Komunikazioa

«Nora heldu nahi dugun da gakoa»

Irrati lizentzien inguruko mahai ingurua egin zuen atzo 'Berria.info'-k. Bultzatu nahi den eredua definitu behar dela diote Mikel Bujanda, Agus Hernan eta Jabier Onaindia solaskideek.

Ezkerretik eskuinera, Agus Hernan, Urtzi Urkizu aurkezlea, Mikel Bujanda eta Jabier Onaindia. BERRIA.
Donostia
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
U daberriko loreen gisa ernatu nahi lukete euskarazko irratiek, urte luzeetako negu latzari amaiera eman. Berria TBk irrati lizentzien lehiaketara aurkeztu diren hiru irratitako arduradunak bildu zituen atzo mahai inguruan: Mikel Bujanda Euskalerria irratiko zuzendaria, Agus Hernan Antxeta irratiko lehendakaria eta Jabier Onaindia Bizkaia Irratiko zuzendaria. Hirurek aro berri bat hasi nahi dute, egonkortasunetik hezi eta zabaltzeko aukeraz gozatu. Iluntasunean zirrikitu bat ireki den arren, eszeptiko agertu dira lehiaketaren emaitzekin, eta, oro har, indarrean den irrati ereduarekin.

Airean eraikitako deialdia

Aurten 78 irrati lizentzia banatuko dituzte Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia banatuko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, 34. Luzea izan da, ordea, itxaronaldia. EAEko azken lehiaketa 1986koa zen, eta Nafarroakoa, 1998koa. Bujandari ulergaitza zaio irrati lizentzien banaketa hainbeste atzeratu izana; «Banatzeko irrati frekuentzia batzuk eduki eta ez banatzea adierazpen askatasunaren murrizketa justifikaezina da». Eta banaketa garaia iritsi denean, lehiaketa beraren izaera dago ezbaian. Lizentzia deialdia testuingurutik kanpo ikusten du Bujandak, «ez da definitu zein den gizarteak nahi duen irrati eredua». Zulo komunikatiboak eta gehigizko eskaintza non dauden zehaztea ezinbestekoa dela azpimarratu du Euskalerria irratiko kideak, «Premiaren arabera azpimarratu behar dira lehentasunak». Bestelako lehiaketak ezberdinak direla gogorarazi du: «Normalean lehiaketek bi fase dituzte: lehenengo ibilbidea zehazten da, eta gero datoz adjudikazioak». Irizpide faltarekin ados agertu dira Hernan eta Onanindia ere, eta uste dute nora joan nahi den eta zein eredu bultzatu nahi den definitu behar dela lehendabiziko.

«Nora ezean» dabilen lehiaketa horren erdian kokatzen dira irrati lizentziak hautatzeko bai Nafarroako Gobernuak bai Eusko Jaurlaritzak onartu dituzten oinarriak. Bizkaia irratiko zuzendariaren esanetan, askotan proiektu berritzaileak babesten dira aniztasunaren izenean, baina, lan txukun bat egiteko etaeraberritzeko, aurretik egonkortasun bat behar dute hedabideek.Esperientziarentzat tarte bat aldarrikatu du Onaindiak eta proiektu berrien gainetik martxan daudenak bultzatzeko eskatu du.

Eginbeharra ala uste sendoa

Euskararen erabileraz diharduten baldintzek eragiten dute kezka gehien. Eusko Jaurlaritzak euskarazko irratientzat 11 esleipen erreserbatu izana ontzat jotzen du Onaindiak: «Plus bat da, baina gehiago eskatzen jarraitu behar dugu, euskarazko irratiak ez daudelako besteen parean». Bujandak, berriz, nabarmendu du premia eta irizpide batzuk ezarrita baleude ez litzatekeela halako erreserbarik behar. Ados etorri dira bi kazetariak kuota edo eskaeren inguruan. Puntu batzuk lortzearren hiru-lau minutu euskaraz «erdipurdi» egiteak hizkuntzari mesede gutxi egiten diola adierazi du Bizkaia irratiko kideak. Onaindiak esan du sinistea dela giltza, enpresak euskararen balioaz jabetzea. Hernanentzat, ordea, onak dira kuotak: «Madrilgo irrati bat behartzen dute hanka bat hemengo errealitatean jartzera, eta hori lagungarri da desoreka bukatzeko». Horra hor dilema: legeak behartuta erabiltzea euskara edo nahiak bultzatuta. Bujandaren ustez, euskaraz erdizka eginda arriskua dago funtzio komunikatiborik garrantzitsuena erdaraz egiteko; horregatik, euskarazko zerbitzu osoa eskaintzen duten irratiak aldarrikatu ditu. Zatikako eztabaidak ikuspegi biribila behar, eta ikus-entzunezko lege baten gabezia jarri dute agerian solaskideek.

Baina zein zentzu izan dezake frekuentzien erabilpena bukatzear denean frekuentziak lortzeagatik borrokatzeak? Digitalizaziorako jauzia iristear dela iragartzen da behin eta berriz, baina Bujandak azpimarratu du ez dagoela argi aldaketa zein bidetatik etorriko den: «Lizentziak gordean izateko aitzakia gisa erabili da molde berriak bazetozela, baina irratiaren teknologia berrietarako jauziak ez darama zirudien abiadura. Irratia entzungailu guztietara zabaldu da, bai, baina uhin bidezko irrati tradizionalari ezin uko egin». Apurka, egokitze prozesu batean murgilduta daude irratiak; Uhinbak sakelakoentzako aplikazioa, adibidez. Adi eta eskuak zabalik daude teknologia berrien aurrean, jakinik edozein aldaketak ahalegin handia dakarrela berekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.