2017an kokatu zuen Movistar Plusek estreinakoz telesail bat Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo. La Peste izan zen lehena, eta ostera heldu ziren Gigantes, Vida Perfecta eta Antidisturbios. Zinemaldiak lankidetza itun bat sinatu du Movistarrekin, eta horren ondorio da plataforma digital horretako lanek azken urteotan presentzia bermatua izatea.
La Fortuna izan da aurtengo nobedadea, Alejandro Amenabarrek telebistarako sorturiko estreinako lana. Istorioak bi ardatz nagusi ditu: batetik, Espainiako Armadako Nuestra Señora de las Mercedes ontziaren 1804ko hondoratzea; eta, bestetik, ontzi hartako 500.000 urrezko eta zilarrezko txanponen aurkikuntzaren harira, Espainiak AEBetako urpeko arkeologia enpresa batekin izandako aurrez aurreko judiziala.
Guillermo Corral diplomatiko bizkaitarrak idatzitako El Tesoro del Cisne Negro komikia da telesailaren oinarria, Corralek lehen pertsonan bizi izan zuen 2007ko gatazka diplomatiko sonatu hori. Odyssey Marine Exploration enpresa estatubatuarrak urte hartan topatu zuen altxor preziatua nazioarteko uretan, eta Espainiako Gobernuak auzibidera jo haren kontra.
Amenabarrek sei ataletan eraman du fikziora istorio hori, eta Pasaiako portuan filmatu du ontziaren hondoratzea. Tintin klasikoa inspirazio iturri, telesailak abentura kutsu nabarmena du, eta guda, espioitza zein epaiketa eszenak dira nagusi. Sortzaile espainiarrak gorazarre egin nahi izan die funtzionario publikoei, eta, funtsean, Hollywooden horren ohikoak diren thriller instituzionalen tankerako istorio bat eraman du pantailara.
Amenabarrek erraztasunak izan ditu istorioa filmatzeko; Espainiako Kultura Ministerioa, Renfeko trenak eta Guardia Zibilaren egoitzak dira hainbat eszenaren kokaleku. Tarteka, umorea baliatu du burokraziaren amaraunari betaurreko kritikoekin erreparatzeko, eta gidoian txertatu ditu Espainiaren iraganeko handitasun inperialari eta egungo joera faxistei buruzko mezu batzuk.
Tamalez, esperimentua ez zaio ondo atera, eta ekoizpen ikusgarria kontakizun tamalgarri bilakatu da. Hollywoodeko izar batzuek parte hartu dute proiektuan, besteak beste, Emmy eta Grammy sariak irabazi izan dituen Stanley Tuccik. Baina aktore estatubatuarren trebezia ez da nahikoa, elkarrizketa gehienak irrigarriak dira, musikaren erabilera dramatikoa errepikakorra da, eta telesailaren bihotzean erromantze istorio konbentzional bat kokatu dute.
Eszena jakin batean, Amenabarrek Espainiaren zatiketa ideologikoari buruzko gogoeta plazaratu du, pertsonaien ahotan jarri du kontserbadoreen eta aurrerakoien arteko ezberdintasuna. Elkarrizketak, ordea, ez du inolako mamirik, eta horixe da bere porrotaren adibiderik argiena.
Kritikatu nahi duen horretan erori da Amenabar, ausardiarik eta inspiraziorik gabeko lan bigun batean. La Fortuna telesailaren helburuetako bat izan liteke nerabeak dibertitzea, beste bat historiaren eta kultur ondarearen inguruan dibulgatzea. Gibraltargo itsasartean, Madrilgo kaleetan eta bulego estatubatuarretan, baina ez dago zirrara izpirik. Non geratu ote da duela 25 urte Tesis filmarekin mahai kolpe ahaztezina eman zuen zuzendariaren sugarra?
'LA FORTUNA'
Sortzaileak: Alejandro Amenabar.
Aktoreak: Alvaro Mel, Ana Polvorosa, Stanley Tucci, Clarke Peters, Karra Elejalde.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Movistar Plus.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: abentura. Thrillerra.
Telesailak
Noraezean itsasoraturiko zuzendaria
Alejandro Amenabarrek 'La Fortuna' estreinako telesaila plazaratu du, itsasoko altxorren eta gatazka diplomatikoen inguruko fikzio historikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu