Nork aditu du gaueko doinu hori?

Apo hontzaren errolda egin dute Iruñerrian eta Zangozan. Ohartu dira uste baino gehiago bizi direla, 2019tik biltzen ari diren datuekin. Ikusteko zaila bada ere, erraz aditzen da haren hotsa.

Apo hontza, Iruñeko zuhaitz batean, gauez. DANIEL GARCIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Martxoaz geroztik hiriko parkeetan, ibai bazterretan edo zuhaitzak dauden beste lekuetan itzuli bat emanez gero, argi aditzen da: tiu-tiu-tiu. Ez da sirena hots bat, ez da alarma bat, ezta atzeraka dabilen kamioi bat ere. Apo hontza da, Euskal Herriko hontzik txikiena. Negua Afrikan eman ondotik, udaberrian etortzen da Europara, uda hemen igarotzeko. Iruñean ohartu dira apo hontz anitz daudela, horiek zenbatzeko proiektua abiatu baitzuten 2019an. Urte batzuen buruan, espezie horren bilakaera aztertzeko datuak izanen dituzte.

Ikusteko zaila da, gautxoria baita, eta, gainera, bere lumen kolorearekin zuhaitz artean aise ezkutatzen baita, baina erraza da apo hontza ezagutzea. Soinua da ezagun egiten duena. «Oso hirikoa da. Ez da ikusten, baina aditzen da. Horrek badu misterio puntu bat», kontatu du Juan Ignacio Dean Gorosti elkarteko ornitologoak. Hura da proiektuko koordinatzaileetako bat. «Ikusi genuen erraza zela errolda hau egitea, eta jende asko lor genezakeela laguntzeko. Gainera, gertuko espezie bat da, eta gogoa genuen kontatzeko».

Aldez aurretik lan bakarra egin da apo hontzari buruz Iruñean: Eduardo Beriain Lunak egin zuen, 2008an, eta Iruñeko Udalak argitaratu. Ikerketa hartan hogei bikote zenbatu zituzten Iruñeko erdigunean. «Bitxia da; ez genekien zenbat apo hontz genituen hirian. Harritu gara ikusita uste baino gehiago zirela: apo hontz pila bat ditugu», esan du Deanek. Oraindik datu zehatzekin frogatu behar bada ere, ornitologoak uste du hegazti horren dentsitate handia dagoela Nafarroako hiriburuan. «Ongi legoke beste hiri batzuekin alderaketa egitea».

2019an abiatu zuten apo hontzaren errolda egiteko proiektua, baina denboraz larri ibili ziren. «Agudo ibili ginen, zerbaitetan hasteko asmoz, baina ordutik metodologia findu dugu», azaldu du Garciak. Hurrengo urtean, apo hontzak Iruñera ailegatu zirelarik, karrika hutsak aurkitu zituzten, COVID-19aren pandemiaren ondorioz jendeak etxean geratu behar izan zuelako.

Beraz, iaz egin zuten ganorazko lehenbiziko behaketa; boluntarioek etxeratzeko agindua saihestu zuten behaketa lanari esker. Zangoza inguruan ere aritu ziren boluntario batzuk. Aurten berriz egin dute behaketa, eta boluntario gehiago animatu dira apo hontzak kontatzera. Jende gehiago izanda, Iruñeko eremu gehiagotara zabaldu dute behaketa. Ez hori bakarrik: Nafarroako zenbait herritara zabaldu dute bilaketa lana.

Gaueko ibilaldiak

Udaberrian ailegatzen da apo hontza Europara, eta udazkenean alde egiten du. Aurtengo behaketak apirilaren 29tik maiatzaren 2ra egin zituzten. Hegazti hori aditu eta non dagoen zehaztu behar dutenak 21:15 inguruan ateratzen dira karrikara, eta gauerdira arte egoten dira, belarriak erne-erne dituztela. Ines Rodriguez izan zen behaketetan parte hartu zuen boluntarioetako bat. Txori zalea da, eta sakre belatzaren erroldan ere parte hartzen du. Gertukoa du apo hontza: «Gaztelugibelean bizi naiz, eta udaberriro aditzen ditut apo hontzak ohatzetik, lotara joan aurretik», kontatu du. «Gaueko hegaztiak liluragarriak dira, eta gure hiriaren bihotzean askotariko hegaztiak izatea luxua da». Proiektuan parte hartzeak ez dio lan askorik eman, askotan ateratzen baita itzuli bat ematera. «Ez dut prismatikorik eramaten lotsa ematen didalako, baina beti ditut begiak eta belarriak adi-adi hegaztiak atzemateko».

Rodriguez lagun pare batekin atera zen behaketa egitera. Ostegunez paratu zuten karrikara ateratzeko eguna, hobeki baita une berean egitea, hontzak bitan ez kontatzeko. «Juevintxo eguna zen, eta Gaztelugibelean kuadrilla asko zeuden: apo hontza gutxi aditzen zen, eta jendearen harrabotsa, asko». Lan egiteko oztopoak zirela eta, igandean ateratzea erabaki zuten: «Orduan askoz gehiago kontatu genituen».

Egin beharreko lanak ez du jakintza berezirik behar. Sakelako telefonorako aplikazio bat erabiltzen jakitea, ez besterik. Eta apo hontza aditzeko belarria zorroztea, noski. Aise aditzen da, dena den. «Hain argia da bere doinua, hain argi aditzen da, edozeinek egin baitezake, interesa baldin badu». Norberak bere ohiko ibilbidea egiten du, beraz, GPSaz baliatzen den aplikazioa piztuta. Apo hontza ikusi edo aditzean, zuhaitzaren azpian sakelakoan botoi bat sakatu, eta koordenadak gordetzen ditu.

Epe luzeko lana

Datu horiek Deanek jaisten ditu, hura arduratzen baita datu guziak txukuntzeaz. Kontsolidazioa egiten du: «Ibilbide bat bi egunez egiten bada, hontz gehien atzeman den eguna hartzen dugu ontzat. Izan ere, apo hontzak ez dira asko mugitzen». Behin datu guziak azterturik, bi datu nagusi ateratzen dituzte: kontatutako hontz kopurua eta kilometro bakoitzeko dauden hontz kopuruaren dentsitatea. Bigarren datu hori garrantzitsuagoa da: «Urtetik urtera eremu gehiago aztertu arren, beti erabiltzen dugu dentsitatearen indizea. Horri esker, datuak estrapolatu ditzakegu, eta kopuruari buruzko estimazio bat egin».

Oraindik goizegi da eskuratu dituzten datuei buruzko ondorioak ateratzeko. Deanek esan duenez, lauzpabost urtetan hasiko dira ondorioak ateratzen. Datu horiek baliagarriak izanen direla azaldu du ornitologoak: «Edozein espezie bioadierazle da. Espeziea ongi badoa, hirian bioaniztasuna dagoen seinale. Modu batez, hau jendea sentsibilizatzeko modu bat da, ikus dezaten hiri barruan ere espezieen aniztasuna babestu behar dela, eta hirien eta lorategien diseinuek horrekin bat egin behar dutela».

Bi apo hontz, Iruñean. DANIEL GARCIA

Garciak kontatu du zein den apo hontzak hirietan duen arazoetako bat: «Arazo handi bat du: geroz eta habitat natural gutxiago du, eta kumeak hazteko toki on gutxiago, zuhaitz zaharren zuloetan egiten baitu hori. Usteldurik dauden zuhaitzak izaten dira horiek, eta Iruñean bota egiten dituzte, erortzeko arriskua izaten dutelako. Horiek desagertzen ari direnez, jakin nahi dugu zenbat apo hontz ditugun eta zer garapen duen espezie horrek». Uste du beren lanak balio dezakeela arazo hauek azaleratzeko ere.

Badira ikertu beharko diren beste afera batzuk ere. Garciak ohartarazi du azken bi urteetan neguan ere aditu izan dela apo hontza kantari. Duela bi urte abendura arte aditu zela, eta aurten negu guzian aditu omen da baten bat. «Ikusi beharko dugu joera, eta migrazio epeak aldatuko balituzte zein diren ondorioak». Baina, horretarako, datuak behar dira.

Hegaztien alde

Gorosti elkarteak gidatu du apo hontzaren errolda proiektua, eta elkarte horren helburuetako bat da sentsibilizazio lana egitea. Garciak uste du oraindik ere ingurumen heziketa handia falta dela gizartean, baina poliki-poliki hiritarrak kontzientzia hartzen ari direla. Lan honek lagundu dezakeelakoan dago: «Askotan uste dugu Iruñean dena dela kea, zarata eta porlana, baina hor ditugu parkeak, Arga eta Sadar ibaiak... bizitza asko dugu. Hiriko bizitza basatiari balioa eman nahi diogu».

Espeziea ezagututa, erakunde publikoek hirian lanak egitean babes neurriak har ditzakete. Horretarako balio du sentsibilizazioak, Deanen aburuz: «Hegaztiak errespetatuz joan garen heinean, hirira egokitu dira. Hori sintoma ona da. Gero badira beste sintoma txar batzuk: nekazaritzak sor ditzakeen kalteak, haize errotak neurririk gabe paratzea...».

Hegaztiak oro har, eta apo hontza zehazki. Espezie hori ezagutzeko manera izan daiteke errolda. Hirian ohikoak badira ere, askok ez dakite haiena denik gauetan aditzen den soinu hori. Garciak kontatu du istorioa: «Batzuek apo hontzaren kantua aditzen dute, eta ez dakite zer den. Bizilagunek behin baino gehiagotan deitu dute Udaltzaingora piztuta geratu den alarma bat delakoan». Haiek aski ongi dakite norena den. Heldu den urtean karrikara itzuliko dira, belarriak erne, hontzak zenbatzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.