Norberaren denboran, norbera

Euskal Herriko aisialdi ereduak eta ohiturak aldatu egin dira azken urteetan. Gaur egun herritarrek denbora gehiago ematen dute beren buruak zaintzen eta aisialdiaz gozatzen. Goraka doa aisialdi aktiboari eskainitako denbora.

Iker Tubia.
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hedonismoa omen da gaur egungo gizartearen oinarrietako bat. Gozamena bilatzea da helburua. Hori egon liteke Eustat Euskal Estatistika Erakundeak atera dituen azken datuen atzean. Hori, eta krisia. Bi gako horiek aipatu dituzte soziologoek. Denbora-aurrekontuen inkestaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek —16 urtetik gorakoek— denbora gehiago eskaintzen diote aisialdiari eta beren buruak zaintzeari orain dela hogei urte baino. Era berean, denbora gutxiago eskaintzen diote merkatu lanari eta heziketari. Hain zuzen ere, 2008an baino 35 minutu gutxiago.

Patxi Juaristi soziologoak argi du zein diren faktore nagusiak: «Gizarte geroz eta hedonistagoan hazi da aisialdi aktiboa. Gorputzarekiko gurtza geroz eta handiagoa da». Esan duenez, lehen jende gutxik egiten zuen kirola, eta orain geroz eta gehiago dira aisialdi mota horren alde egiten dutenak. Ez edozein kirol, gainera; mendira joatea ez da aski izaten. Behar fisiologikoei eta norbera zaintzeari eskainitako denbora ere handitu egin da, eta 1998an baino 16 minutu gehiago ematen diote 16 urtetik gorakoek. Hor ere, gozamenari eta edertasunari lotutako balioak ikusten ditu soziologoak.

Aisialdiari dagokionez, aktiboari —kirola, paseatzea, txangoak, Internet...— zein pasiboari —prentsa, telebista, ikuskizunak, jokoak...— eskainitako denborak gora egin du azken urteetan. Pasiboaren kasuan, 1993tik beherako joera izan zuen, baina 2008tik gora egin du, ia 1993ko mailan jartzeraino. Aktiboak, berriz, goranzko joera izan du 1993tik. Hain zuzen ere, herritarrek hiru ordu eta 56 minutu eskaintzen diote aisialdiari.

Krisiaren faktorea ezin da baztertu. Lan gutxiago, aisialdirako denbora gehiago. «2008an hasitako krisiak eta langabeziak eragina dute, jendeak denbora gehiago baitu». Dena dela, aisialdi aktiboa aztertzean kontuz ibili beharra dagoela ohartarazi du Matxalen Legarreta soziologoak. Izan ere, Internet ere bertan txertaturik dago. «Ohiturak aldatzen ari dira, eta zaletasun gehiago dago egun kirolarekiko. Baina aisialdi aktiboan Internet dago, eta horrek datuak bestela ulertzea ekar dezake. Beraz, begiratu beharko genuke aisialdi aktiboa igotzen duen denbora hori zeri dagokion: kanpoan egindakoari edo Internetek izan duen gorakadari». Izan ere, orain dela bost urte baino zazpi minutu gehiago eskaintzen diote herritarrek ordenagailuari eta Interneti. Nabarmena da IKTek gaur egungo gizartean duten eragina.

Ainhoa Fernandez Devabentura aisialdi guneko arduradunak azaldu duenez, aisialdirako joerak aldatu egin dira duela hamabi urte hasi zirenetik. Baina, dena dela, azken hiru urteetan bezero kopurua jaitsi egin da. Aurten izan dute lehenbiziko aldiz igoera, eta egoera hobetuz doala aurreikusi dute aisialdiaren sektorean lan egiten dutenek. «Krisiak eraginda, bezero gutxiago izan ditugu aurten arte. Dirurik ez dagoenean lehenbizi mozten dena aisialdi kostuak direlako».

Aitortu du geroz eta enpresa gehiagok egin dutela aisialdiaren alde, geroz eta jende gehiagok duelako interesa. «Jendeak jarduera berriekiko interesa du: paintballa, surfa, flyboarda... denak ere kirolari lotuak, baina, era berean, ongi pasatzeko helburua dutenak», azaldu du Fernandezek. Haiek paintballa eskaintzen dute, eta beste enpresa batzuekin batera, bestelako jarduerak egiteko aukera ere ematen dute. Esan duenez, jende askok deitzen du kapeak egiteko, ontzian bueltatxo bat emateko, zaldiz ibilbideak egiteko eta abarretarako. Jarduera horiek dira beste enpresa batzuk azpikontratatuz eskaintzen dituztenak. Baina eskaintzen ez dituzten jarduerez galdezka ere deitzen dute: «Asko eskatzen dutena quad motorrak dira, baita parapentea ere». Beraz, gizartearen aisialdi ohiturak aldatu direla antzeman dute. «Nire aburuz, jendeak esperientzia berriak izan nahi ditu, eta adrenalinaren atzetik dabil. Asetzen duten eta ahantziko ez duten zerbait nahi dute».

Eustaten datuetan ikus daitekeenez, gizarte bizitzan ere aldaketak izan dira. Gehiago dira orain lagunak bisitatzeari, solas egiteari, alderdi politikoetan militatzeari eta bestelako harremanei denbora eskaintzen dietenak. Juaristik uste du krisia dagoela horren atzean. Opor gutxiago hartzen ditu jendeak, eta herrira joaten dira. Horrek familia arteko harremanari denbora gehiago eskaintzea dakar.

Matrikulek, behera

Hezkuntzari eskainitako tartea jaitsi egin da, Eustaten inkestaren arabera. Juaristik esan duenez, krisiaren lehenbiziko urteetan unibertsitateko matrikulek gora egin zuten, langabeziak denbora heziketan erabiltzera bultzatu zituelako herritar asko. Baina hori ez da azken urteetako joera.

«Berriro ere jaitsi egin da matrikula, adibidez, jende nagusiarentzako ikastaroetan. Nik uste dut azalpenetako bat dela langabezia saririk gabe geratu direla batzuk, eta ikasteko dirua behar da». Bestalde, enpresek ere langileak ikastaroetara bidaltzen dituzte, eta krisiak gastu horiek murriztuko zituela uste du soziologoak. Ikasteko edo lan egiteko paradarik ez denean, beraz, aisia aukera bat izan daiteke. Nahiz eta gastu txikia egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.