Geldialdiz geldialdi bidea eginez, 11. geltokira iritsi da Nomadak Gaitun, Dinagu kolektiboak antolatutako emakume artisauen azoka nomada. Orain arteko bidea «berezia» izan da artisauentzat, Leire Aiartzaguena Bravo antolatzaileak azaldu duenez: «Nabaritzen dugu Nomadak Gaitun-ek modu berezian ematen diola arreta jendeari, ez dela beste azokak bezalakoa haientzat». Hendaiako (Lapurdi) Borderline Fabrikan egingo dute bihar azoka.
Emakume eskulangileak ikusgai jartzeko sortu zen Nomadak Gaitun: «Ikusarazteko askotan emakumeak egoten garela lanpostu prekarioenen atzean». Baina, horrez gain, saretzeko, elkarri jakintza transmititzeko eta ahalduntzeko plaza bihurtu da artisau taldearentzat: «Askotan, emakumeok elkarren etsai izatera bultzatzen gaitu gizarteak, gure artean lehiatzera, eta hori amaiarazi nahi dugu».
Azoka bakoitza «bakarra» da, tokian-tokian eskulangile kopurua aldatu egiten da eta parte hartzen duten sortzaileena ere bai. Dena den, filosofia berari eusten diote beti: «Ahalik eta hondakin gutxien sortzen duten artisauak biltzea, bertako moda eta ilustrazioak eramatea, sormena bideratzea, euskara erdigunean jartzea, sortzaileak belarriprest izan daitezen ahalegintzea, jasangarritasuna zaintzea...».
Hamalau sortzailek parte hartuko dute Hendaiako tren geltokian dagoen Borderline Fabrikako azokan. Ohi bezala, askotariko postuak jarriko dituzte, islatzeko Euskal Herrian zer-nolako aniztasuna dagoen artisautza arloan: zeramika, moda, ilustrazioak, kosmetika... «Nahi dugu azoka aberatsa izatea: jendea azokara joan, eta dena ez dadila izan zeramika, edo dena kosmetika, bitxiak... Beti saiatzen gara askotariko postuak izaten, ikuslearentzat askoz ere erakargarriago izateko», adierazi du Aiartzaguenak.
Fabrika ezagutzeko aitzakia
Eskulangileek beste eragile batzuekin elkarlanean segitzen dute: azokak antolatu dituzte Bilgune Feministarekin, Aiaraldea Ekintzen Faktoriarekin eta Biziola fabrikarekin batera, esate baterako. Oraingo honetan, aukera izan dute Borderline Fabrikarekin zubiak eraikitzeko. Bisitarientzat, berriz, tren geltokiko fabrika ezagutzeko aitzakia ere izango da azoka, eta egun osoan taberna irekita edukiko dute, zerbait hartu nahi dutenentzat.
Hortaz, nomaden gisan dabiltzan artisauentzat, sarea josten eta elkar laguntzen segitzeko aukera izango da Hendaiakoa. Hain bakartia izan ohi den lan horretan hain bakarrik ez sentitzekoa: «Batzuek ez dakite sare sozialak erabiltzen, besteek ez dakite azoka bat muntatzen, beste batzuek beste zailtasun batzuk dituzte... Iruditzen zaigu azoka hauek aitzakia bat ere badirela gure artean gauza hauek komentatzeko ere, eta bakarrik ez sentitzeko. Trukeak egin, sareak erabiltzen ikasteko geratu... hori ere lortu nahiko genuke».