Aitziber Garmendia.
«Ikusleak behar du ikusi barrutik ere biluzten ari zarela»
Nik modeloa izan nahi nuen, baina 1, 57 metrorekin larri samar nenbilen, eta aktore sartu nintzen». Horrela hasi izan du jendaurreko bakarrizketa Aitziber Garmendiak (Zaldibia, Gipuzkoa, 1982). «Autofikzioa da, noski. Hor, zeure buruaz barre egiten hastean, sartzen da publikoa bakarrizketaren kodean». Hori da generoaren lehen premisetako bat, Garmendiarentzat, antzerkiaren beste adarretatik bereizten duena. «Ikusleak behar du ikusi barrutik ere biluzten ari zarela. Horrek laguntzen du komediarako».
Gerora hamaika telebista saiotan eta antzezlanetan agertu bada ere, interpretazioan lehen urratsak bakarrizketen bidetik egin zituen Garmendiak. Beste lan batzuen aldean, publikoaren aurrean biluziago agertzen da sortzailea bakarrizketak taularatzen dituenean, Garmendiaren arabera. «Zuk bakarrik atera behar duzu bakarrizketak irauten duen denbora horretan. Baina, aldi berean, lasaitasun handia sentitzen dut; zuk egin eta desegiten duzu, ondo ateratakoa zuk disfrutatzen duzu, eta gaizki egindakoa zuk zeuk konpontzeko aukera daukazu».
Aldi bakoitzean birsortzen
Batean funtzionatu duenak ez du derrigor hurrengo leku eta unean funtzionatuko. Horrek tentsioa bizirik mantentzen dio bakarrizketa egileari, eta hor dago «magia» Garmendiarentzat. Norberak ere ez du beti egun bera izaten. «Komedian eta, oro har, bakarrizketetan, osagai inportanteena erritmoa da; horrek kale egiten badizu, galduta zaude». Gero, beti egongo dira inprobisaziorako zirrikituak, eta horiek baliatzeko «lasaitasuna» izan behar dela dio aktoreak. «Horretarako, publikoak non erreakzionatzen duen ikusi behar da», zehaztu du.
Azken urteetan alde batera utzita izan ditu bakarrizketak, eta berri bat prestatzen dabil orain. Gehientsuenetan, beste gidoilari batzuek idatzitako testuak erabili izan ditu, baina ez beti. Oraingoan, ekoiztetxe batek euskarazko bakarrizketak egiteko proposamena egin zion, eta haiek bidalitako testuen gainean dabil lanean, horiek itzultzen eta moldatzen. «Niregana ekartzen». Baldintza bakarra jarri zien: «Gizonentzako idatzita zegoen testu bat eskatu nien, emakumezko batentzat idatzita dagoena ia seguru ez zitzaidalako gustatuko. Tristea da, baina hala eskatu nuen, jakinda ze umore egin nahi nuen. Bestela, beti erortzen gara gauza berean».
Barry Manley.
«Umorea eta 'stand-up comedy' bera oso gauza serioa da»
Joan Izabara (Nafarroa), larunbat batean, zortzietan, eta begiratu zu entzutera datorren jendearen aurpegia. Eta barre eginarazi. Sekulako erronka da, baina polita da». 34 urterekin heldu zen Euskal Herrira, 48 urterekin egin zuen lehen bakarrizketa, euskaraz, eta irmo jarraitzen du horretan Barry Manleyk (Bandon, Irlanda, 1962). Euskaraz hitz egiten duen irlandarra. Irudi horrekin agertu zen bakarrizketen agertokira, eta «abantaila» atera diola dio. Baina, puntu bateraino. Klasiko bat bihurtu du bere txistea: «Irlandarra naiz. Euskarazko bakarrizketak egitea nahi nuela esan nuenean, jende guztiak barre egiten zuen. Orain, inork ez du barre egiten».
Oso maitea duen generoa da bakarrizketarena. AEBetako stand-up comedy deituaren zale amorratua izan da betitik, eta George Carlin, Bill Hicks... dira harentzat eredu, gaur egun ere. «Umorea egiteko formatu horrek erakartzen nau». Inprobisatzeko aukera duelako, batetik. Publikoarekin elkar eragiteko aukeragatik, bestetik. Eta batez ere, bere unea delako nahi duenaz aritzeko. «Hemen nago, eta gauza asko ditut zuei kontatzeko!».
Bere jatorriaren inguruan eraiki izan ditu bakarrizketa asko. Dioenez, ez zaio axola bere buruaz hitz egitea, «beti muturrera eramanda». Halaber, asko jotzen du euskararen kontrako jarreretara zein euskararen aldeko «militantzia itsuak» agerian uztera ere. Beti umorearen klabean egiten du, eta kritikaren norabidean. «Umorea eta stand-up comedy bera oso gauza serioa da», nabarmendu du.
Bakoitzak bere marra gorriak
Manleyk askotan errepikatzen duen txiste bat: «Beti zorte txarra izan dut emakumeekin, amak jaio nintzenean ere esan zidan: 'Asko maite zaitut laztana, baina lagun bezala'». Hori kontatu zuen aldi batean matxista zela esan zioten. Manleyk ez du horrela ikusten, eta erabiltzen jarraitu du aurrerago ere. Intxaurrondo auzoan bizi zenean ere «Donostiako auzorik berdeenean» bizi zela esan ohi zuen, ikusle denek gustuko izango ez zutela jakitun. «Baina hori neurtzen hasten bazara, hobe da etxean geratzea», aitortu du.
Irlandar tradizioa ipuinlariarena dela dio Manleyk, eta bakarrizketetan ere bide hori baliatzen du hark. «Hitz jokoak baino, nirea gehiago da istorio baten barruan sartzea». Orain arte jasotako erantzunarekin pozik da, baina aldiro pizten da porrotaren aukera: «Halakoetan, autoa hartu, eta hausnarrean itzultzen zara, baina hori da gerta daitekeen okerrena».
Beatriz Egizabal.
«Bakoitzak arduratsua izan behar du kontatzen duenarekin»
Definitu beharko genuke bakarrizketa zer den. Ipuinak kontatzen ditudanean ere ni bakarrik nago hizketan, baina inoiz ez dut bakarrizketalari moduan aurkeztu neure burua; kontalari modura baizik». Azken boladan, ordea, bakarrizketen eremura ere egin du jauzi Beatriz Egizabalek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1971), Erradikalak gara emanaldiarekin. Ane Labaka bertsolariarekin batera sortutako emanaldia da. «Bi emakume, elkarrizketa bat, bera bertsotan eta ni bakarrizketan, feminismoa zehar-lerroan. Kontrasteak bilatzen ditugu, eta eguneroko gai ezberdinak zeharkatzen goaz; bertsolaritza, euskalgintza, amatasuna, aniztasuna, biolentzia, sexualitatea... Publikoari gogoeta txiki bat eragin nahi diogu, umorez eta emozioz».
1998an hasi zen publiko aurreko jardunean Egizabal, hasieratik ipuin kontalaritzan, eta aurrerago baita clownean ere. Bide horrek oholtza gainean ahaldundu duela dio. «Orduak sartu behar dira publikoarekin; ezerezaren aurrean, bakarrik zu egonda, asmatzeko nola lortu publikoarekin lotura sortuko duen zerbait. Gainera, bakarrizketan zu zara: zu-zu».
Dena ere ez da barrea
Bakarrizketen inguruan «telebistan agertzen diren bakarrizketa egileen irudia» zuen aurretik Egizabalek, erakargarria egiten ez zitzaiona. «Nire helburu bakarra ez da publikoak edozertaz barre egitea, harago komunikatzea baizik», aipatu du. Umorea politizatzearen aldekoa da bera. «Agertokia zu baino pribilegio gutxiago duen norbaiti barre egiteko baliatzea, barregarria ez, iraingarria iruditzen zait. Nik ez dut hori egin nahi». Edonola ere, bakarrizketa bidezko diskurtsoa bakoitzaren araberakoa dela defendatzen du. «Ni mezuak ez banau erakartzen, betikoa entzuteko bada, estereotipoz beteta badago, matxista bada... niri ez dit barrerik sorraraziko. Baina hautu pertsonala da. Bakoitzak arduratsu izan behar du kontatzen duenarekin».
Barrea, amorrua, tristura, edozein delarik ere emozioa, jendaurrekoan rol zentrala jokatzen dute emozioek Egizabalentzat. «Erradikalak gara-ren ostean ikusi ditugun aurpegiak ez dira errazak ikusten», dio. Hala, bakarrizketen generoan sakondu nahi duela dio orain Egizabalek. «Bide bat ireki zait hemen, eta aprobetxatu nahi dut. Arazoa da dena ezin dela inprobisatu eta, sorkuntza prozesu orok bezala, diziplina behar dela».
Jose Cruz Gurrutxaga.
«Nire esperientzia gordinena izan da taula gainean»
Orain dela bizpahiru urte egin zuen jendaurreko bere lehen bakarrizketa Jose Cruz Gurrutxagak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973), eta segitzen du horretan; Irri par txou emanaldiarekin dabil, besteak beste, Ion Martinezekin. Egunerokoak dituen kontuak ditu langai beti: «Familia, harremanak, umeak... Eguneroko gauzak, beharbada, beste ikuspegi batek hartuta, eta, nola ez, norbere buruaz barre egiteko lotsarik gabe. Ikuslea harrapatuko baduzu, ezagunak zaizkion egoeretan harrapatuko duzu», baieztatu du. «Zeure burua ikusi izan duzun egoera bat esajeratzea da gakoa, hor txistea topatzea».
«Erabat biluzik» sentitu izan da bakarrizketetan Gurrutxaga. «Nire esperientziarik gordinena izan da taula gainean. Ez soilik bakarrik zaudelako publikoari begira, egoten naiz bakarrik agertokian bestela ere. Baina hemen zu zara zure istorioekin, eta oso esperientzia gogorra da, zentzu horretan. Publikoa ezkor ikustea, adibidez, gainditu egin behar da».
Estereotipoen alde eta kontra
Estereotipoz josita egotearen fama izaten dute bakarrizketek, zenbaiten iritziko. Ados dago Gurrutxaga, eta ez dio derrigor ezer txarrik ikusten horri. «Estereotipoak handituz funtzionatu izan dugu askotan. Baina estereotipoak ere errealitate txikietatik sortzen dira askotan». Adibide bat: «Katalan danak xuhurrak dira? Denak ez dira, baina denok izan dugu esperientzia bat lau katalanekin kafea hartzera joan eta bakoitzak bere kafea ordaintzea. Hala ere, bai, hor estereotipoa dago».
Ikusleen aldez aurretiko jarrerak asko baldintzatzen du umoregilearen jarduna, Gurrutxagaren ustetan. «Demagun, neuk ikusi dut Anjel Alkain oholtzara agertu eta jendea nola hasten den barrez, oraindik ezer esan aurretik». Eta horrekin batera, jarrera uzkurragoak ere. «Badira ikusleak iritsi eta 'ea honek ze arraio kontatzen duen, ez dit batere grazia egingo' diotenak. Hori ere gainditu beharko da».
Leku txikietan eskaini ditu bakarrizketak Gurrutxak, «gertutasunaren» mesedetan. Bere erreferenteak Espainian bakarrizketak egiten dituzten aktoreak izan ditu, eta, dioenez, Hego Euskal Herriko programatzaileek ere hori hartu ohi dute eredutzat. «Halako zerbait eskatzen dizute, baina euskaraz». Uste du, halere, formatuak euskaraz eta Euskal Herrian funtziona dezakeela. «Nik ondo pasatzen dut ikusle gisa, beste pretentsiorik gabe».