Telesailak

Non sartu zara, seme?

‘Eric’ telesailak desagerturiko haur bat berreskuratu nahi duen txotxongilolari bat du protagonista. Abi Morganen sei ataleko thriller psikologiko berria Netflixen dago ikusgai.

'Eric' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
'Eric' telesailaren fotograma bat. NETFLIX
Mikel Yarza Artola.
2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Bahiketen eta haurren desagerpenen inguruko dozenaka film eta telesail estreinatu izan dira azken urteotan. Horregatik, sei ataleko Eric nobedadea Netflixera iritsi eta berehala, batek baino gehiagok bilaketa egingo du, ea hau ere streaming bidezko puntako plataformak etxeko ikur bilakatu duen «true crime» generoko proiektu bat gehiago ote den ala ez.

Errealitatetik ezin urrunago, Abi Morgan britainiarraren lanik berriena fikziozkoa da erabat. Suffragette, Shame eta The Iron Lady film sonatuetako gidoigileak haur baten desagerpena hartu du oraingoan abiapuntu gisa, 1980ko New Yorken bor-bor egin zuten gizarteko hamaika gai esploratzeko.

Benedict Cumberbatch (Sherlock, The Power of the Dog, Doctor Strange) Hollywoodeko izarra da istorioko protagonistetako bat, haurrentzako telebista saio ezagun bateko sortzaile nagusiaren azalean. Egun batean, haren semea eskolara bidean desagertu eta egundoko zalaparta piztuko da. Gertakariak arreta mediatiko handia bereganatuko du, eta txotxongilolaria telebista saioa baliatzen hasiko da New Yorkeko autoritateei kritika zorrotzak egiteko.

Hori gutxi ez eta, bat-batean, hezur haragitan agertuko zaio haren semeak ohe azpian ezkutatzen zela-eta paperean marrazturiko Eric munstroa. Irudimeneko laguna errealitate bilakatuko da. Haren agerpenak arindu eta komedia kutsuz zipriztinduko du orotara tonu ilun eta etsigarria duen istorioa.

Protagonistaren eta munstroaren arteko harremanak Happy (Grant Morrison, 2017) telesaila ekar lezake gogora, haurraren desagerpenak agerian jarritako klase arteko arrakalak Full Circle (Steven Soderbergh, 2023) laudatua eta telebistako kameren atzeko azpimunduak Nolly (Russel T Davies, 2023).

Desagerturiko haurraren aitona higiezinen sustatzailea da, etxegabeak lur azpian, trenbide bazterreko estoldetan bizi dira, maitale homosexualek elkar zaintzen dute hiesaren mehatxupean, eta, bien bitartean, auzoko poliziaburu beltza ahaleginak eta bi egiten ari da bere talde multikulturalak urteko helburuak bete ditzan. Narrazioaren izaera hedakorra da telesailaren bertute nagusietako bat, istorioak geroz eta azpi geruza gehiago jorratuko ditu minutuek aurrera egin ahala.

Aktoreen lan ona

Telesaila su geldoan egositako thriller mamitsu bat da, eta aktoreei zor die arrakastaren zati handi bat. Cumberbatchen alboan ageri diren gainerako interpretatzaileak ere izugarri inspiratuta daude, batez ere senar-emazteen aurrez aurreko dardaratsua ahalbidetzen duen Gaby Hoffmann (Transparent, Girls) eta agerpen bakoitzean pantaila urtzen duen Clarke Peters (The Wire, Treme) beteranoa.

Baina, kontu horien guztien gainetik, galdera klasikoak dira argitu beharrekoak. Non dago haurra? Nork bahitu du? Zenbateraino daude gurasoak gertakarian nahasita? Zein da egiaren prezioa? The Cure taldearen A Forest kantuko hitz iradokitzaileek gidatzen dute ikuslea pausoz pauso, misterioaren urrats batetik bestera.

FITXA

  • Sortzailea. Abi Morgan. 
  • Aktoreak. Benedict Cumberbatch, Gaby Holffmann, McKinley Belcher III, David Denman, Dan Fogler eta Clarke Peters.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
  • Generoa. Drama, thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.