Zibergela

Non argindarra, hor sarea

PLC teknologiaren bitartez, argindarra iristen den leku orotara sare konexioa ere eraman daiteke, eta, beraz, Internet konexioa ere bai, edozein entxufetan PLC gailu bat jartzea besterik ez dago; horrelako gailu batzuk, sareaz gain, wifia ere hedatzeko gauza dira.

2013ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Maiz arazoak sortzen dira sare konexioa etxeko edo enpresaren txoko guztietara hedatzeko. Izan ere, sare kablearen bidezko konexioa puntu zehatz batzuetan baino ezin da egon, eta wifiak ere bere mugak ditu. Distantziak, hormek, interferentziek eta beste hainbat oztopok ahultzen dute wifiaren seinalea.

Gainera, etxeetan gero eta aisiarako tramankulu gehiagok behar dute Internetarako konexioa: ordenagailuak, sakelako telefonoak, tabletak, bideo jokoen kontsolak, multimedia telebistak... eta, beraz, gero eta leku gehiagotan beharrezkoa da Internet edo sarerako konexioren bat.

Bada, esan bezala, non argindarra, hor sarea. Bulego edo enpresa batean dagoen edozein entxufetara, edozein lokiatara sare konexioa eramatea dago. Gainera, era errazean eta ezagupen teknikorik gabe egin daiteke, eta gailuak prezio onargarri batean aurki daitezke.

PLC teknologia

Hori egitea ahalbidetzen duen teknologiak PLC izena du, Power Line Comunications ingelesez; komunikazioak argindarraren lineatik, alegia. Beraz, PLC teknologiaren bitartez, jada dagoen azpiegitura bat, argindarraren instalazioa, erabiltzen da Internet eta sarea txoko ezberdinetara hedatzeko. Hala, bada, argindarraren azpiegitura datuak abiadura handian transmititzeko azpiegitura bihurtzen da.

PLC teknologia ez da berria, baina azkenaldian garapen izugarria izan du, etxeetan erabiltzen diren gailuen artean gero eta gehiagok Internet konexioa eskaintzen dutelako, arestian esan bezala.

Nola dabil

Sare horiek oso erraz instalatzen dira. Alde batetik, gailu txiki bat sare kable batekin ohiko routerrera konektatzen da, eta gailu bera edozein entxufetan sartzen da. Hori eginda, badago sare konexioa argindarraren linean. Beste aldetik, sarea jarri nahi den lekuetan antzeko gailuak jarri behar dira edozein entxufetan. Gailu horiek sare konexioa daukate, eta, beraz, sare kablearekin edozein gailu konekta daiteke. Halaber, gailu horietako batzuek, sare konexioaz gainera, wifi konexioa ere eskaintzen dute, beraz, horien bitartez wifi estaldura ere zabaldu daiteke. Wifia eskaintzen duten gailuak sare konexio hutsa eskaintzen dutenak baino garestixeagoak dira.

Routerrera konektatzen den gailua zein beste lekuetan konektatzen direnak sinkronizatu behar dira, horretarako, normalean, nahikoa da bi gailuetan dagoen botoi banari sakatzea.

Horietako gailu batzuek web bidezko konfigurazio aplikazioa eskaintzen dute, beraz, nabigatzaile batekin lehenetsita datozen hobespen batzuk alda daitezke.

Ezaugarri orokorrak

Egun saltzen diren gailu gehienetan 200MBko abiadura agintzen dute fabrikatzaileek, baina abiadura hori normalean ez da erreala izaten, eta abiadura txikiagoa lortzen da. Hala ere, ohiko sare lokal gehienek 100MBko abiadura dute, gutxi batzuek 1GBko konexioa badaukate ere. Beraz, 200MBko abiadura iritsi ez arren, oso abiadura ona da.

PLCra konektatzen diren ordenagailuak ez dira kommutadore eran konektatzen, switch edo etxean erabiltzen diren routerren kasuetan bezala, baizik eta konzentratzaile eran, hau da, hub gailuen kasuan legez. Nolabait azaltzeko, PLCren bitartez sarera konektatuta dauden gailu guztiek bide bakarra partekatzen dute beren datu transferentzia guztietarako; etxeko routerrean edo switch batean, ordea, gailu bakoitzak bere bidea du, eta switchean kozentratzen eta zentralizatzen dira datu transferentziak.

Fabrikatzaileak

PLC eta PLC wifi fabrikatzaile asko daude, eta batzuk oso ezagunak dira dagoeneko sareen arloan, besteak beste: D-Link, Lynksys, Hercules, Sitecomp, TP-link, Level One, Conceptronic, Devolo, Netgear eta Belkin dira ezagunenetarikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.