Ikusmin handia piztu du Katalunian Non dago Mikel? dokumentalak: %16,1eko ikusle kuota lortu zuen lanak astearte gaueko estreinaldian, Katalunian —katearen ohiko batezbestekotik gora—. Sense ficció saioak denboraldi honetan lortu dituen daturik onenetan hirugarrena da. 359.000 herritarrek ikusi zuten TV3en dokumentala.
Amaia Merino bi zuzendarietako batek —bestea Miguel Angel Llamas da— uste du datuak «ikaragarriak» direla zinemagile batentzat: «Gau bakar batean 359.000 ikusle izatea oso pozgarria da. Konturatzen zara telebistako ikusleek erantzun egiten dutela, batez ere kate hori maila handikoa bada eta eduki interesgarriak eskaintzen baditu». TV3eko estreinaldiarekin «oso pozik» daude egileak: «Ikusi dugu gure helburuak betetzen ari direla. Gure asmoa izan da memoria historikoa egitea, modu emozional batean, eta kontent gaude. Katalunian torturarekin lotura duten gaiek interesa eta kezka sortzen dutela ere erakusten du».
Telebistarako 65 minutuko bertsioa egokitu du TV3ek —originala 80 minutukoa da—. Hala ere, egileak gustura daude telebistako estreinaldiarekin. Merinok nabarmendu du TV3eko langileek «bikain» egokitu dutela filma. «Ziur gaude ETBn bertsio osoa ikusi ahal izango dela». TV3ek ere 80 minutuko bertsioa emango du aurrerago -.
Kate publikoak prime time ordutegian eman zuen dokumentala, 22:05ean, asteartean. Eta sare sozialetan ikus-entzule askoren erantzuna iritsi zen: #MikelZabalzaTV3 traola erabili zuten Twitterren herritar ugarik, eta mezuetan nagusi izan zen 1980ko hamarkadan PSOEk eta Espainiako Gobernuak izandako jokabidearen inguruko kritika.
TV3eko webgunean ikusi ahalko da lana hilaren 18ko gauerdira arte —Katalunian ez ezik, Hego Euskal Herrian eta Espainian ere bai—.
ETBn eta plataforma batean
ETBk iaztik du dokumentala emateko eskubidea, baina ez du eman oraindik. BERRIAk ETBn galdetu du ea noiz emango duten, eta, erantzun diotenez, «aurten» emango dute. Gaineratu dute oraindik ez dutela zehaztu eguna.
Merinok zera esan du: «Jende askok ezin izan du ikusi. Nahiz eta zinema aretoetan ikusle asko izan zituen, pandemia baten erdian estreinatu genuen. Jende anitzek ez du aukera izan ikusteko, eta espero dugu aurten streaming plataformetan eta ETBn jende askok ikusi ahal izatea. Ziur gaude Euskal Herriko herritar askok eskertuko dutela Euskal Telebistan ikusi ahal izatea». Bestetik, Miguel Angel Llamasek joan den astean azaldu zuen akordio bat egitear direla Interneteko plataforma batekin.
Mikel Zabalzaren afera hizpidera ekartzea izan da filmaren egileen xedea. Baita torturaren gaia lantzea ere. «Helburu hori betetzen ari da, eta lantaldeko kideok pozik gaude», dio Merinok.
'Non dago Mikel?' filmak %16,1eko ikusle kuota lortu du TV3en
Hilaren 18ko gauerdira arte, Interneten ikus daiteke. ETBk esan du aurten emango duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu