Norbera entzuteko isiltasuna

Isiltasunak batu egiten du. Hala adierazi dute ehunka pertsonak aste honetan Bilbon egin duten isiltasun jardunaldian. Azkuna zentroan egokitutako gune batean, herritarrak isiltasunean elkartu dira, norberak bere barnera begiratu eta egungo presei aurre eginez lasaitasuna topatzeko.

Asteazkenean, Bilboko Azkuna Zentroan 2.000 pertsona inguru bildu ziren egunean zehar, eseri, eta isilik egoteko. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Ernest Hemingway idazle estatubatuarrak hala esan omen zuen behin: «Bi urte besterik ez dira behar hitz egiten ikasteko, eta 60 isiltzeko». Joan den asteazkenean, ordea, 62 urtetik beherako pertsona ugari bildu ziren Bilboko Azkuna zentroan. Denak isilik. Kanpoan eguzkia eta argia zegoen arren, eraikinaren barruan apala zen argitasun hori. Eta kanpoko zalapartak eta soinuek kontrastea egiten zuten atrioan oihalekin osatutako aretoan zegoen isiltasunarekin. Beste kontraste bat: udaberria lehertu berritan kalean zegoen joan-etorri eta bizitasun gutxi zegoen Azkuna zentroan sortu zen espazio lasai eta baketsuarekin alderatuta. Isilik egoteko gune bat antolatu zuten hainbat elkartek elkarlanean, eta deiari erantzun zabala eman zioten herritarrek.

Aurreikusi baino jende gehiago joan zen deialdira. Antolatzaileen arabera, 2.000 pertsona inguru bildu zen Azkuna zentroan, egun osoan, Silence conects izeneko jardunaldian parte hartzeko. Hamargarren aldiz egin dute gisa horretako jardunaldia, baina lehen aldia zen halako leku batean egiten zutela, orain arte Bilborocken egin izan delako. Plazaren erdira eraman zuten isilik egoteko deia, eta kultura zentroa horretarako leku aproposa izan zela esan zuen Rosana Agudo antolatzaileak. Gustura zegoen jendeak emandako erantzunarekin: «Jardunaldiaren izenburuan esaten genuen isiltasunak konektatu egiten duela, hitzek eta horien esanahiek gero eta gehiago banantzen gaituztelako. Hitz bakoitzari pentsatzeko modu bat etiketatu zaio, eta horrek elkarrengandik banatzen gaitu, baina isiltasunak denok batzen gaituela esan daiteke». Horregatik jarri zioten izen hori jardunaldiari, isiltasunak «gizakiak batzen dituelako».

Isiltasuna ulertzeko modu horrek erantzuna izan zuen, baina atzetik ere babesa bazuen. 11 talde eta elkarte batu baitziren isiltasunaren aldeko aldarrikapen hori egiteko: meditaziorako taldeak, emakumeen elkarteak eta kontzientzia pizteko plataformak, besteak beste. «Baina, finean, mugimendu herritar bat gara, eta herritarrei dei egiten diegu lasaitasunean bat egin dezagun». Azkuna zentroan bildu ziren askok espazio horretan lasaitasuna eta norberarekin hitz egiteko esparru bat topatu zuten. «Jardunaldi honekin ez dugu helburu zehatzik ezarri, soilik isiltasuna bilatu eta gustura egon; isiltasunak bat egiten gaitu, eta horri heldu nahi izan diogu», Agudok azaldu zuenez. Haren arabera, isilik egoteak onurak ekartzen dituelako. «Uste ditugunak baino gehiago».

Isilik egotea ez da isiltasuna

Lasaitasun esparru bat senti zitekeen asteazkenean Bilboko Azkuna zentroan. Aretoaren erdian landare batzuk zeuden, eta, horien bueltan, dozenaka herritar eserita. Isilik, eta bakoitzak nahiago zuen jarreran. Batzuk meditatzen arituko balira bezala zeuden, eta beste batzuk euren pentsamenduetan murgilduta baleude bezala. «Norberak nahi duen moduan ulertzen du isiltasun hori, ez dugu inolako deialdirik egin asmo horrekin», Agudoren hitzetan.

Baina egun bakar bat izan zen, eta Adela Innerarity Lur Gozoa elkarteko kideak halako guneak egunerokoan bilatzearen garrantzia aipatu zuen. «Isiltasuna nire barruko gune bat da, eta bertan, pentsamenduek ez didate minik ematen; ez didate inolako presiorik egiten, eta ez nago horien esperoan. Egoera jakin batzuk beste modu batean ikusten laguntzen didate». Haren iritziz, isilik egotea ez delako isiltasuna. «Barruan badaukazu errota bat denbora guztian hitz egiten dizuna; horregatik, isiltasuna baretasun sentsazio bat lortzea dela esaten dut nik beti; ez da isilik egotea soilik».

Isiltasun edo baretasun sentimendu horrek, gainera, bizitzako garai zailei era ezberdin batean aurre egiteko aukera eskaintzen diela esan zuen: «Erabakiak hartzeko orduan edo ekintzara igarotzeko garaian baretasun hori edukitzea ezinbestekoa dela iruditzen zait; izan ere, zenbat eta egoera zailagoa izan, orduan eta garrantzitsuagoa da halako lasaitasun bat lortzea». Innerarityrentzat, egoera batzuei amorruz eta beldurrez erantzutea baita zarata. «Kaos eta min handiagoa besterik ez dute sortzen jarrera horiek». Eta halako egoerei aurre egiteko, isiltasuna bilatzea ezinbestekoa da.

Horregatik, isiltasuna sortzeari buruz hitz egin zuen Agudok: «Zarata guztiaren erdian norberaren barruan isiltasuna sortzea garrantzitsua da». Barne orekaz ari zen hori aipatzean, baina gaur-gaurkoz askok oraindik isiltasunari beldurra diotela gehitu zuen, ostera: «Lasaitasun bila dabiltzan askok ez dakite hori isiltasunetik datorrela, eta batzuetan, beldurra diote isilik egoteari; hain gaude ohituta kanpoko zaratetara, asko ez dira jabetzen isiltasunerako daukagun beharraz». Horregatik, isiltasunak mundu ikuskera indartsu bat eskaintzen dio Agudori.

Ekintzarako tresna

Era guztietako jendea batu zen asteazkeneko isiltasun ekintzara. Tartean zegoen Conny Little Mirra emakumeen lidergorako elkarteko kidea. Emakumeen ahalduntzerako tresna gisa ulertzen du Littlek jarrera hori. «Gure behar eta nahiei duintasuna emateko balio du; lehenengo isiltasuna dator, gero hitza, eta horren ondorioz sortzen da ekintza». Horregatik eman zion garrantzia isiltasunaren jardunaldiari: «Emakumeen elkarteek gizarte justuago bat lortu nahi dute, gauzak modu harmoniatsu batean gerta daitezen. Azken finean, lehentasun batzuk zehaztu, eta hurrengo belaunaldiei gizarte hobe bat uzteko».

Hori guztia isiltasunaren eta norberak bere burua entzuteari esker lor daitekeela azaldu zuen Littlek. «Jende asko dabil isiltasun bila, egungo gizartean sare sozialek eta sakelako telefonoek pisu handia hartu dutelako; eta horrek gure mundu ikuskera txikitu besterik ez digu egiten». Isiltasunean elkartu eta inguru atsegin bat lortzeak dituen onura horien jakitun, Mirra elkarteko kideak isiltasunean egoteko etengabeko gela baten beharra azpimarratu zuen asteazkenean bertan. Egun horretan ez ezik, beste batzuetan ere beharra sumatzen duelako isilik egoteko. «Itzela izango zen jendeak isiltasunean elkartzeko aukera edukitzea. Isiltasun burbuilak sortzea beharrezkoa dela iruditzen zait».

Ideia ona iruditu zitzaion hori Kepa Gumucio Ipar Haizea meditazio taldeko kideari: «Isiltasuna bizitzaren oinarrira joatea da, eta askotan, sufritzen ari garenean joaten gara isiltasun horren bila». Baina, bien bitartean, jendeak isiltasunetik ihes egiten duela azaldu zuen: «Gero eta behar handiagoa dago isiltasun horretarako, baina jendeak inoiz baino gehiago egiten dio ihes; ez dago eztabaidarik, eta ikuskizunen gizarte honetan ez da arazoen muinera jotzen». Horrek eztabaidarik ez sortzea dakar berarekin, beste era bateko isiltasuna. «Krisi batzuek isiltasuna behar dute, hausnarketa, eta, horretarako, gizartean kultura hori gehiago zabaldu beharra dago». Isiltasunaren kultura, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.