Norberaren eta inguruaren iragana arakatzeko aukera

Gasteizko Antso Jakituna fundazioak ateak zabalduko dizkie herritarrei irailera bitartean, astearteroGogoratzeko Tailerra egitasmoari esker, dokumentu anitz egongo dira eskuragarri

Erabiltzaileak, fundazioan, artxibategi digitalean bilaketa lanak egiten. ANTSO JAKITUNA FUNDAZIOA.
Gasteiz
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Vital Kutxaren Antso Jakituna fundazioak Gogoratzeko Tailerra egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, datuak erabiltzen erakutsi nahi dute, Gasteizko dokumentazio zentroan barneratzeko aukera emanez eta dokumentuak herritarren eskura jarriz. «Mundu guztia konforme dago kalitatezko dokumentazio zerbitzuak izatearekin. Baina, normalean, herritarrek ez diete erabilgarritasunik ikusten; ikertzaile eta adituen aztergune gisan ikusten dute askok», adierazi du Jesus Zubiagak, fundazioko zuzendariak.

Fundazioaren asmoa, ordea, «kaleko jendea erakartzea da»; norberaren inguruko historia eta iraganeko dokumentu eta euskarri digitalak eskuratu eta aztertzeko aukera ematen dute horrela. «Bisitaria bera da ikerketaren oinarria. Horrela, ikertzeko interesa sortu, eta zerbitzuak erabiltzeko motiboak ematen dizkiogu. Zenbat eta gehiago informaturik, jendeak orduan eta gogo handiagoa izaten du dokumentatzen jarraitzeko». Ohiko ikerketatik haratago, talde edo pertsona berriak erakarri nahi ditu dokumentaziora; «iraganeko kontuak topatzea dibertigarria, interesgarria eta erabilgarria izan daiteke».

Geroz eta gehiago jotzen dugu sarera orain. Dokumentazio zentroetara bisita gutxi egitea ekarri du horrek. «Jendeari errespetua ere ematen dio hona etortzeak, baina horixe lortu nahi dugu, herritarrei beldur hori kentzea», dio Zubiagak.

Zuhaitz genealogikoa

Joan den asteartean jarri zuten martxan ekimen berri hau, eta astetik astera bisitarien kopuruak gorantz egitea espero dute. Interneten, egunkarietan, euskarri guztietan bilaketak egiten laguntzen dute fundazioko langileek, eta astearte goizetan, herritarrei laguntza emateko lan egiten dute. «Zuhaitz genealogikoa osatzeko familiako arbasoen datuak bilatzen, jaio ziren garaiko dokumentu eta aldizkariak kontsultatzen edota Vital Kutxaren fototekan arakatzen aritu ziren lehenengo saioan parte hartzaileak». Garai bateko hiriko kaleak eta eraikinak nolakoak ziren ikusteko aukera ere izan zuten, eta hainbat gerraren informazioa aztertzeko aukera ere bada. «Genealogiaren inguruan, esaterako, interes berezia dago. Artxibo zaharrak arakatuz XV. menderainoko zuhaitz genealogikoa osatu duenik ere izan da».

Iraila amaitu arte, asteartero fundazioak ateak irekiko ditu herritarrentzat, 10:30etik 13:30era bitarte; Betoñoko Atea kaleko 23. zenbakian dago eraikina.

Tailerra hamar lagunetik beherako taldeentzat egokitu dute, «ahalik eta zerbitzurik zuzenena emateko asmoz». Edozein motatako informazioa eskuratzeko tailerrean parte hartu nahi duenak beharrezkoa izango du aurrez izena ematea. Horretarako, 945-25 39 32 telefonora deitzea beharrezkoa izango da. «Egitasmoak erantzun ona izaten badu, eskaerarik baldin badago alegia, eskaintza mantentzen saiatuko gara, ostegunetan egiten ditugun bisita gidatuekin batera», dio arduradunak.

Historia pixka bat

Antso Jakituna fundazioa 1964an eratu zen, euskal kulturaren eta historiaren inguruko dokumentuak bildu, ordenatu, kontserbatu eta zabaltzeko asmoz. Probintzia plazako Zulueta jauregia izan zuen lehenengo egoitza. Egun, Euskal Herriko dokumentazio zentro garrantzitsuenetarikoa bihurtu da. XV. mendeko izkribuak, XVI. mendeko material kartografikoa, XVIII. mendetik gaurdainoko material grafikoa eta beste hainbat bilduma topatu eta kontsulta daitezke han. Liburuak, hemeroteka, fototeka eta azken hamarkadetako dosierrak, jaietako programak, itsasgarriak eta beste hainbat bitxikeria gordetzen dituzte. Egun, fundazioaren datu basean 1,6 milioi euskarri grafiko digitalizatu dituzte, eta mundu guztiko ikertzaileen bisitak izaten ditu.

2009an, eraikin berrira lekualdatu zuten dokumentazio zentroa. Kristalezko kaxa erraldoi baten itxura du egungo eraikin neogotikoak. Garai batean, karmeldar mojak lurperatzen zituzten eraikina izandakoa da. Egoitza berrian, teknologia berriak baliatuz, ongi zainduta dauzkate argitalpen eta artxiboak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.