Zientzia

Nola lehortu landareak etxean

ARAN izeneko herbarioa du Aranzadi zientzia elkarteak; bertan bilduak, 80.000 lagin baino gehiago. Hainbat gomendio eman ditu elkarteak, etxean landareak nola lehortu jakiteko.

Aranzadiren ARAN herbarioko laginak. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko martxoaren 9a
17:46
Entzun

Bostehun urte baino gehiagoko teknika da: 1544an, Luca Ghini mediku eta botanikari italiarrak landareak kontserbatzeko modua bat asmatu zuen. Harena da, behintzat, erregistratuta dagoen lehen herbarioa. Garai hartatik egundaino ez da asko aldatu landareak lehortzeko era. Ez da misterio handirik: lehortu besterik ez da egin behar.

Herbario bat egiteko prozesuan, ordea, badira kontuan hartu beharreko hainbat pauso. Ganorazko bat egin bat nahi bada, bederen. Aranzadi zientzia elkarteak badu berea: ARAN izenekoa. 1980an sortu zuen, Euskal Herriko eta inguruko landaredia sistematikoki dokumentatzeko. 80.000 landare lagin baino gehiago dauzkate gordeta: Euskal Herriko landare bildumarik «osoena» du Aranzadik.

Duten zaharrenak 113 urte ditu; bi landare dauzkate kontserbaturik. Aspaldikoa ala berri samarra, «zein baino zein baliotsuago, herbarioan gordeta dagoen landare plegu lehor bakoitzak izango du ezagutza iturri agorrezina», Aranzadiren hitzetan.

Jatorriz, sendabelarrak erabiltzeko espezieak ondo ezagutzeko zerabiltzaten herbarioak. Helburu hori albo batera uzteke, norberak ere egin dezake bildumatxoa etxean. Zientzia elkarteak hainbat gomendio eman ditu:

Nondik hasi, bada?

Landare bilduma egiteko, landare bila joan beharko. Eta jakin beharra dago nola komeni den hartzea: zurtoinetik ez, baizik eta sustrai eta guzti. Horretarako tresna egokiak eramatea ere gomendatu dute; besteak beste, aitzur txikia, labana, landareak gordetzeko plastikozko poltsak...

Ez du edozein landarek balio: hobe da ale osasuntsuak aukeratzea. Hau da, ahaztu gaixorik daudenez edo intsektuek edo animaliek hondatutakoez. Behin lehortuta, landareak «espeziearen adierazgarri» izan daitezen, komeni da loreak eta fruituak dituztenak hartzea.

Behin hartuta, zer?

Komeni da laginak hartu eta ahalik eta azkarrena hastea lehortzen. Landareek presioa behar dute zapal-zapal geratzeko. Horretarako, prentsak erabiltzen dira: nahikoa dira torlojuekin edo sokaz lotutako bi taula. Bi taula horien artean jarri behar dira landareak, paperean bilduta. Egunkari paperak erabili daitezke, Aranzadikoek egin bezala:

Landareak nahi bezala jarri ahal dira prentsa artean, baina gomendio bat eman dute: hosto batzuen aurrealdea eta beste batzuen atzealdea ikus dadila, landarearen atal eta ezaugarri guztiak agerian geratzeko.

Zenbat denbora?

Pazientzia pixka bat behar da. Landare bakoitzak bere denbora behar du lehortzeko. Behintzat lehen astean, paperak egunean behin aldatu behar dira. Bigarren astetik hirugarrenera, bi egunetik behin. Landarea paperetik banatzen den bitartean ondo doa prozesua. Hirugarren astetik aurrera, landarearen arabera erabaki behar da lehortzeko denbora gehixeago behar duenetz.

Katalogatzea, norberaren esku

Behin lehortuta, lana ez da amaitzen. Berez, katalogatzea da herbario baten helburua. ARAN herbarioan datu hauekin gordetzen dituzte laginak: identifikazio zenbakia, espeziearen izena, landarea jaso den lekua eta eguna, biltzailea, altitudea, UTM koordenatuak, probintzia eta habitata.

Gorde aurrekoak

Landarea jasota, lehortuta, katalogatuta... Gordetzea besterik ez da falta, ala? Bada, ez. Herbarioan gorde aurretik, -20 gradutan gordetzen dituzte bi astez, birritan. Intsektu, larba eta harrapari guztiak hiltzea du helburu horrek. Gero, bai: kartoizko kaxetan gordetzen dituzte Aranzadin lagin lehorrak, landare genero eta familien arabera. Biltegiek egonkorrak behar dute izan, bai hezetasun eta bai tenperatura aldetik, landareak kaltetzea nahi ez bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.