Fanzineak, argazkiak, musika ekoizpenak, ilustrazioak, marrazkiak... horiek guztiak topatuko dituzte etzi Añorgako antzoki zaharrera (Donostia) gerturatzen direnek. Askotariko kolore, diseinu eta estilokoak izanagatik, ordea, denek ala denek beteko dute ezaugarri bat: pieza guztiak autoekoiztuak izango direla. Izan ere, Gillotina festa Donostiako autoedizio topaketa antolatu dute bertan, zazpigarrenez. 11:00etan hasiko da, eta 20:00etan amaitu.
Duela hamar urte inguru sortu zen egitasmoa, Maite Caballero, Mikel Arraioz eta Paula Estevez marrazkilarien eskutik. Bartzelonan bizi ziren lehenengo biak, eta Berlinen azkena. 2012. urtearen inguruan itzuli ziren hirurak Euskal Herrira, eta kanpoan parte hartzen zuten azoka horietako bat Euskal Herrian egitea bururatu zitzaien. «Urteak pasatu genituen kanpoan, eta, itzultzerakoan, esan genuen: 'Egongo da gure moduan lan egiten duen jende gehiago, eta agian ez ditugu haien lanak ezagutzen'», adierazi du Caballerok.
Horrela sortu zuten Gillotina festa. Haren helburu nagusia ez da ekonomikoa, antolatzailearen arabera, oso zaila baita autoediziotik bizitzea: «Gu bezalakoekin elkartzeko egiten dugu, ikusteko besteek zer egiten duten. Hor sortzen dira harremanak eta kolaborazioak. Azkenean, sare bat sortzeko modu bat da». Hortaz, bakoitzak egindakoen erakusleiho gisa baliatzen dute topaketa, eta gainerakoen lanak ezagutzeko.
Hasiera batean, antolatzaileen inguruko sortzaileak izaten ziren azokan, baina, urteak igaro ahala, hasi da profil hori zabaltzen. Aurten, adibidez, aldaketa sumatu dute: «Aurten flipatu dugu kanpotik jende asko datorrelako, eta oso jende gazteak eman duelako izena. Nabaritu dugu belaunaldi aldaketa bat». Esan du Madrildik eta Bartzelonatik, esaterako, jende ugari bertaratuko dela.
Irkus M. Zeberiok diseinatu du aurtengo azokarako kartela. Izan ere, hasieran, antolatzaileek egiten zuten kartela, baina, gerora, beste diseinatzaile edo marrazkilari batzuei ematen diete horretarako aukera. Begietatik kableak ateratzen zaizkion alien bat, asto arrosa bat bateria jotzen eta pailazo bat agertzen dira bertan, besteak beste. Ez burua galdu leloa idatzi du bertan, gillotina hitzarekin jolas eginez: «Marketin kanpaina ere berak egin du, eta eskuorri batzuk ere berak prestatu ditu, buru batzuekin», esan du Caballerok.
Amaitzeko, kontzertuak
Azoka amaitutakoan, autoedizioaren festak aurrera jarraituko du, Añorgako gaztetxean. Urtero bezala, kontzertuak antolatu dituzte bertan: Sarako (Lapurdi) Haira taldea eta Zaldibarko (Bizkaia) Ezta Ilen post-punk taldea igoko dira oholtzara, 20:00etatik aurrera.
Jendea parte hartzera animatzeko, antolatzaileak gogoratu du horrelako azoketan topatzen diren lanak gainerako lekuetan egoten ez direla: «Liburu dendetan-eta egoten ez diren gauzak topatzeko eta fisikoki ikusteko oso aukera ona da. Horrelako azokek ematen dizute horretarako aukera».
Gillotina festa
Etzi, 11:00etatik 20:00etara, Añorgako antzoki zaharrean (Donostia).
Proposamena
Norbere lanen erakusleihoa
Gillotina festa, autoedizioari eskainitako azoka egingo dute etzi, Añorgan, zazpigarren aldiz. Besteak beste, argazkiak, fanzineak, musika eta ilustrazioak egongo dira ikusgai
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu