Ainara Gurrutxaga. Aktorea

«Nor garen eta nor izan garen jakitea ezinbestekoa da aurrerapausoak emateko»

Franco hil ondorengo lehen urteen isla da 'Gure bide galduak' antzezlana. Pasai San Pedroko udal aretoan izango da ikusgai gaur (19:00); eta hurrengo astean azkenekoz ariko dira, Maulen.

Ainara Gurrutxaga aktorea Iñigo Aranbarri taldekidearekin, Gure bide galduak obraren une batean. AINHOA RESANO.
2013ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Gure bide galduak antzezlanaren emanaldiak amaitzear daude, urte eta erdiko ibilbidearen ondoren. 2012an Donostiako Antzerki Saria irabazi zuen, aurretik ikusleen oniritzia jasota. Ainara Gurrutxaga (Errenteria, Gipuzkoa, 1977) aktoreak proiektuan parte hartu du, eta esperientzia «ahaztezina» izan dela nabarmendudu.

Hurrengo astean antzezlanaren azken emanaldia izango da, urte eta erdi ondoren. Nolako esperientzia izan da?

Izugarria. Amestuko ez genukeen bidea egin dugu antzezlanarekin. Elkarrekin genuen memoria komun bat eraikitzeko helburuarekin hasi ginen, eta gerora hainbat emanaldi egiteko aukera izan dugu, zorionez. Esperientzia ahaztezina izan da, asko ikasi dugulako denbora honetan guztian —antzerkiaren inguruan, talde eta publikoarekiko harremanean…—. Ibilbide borobila izan da.

2012an Donostiako Antzerki Saria jaso zenuten. Zer du berezia Gure bide galduak antzezlanak?

Kontatzen diren istorioak. Gure benetako historia ez oso urrunari egiten diote erreferentzia; batzuk umeak ginen, baina antzerkiak hainbat belaunaldik bizi izan dutena lantzen du. Hainbat gai jorratzen ditugunez, horrek ikuslearekin konektatzen du. Ikusleak oso ongi daki zertaz ari garen. Beste arrazoietako bat, antzezlana oso modu sinplean egiten dugula izan daiteke. Modu xumean egiten dugu antzerkia, baina, aldi berean, antzerkiaren printzipioekiko harreman estua dugu oraindik ere.

Talde gaztea zarete, eta zuek hartu zenuten historia hurbila kontatzeko hautua. Zein izan zen abiapuntua?

Nire burutik jaio zen ideia. Taldeko gehienak Errenteriakoak gara, eta garai hura gure herrian oso gogorra izan zen. Belfast txikia ere deitzen zitzaion; kar-kar. Gertutik bizi izan dugu gatazka hori. Kaleko istiluak, poliziaren jazarpena, langile eta kultur mugimendua… Hori guztia oso present eduki izan dugu Errenterian. Bestalde, nire ama andereñoa da, eta hori izan zen abiapuntuetako bat. Antzezlanean andereño baten istorioa kontatzen dugu. Nafarroako herri txiki batetik Errenteriara iristen da, eta han mugimendu horiek guztiak aurkitzen ditu. Nire ideia taldeari planteatu nion, gogo onez hartu zuten, eta beraien ideiekin batera antzezlana josi genuen.

Franco hil ondoren, Euskal Herrian ilusioa piztu zen. Ilusio hori, baina, bere horretan geratu zen.

Erronka nagusia hori islatzea zen, baina bi dinamika horiek oso estu bizi zirela bagenekien. Mundua alda zitekeelako ilusioa piztu zen. Baina oso urte gutxitan egur asko jaso, eta argi hori galdu genuen. Desilusio horren seme-alabak garela esango nuke. Borroka galdu baten ondorio gara, eta hori pertsonaien bidez islatzen dugu. Horiek ilusio horretara eraman nahi izan ditugu, eta ondoren horiek nola zapuztu diren ikusten da. Hala ere, pertsonaiek ez dute amore ematen.

Ahazteko urteak izan ziren, baina aldi berean, beharrezkoa da une oro hura zer izan zen gogoraraztea, ezta?

Hainbeste dago ikusteko eta ikasteko orain gutxi gertatutakoaz... Inolako erreparorik gabe esaten da atzera begira bizitzea etorkizunerako oztopoa dela. Horrekin ez nago batere ados. Memoria garrantzitsua da, gure nortasunaren parte da, eta nor garen eta nor izan garen jakitea ezinbestekoa da aurrerapausoak emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.