Azken kontzertuaren soinu proban, muturreko egoera emozional batean daude protagonistak, gazte bizitzari azken indarrekin heltzen. Porno VS Afrodita (edo I love #GorkaUrbizu) antzezlana ondu du Patricia Urrutiak (Bilbo, 1977). Pornoak gazteen harreman afektibo eta sexualetan duen eragina du hizpide oinazetik sortutako obra umoretsuak. Urrutiarekin batera, Juanjo Otero eta Ion Zumelaga igotzen dira oholtzara. Larunbatean, Hondarribian egongo dira; hilaren 27an, Errenterian; eta 28an, Oñatin (Gipuzkoa). Apirilean, berriz, Donostian, Zornotzan eta Getxon (Bizkaia). Urrutia pozik dago normalean antzokietara joatera ohitua ez dagoen jendearen arreta piztu dutelako.
Izenburua bada deigarria, ezta? Berariazkoa?
Bai, badu zerbait probokatzailea. Pizgarri bat, kuriositateari keinu bat.
Gorka Urbizuren zale sutsu batek sortutako antzezlan bat al da?
Kar-kar. Aurrerapen gisa: zale horiek beren burua islatuta ikusiko dute antzezlanean.
Zeri egiten dio erreferentzia izenburuan # atzetik datorrenak?
Identitate likidoek eta sare sozialek sorrarazten duten sasi gertutasunarekin du zerikusia. Ez dio Gorka Urbizuri zuzenean erreferentzia egiten, nolabait idealizazio erromantiko afektibo sexual horren eredu erabili dugu, baita John Lennon ere.
Fokua gazteengan jarri duzue.
Pentsatzen da gazteek inoiz baino informazio gehiago dutela haien afektibotasuna eta sexualitatea era aske eta arduratsu batean bizitzeko, baina errealitatea guztiz kontrakoa da. Pornoaren kontsumoari dagokionez, adibidez, antzinako beldur eta segurtasun faltak areagotu dira. Horren inguruan oholtzatik hausnarketarako dei bat egin beharra ikusten genuen. Eta gu, gure ezintasun eta ahulezia kontu guztiekin, erantzunen bila hasi ginen.
Aurkitu dituzue?
Ez gara inor halakoak epaitzeko, baina konturatu ginen gazteek eta helduek sexuari eta afektibotasunari loturiko ezintasun asko partekatzen dituztela. Aldea litzateke helduek arazo horiei aurre egiteko zenbait tresna garatu dituztela.
Zergatik erabaki duzue umoretik jotzea?
Guretzat oso modu naturala da umorea: porrot baten aurrean negar edo barre egin daiteke. Norbere buruari barre eginez, indar askatzaileak inbokatzen dira, eta ez zara bakarrik sentitzen zure ezintasunean. Norbere ezintasuna kolektibo sentitzea oso interesgarria da, barreak elkartu egiten gaitu ergelkeria horretan.
Zer garrantzi du musikak?
Musikaz blai dago antzezlana. Batetik, gaztetxe batean girotzen da ikuskizuna; hain zuzen, gaia oholtzaratzeko testuinguru konkretu bat behar genuen, eta musikak daukan garrantzia konektore emozional bezala oso konkretua da. Bestetik, testua erabat musikala da; Asier Ituartek egin du soinu banda, eta guk zuzeneko musika jotzen dugu.
Sortzaile bezala, zergatik erabaki zenuen halako gai bat oholtzara eramatea?
Skolae hezkuntza programaren inguruan sortu zen zalapartaren harira, hainbat irakurketa egiten hasi nintzen; hala jakin nuen pornoaren kontsumoa gazteengan nola ari den zabaltzen. Are gehiago, halako eduki bortitzak gero eta gazteagoek kontsumitzen dituztela jakiteak atentzioa eman zidan: hain goiz eskura izateak zer ekar dezakeen. Nire inguruan ere informatu nintzen, eta konturatu noraino iristen zen fenomenoa. Horrela gertatzen dira sorkuntzarako ziztadak.
Zer ekarpen egiten dio obrak egungo gazteen heziketa sexual eta afektiboari?
Taula gainean zenbait gai jartzerakoan, heltzen diegun lekutik helduta, balio du momentu honetan gazte eta ez hain gazteok, elkarrekin, hainbat gauza berriz planteatzeko. Ildo horretan, garrantzitsua da.
Gai tabu bat da oraindik ere pornoa gizartean?
Pornoa, eta gero eta gehiago baita alde afektiboa ere. Sexuan gero eta onartuagoa dago hainbat gairi buruz hitz egitea, baina adiskidetasunetik harago doazen konexio afektiboak, berriz, oso nahasiak direla uste dugu. Badirudi auzo lotsa handiagoa ematen duela maitemintzeari buruz hitz egiteak txortan egiteari buruz baino.
Porno VS Afrodita buruz buruko horretan, nor gailenduko da?
Ikuskizuna aurrera joan ahala, agerian geratzen da. Spoiler-ik egin gabe, esan daiteke ikusle bakoitzak erabaki ahal izango duela nor den garailea. Antzezleok argi izan dugu ez dugula aldea hartu nahi, baina bai bidea jarri, norberak ikusle bezala erabaki dezan. Halaber, ikusleak sorpresa hartuko du bata edo bestea txalotzerakoan.
ATZEKOZ AURRERA. Patricia Urrutia. Antzezlea
«Norbere ezintasuna kolektibo sentitzea oso interesgarria da»
Heziketa sexual eta afektiboaz dihardu 'Porno VS Afrodita (edo I love #GorkaUrbizu)' publiko zabalari zuzendutako umorezko antzerkiak. Urrutiak sortutako Benetan Be konpainiaren bigarren lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu