatzen dituen Robin, Karma taldea... Egungo, berriz, brunch bat antolatua dute, tailerrak berriz, eta festibalaren bosgarren aldiarekin batean bukatuko da eguna.