Definizioen, sailkapenen eta etiketen estutasunei eta hertsikeriei lekukotasunen bidez eta indarrez emandako erantzun bat. Gauzak ulertzeko egindako enpatia ariketa bat. Ni naiz naizena websail bat da, eta aldarrikapen bat da, norbera badela nor esateko modu bat, eta ez dute alferrik aurkeztu LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean, harrotasunez.
Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek lankidetzan sortutako websail bat da Ni naiz naizena, Izar Filmsek ekoitzia eta Izaskun Arandiak zuzendua. Zinegoak jaialdian aurkeztu zituzten lehen bi atalak, eta atzo jarri zuten ikusgai azkena. Hamar trans pertsonaren esperientzia bildu dute bertan: hamar minutuko hamar atal www.trans.eus webgunean ikugai, eta, atzotik uztailaren amaiera arte, baita Donostiako Tabakalerako 2deo espazioan ere. Pantailan testigantzak, eta alboetan haiek grabatu zituzten garaian ateratako argazkiak, hamar lagun horiei buruzko soslaiekin. Argazkilariak: Eduardo Gaviña (Yougurinha Borova) eta Nerea Falagan. Protagonistak: Aitzole Araneta, Victor Biruta, Graham Bell Tornado, Alice Diaz, Fergie Barahona, Eder Iturralde, Victor Albarado, Kimberly Zambrano, Mary Reno eta Josebe Iturrioz. Euskaraz eta gazteleraz daude azpidatziak.
Zatika eta toki ezberdinetan egin izan dituzte websailari buruzko aurkezpenak, baina atzo Donostian egindakoa izan zen aurkezpen ofiziala. Han izan ziren Izaskun Arandia Izar Filmseko ekoizlea eta zuzendaria, Izaskun Azurmendi Mugen Gainetik elkarteko ordezkaria, eta Joseba Errekalde Gehitu elkarteko presidentea. Azaldu zuten bi elkarte horien arteko elkarlana aspaldikoa dela, eta trans kolektiboaren inguruko euren kezka ere bai. «Bereziki landu eta aldarrikatu nahi dugu trans kolektiboaren gaia, eskubidea, oihartzuna, argia, beharra... Gai hau gure lehentasunen artean jarrita daukagu, eta elkarlan horren emaitza izan da Izaskun Arandiaren lan hau», nabarmendu zuen Errekaldek.
Arandiak azaldu zuen nola izan dituen bi elkarte horiek hasieratik «bidelagun», eta nondik nora datorren proiektua: «Proiektu hau beste proiektu handiago batetik dator: dokumental bat trans komunitateari buruzkoa. Dokumental luzeago horren dokumentazio eta garapen lanean elkarrizketatu genituen hainbat lagun, eta tokirik gabe gelditu ziren dokumental handiago horretan. Oso elkarrizketa interesgarriak iruditu zitzaizkidan, eta pentsatu nuen zerbait egin behar zela horrekin; garrantzitsuegia zela tiraderan gordeta gelditzeko».
Eta websaila formatu «oso egokia» iruditu zitzaion horretarako, helburuetako bat bazelako jende gaztearengana ere iristea: «Formatu erraza da, atal laburrak dira, sakelakoan ikus daitezke, dokumental azkar bat da, eta muntaketa ere halakoa dauka». Gustura daude izan duen harrerarekin eta jasotako feedbackarekin. «Pandemia bat izan dugu tartean, horrek konplikatu egin ditu prozesua eta lan egiteko modua, baina aurrera atera dugu».
Trans Legeari buruz
Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur du onartzekoa Trans Legearen aurreproiektua. Gaiari buruzko iritzia galdetuta, Errekalde Gehituko presidenteak esan zuen «autodeterminazioaren» aldekoak direla haiek, lege «integral eta aske baten alde» daudela, baina legea esku artean izan arte ez dutela euren iritzia aurreratzerik. Arandia zuzendariak argitu zuen Ni naiz naizena websailean hitz egiten dela, hain zuzen, lege horri buruz, eta bi ikuspuntu ezberdinetatik: Aitzole Aranetak aipatzen duela lehen atalean eta Josebe Iturriozek azken atalean. «Aranetak lege horren diseinuan lan egin du, eta oso ongi azaltzen du ez dela lege perfektu bat, baina hor dagoela eta beharrezkoa dela. Iturriozek ere aipatzen du legea. Legean lan egin duenaren ikuspuntua dago, eta legeak eragiten dionaren ikuspuntua ere bai».
Mugen Gainetik elkarteko Azurmendik gogora ekarri zuen beraiek Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan lan egiten dutela, eta lege hori «erreferentzia» eta «tresna» gisa erabili ahal izango dutela, «nahiz eta ez izan perfektua».
Norbera badelako nor
'Ni naiz naizena' websailaren hamargarren atala ikusgai jarri duten egun berean, haren grabazioan egindako argazkien erakusketa bat jarri dute Donostiako Tabakaleran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu