Kontzertu bereziak (III). Agurrak

Nor bere herrian profeta

Musika talde gehienek sorreratik lotura estua izan dute beren jaioterriarekin. Hain da handia harremana, hainbatek bere herrian eman dute agurreko kontzertua.

Zaramak Santurtzin eman zuen azken kontzertua, 1994ko Ibilaldian. Irudian, Roberto Moso abeslaria. MARISOL RAMIREZ.
Iñaki Lasa Etura.
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Zailak dira lehendabiziko pausoak talde hasiberri batentzat. Entseguak egiteko leku bat bilatu, lehendabiziko kontzertuak lotu, izena egiten hasi... Hamaika buruhauste. Horrelako egoeretan, herrikoen babesa jasotzea ezinbestekoa da. Lehenengo izerdi, negar eta irribarreak herriko oholtza gainean egiten dira, eta horrek lotura sortzen du. Harreman hori bihotzean azkeneraino daramate talde gehienek.

Horregatik, ez da harritzekoa agur esateko garaian, musika talde askok sorterriko txoko kutun bat aukeratzea azken kontzertua emateko. Hala izan zen BAP, Deabruak Teilatuetan, Dut eta Zarama taldeen kasuetan. Euskal Herriko lau adibide dira, herri minezko lau istorio. Baina, ez dira bakarrak; talde bakoitzak du bere kontakizuna, berripaperetako orrialdeetatik urrun geratu ohi den bizipena.

BAP

Ezinezkoa da Andoaingo gaztetxe zaharraz (Gipuzkoa) hitz egitea BAP taldea aipatu gabe. Era berean, BAP taldeari buruz jardutean ezinbestekoa da gaztetxea aipatzea. Elkarrekin joan ziren bien bideak; hasieratik bukaerara arte. Andoaingo gazteek 1984an okupatu zuten Aingurasutegi kaleko eskola izandakoa, eta urte berean elkartu ziren Eneko Abrego, Drake, Txanpi eta Andreu hardcore doinuak jorratzeko asmoz. Gaztetxea taldekideen babesleku bihurtu zen, beren bigarren etxebizitza.

Musika arloan aitzindari bilakatu zen segituan gaztetxea. Kontzertu ugari zeuden, eta herriko taldeentzat agertoki bikaina bihurtu zen. Garai hartan puri-purian zeuden euskal talde gehienek jo zuten bertan, eta nazioarteko hainbat musikari ere izan ziren: Green Day, Toy Dolls eta Subterranean Kids dira hiru adibide.

BAP taldeak 1996ko irailaren 28an eman zuen amaitutzat bere ibilbidea, gaztetxean emandako zuzeneko batekin. Ohi ez bezala, jolastokian jo zuten, eta jendetza elkartu zen herriko semeei agur esateko. Hurrengo agurra gaztetxearentzako izan zen. Etxebizitzak eraikitzeko eraitsi zuten andoaindarren bilgunea. Urte batzuk geroago, 2003an, Metak zigiluak Bazen CD eta DVDa argitaratu zuen gaztetxeko kontzertuarekin.

Deabruak Teilatuetan

1991. urtean sortu zen Deabruak Teilatuetan, Tolosan (Gipuzkoa); M-ak taldearen abesti baten izenburua hartuta. Joni eta Imanol Ubeda anaiak eta Iñigo Arruti bateria jotzailea ziren taldekideak, baina laster Aritz Mendieta gehitu zitzaien. Etengabeko mugimendua zegoen garai hartan. Tolosako gazteak hainbat eraikin okupatzen hasi ziren, harik eta Bonberenean, suhiltzaileen egoitza ohian, sartu ziren arte. Testuinguru horretan hasi ziren lehen kontzertuak ematen Deabruak Teilatuetan taldeko kideak. Hala, Bonbereneara berehala bihurtu zen deabruen teilatu.

Horregatik, inor ez zen harritu 1998an taldeak etenaldia iragarri zuenean, azken kontzertua Bonberenean ematea. Egun horretako oroitzapen onak ditu Mendietak. Baina deabruak zirikatzaile izanik, bere teilatura behin baino gehiagotan itzuli ziren, data jakin batzuetan emanaldi bereziak emateko.

Agertokietara igotzeko gosez itzuli ziren 2007an, Bonberenean ekoitzitako 1973 diskoa aurkezteko. Nola ez, suhiltzaileen egoitza zaharrean hasi ziren berriro; deabruak eta sua beti elkarrekin. Kontzertu horri buruzko oroitzapen bikainak ditu Mendietak: «1973 diskoaren aurkezpen kontzertua Bonberenean izan zen, lagun zahar asko elkartu ziren, eta oso esperientzia polita izan zen».

Eta, etxean ala etxetik kanpo hobeto? Bonberenean «oso gustura» jo arren, herriko plazan jotzea «ez da hain atsegina», abeslariaren aburuz. Herritik kanpoko kontzertuetan lagunak egiten direla eta jende berria ezagutzen dela nabarmendu du abeslariak, eta urteen poderioz hainbat herri oso kutunak bihurtu direla.

Dut

Hondarribiko (Gipuzkoa) harrobiko talde garrantzitsuenetako bat bihurtu zen Dut 1990eko hamarkadan, eta urteak igaro ahala, kultuzko talde bilakatu da. Fugazi eta Helmet taldeen antzeko doinuak Euskal Herriratzen lehenengoetakoak izan ziren, eta, gerora, Bidasoaldeko taldeen artean aitzindarietako bat izan zen, Lif herritarrekin batera.

Talde garrantzitsua izan arren, hondarribiarrek ez zioten inoiz egin uko sustraiei, eta herriari so egon ziren behin baino gehiagotan. 2001ean kontzertuak emateari utzi zioten, baina bi urte geroago eman zuten azken kontzertua, sorterriko Psilocybenia aretoan. Youtuben gau hartako hainbat bideo daude ikusgai.

Dut-ek euskal musikan utzitako ondarearen erakusle da Tud taldea. Dut taldearen bertsioak egiten, Hondarribiko areto berean jo zuten azken kontzertua, 2010eko abenduan. Ikusleen gozamenerako, eta ezustean, kontzertua amaitu ondoren, Dut taldeko kideak taularatu ziren abesti gutxi batzuk jotzeko.

Zarama

Sardinerak bezala, Santurtzikoa (Bizkaia) da Zarama, Euskal Rock Erradikalean Bilbo ezkerraldean sortu zen taldeetako bat. Euskal Herriko txoko guztietan abestu diren ereserkiak sortu aurretik, lehen urratsak etxean egin zituzten. Hasierako egunetan jasotako babesa gogoan du Roberto Moso abeslariak: «Herrian jotzea eta zure inguruko jendearen txaloak entzutea botika ezin hobea da zure konfiantzarako».

Orduak eta orduak sartu zituzten beren musika tresnak Santurtzin astintzen. Herrian kontzerturen bat jotzean «erantzukizun berezia» sentitzen zutela dio Mosok. «Epaiketa» batekin alderatu du batzuetan nabari zuten presioa. Agian, horregatik jantzi ziren behin sardineraz, gona eta guzti. «Kristoren barreak eginarazi genizkien, agian horiexek dira oroitzapenik hoberenak».

Oso bestelako oroitzapenak ditu 1994an jo zuten azken kontzertuaz. Kontzertu berezia izan arren, garraztu egin zen eguna. Ez zen espero bezala izan. Zaramak idatzitako ereserkia atzera bota zuen ikastolako zuzendaritzak «politikoegia» zela esanez, eta horrek taldekideak haserretu zituen. Horrez gain, ETBko kamerak grabatzen ari ziren, eta jende ugari zegoen. «Oso nekagarria gogoratzen dut dena». 2009an itzultzea erabaki zuten, eta hainbat kontzertu jo dituzte ordutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.