Mikel Basarte. Ekologista

«Nola frogatzen duzu Fukushimako nukleo hark sortu dizula minbizia gaur?»

Duela bi urteko istripuaz geroztik, ehunka tona gai erradiaktibo zabaldu ditu Japoniako zentral atomikoak mundu osora. Ezbeharrean zer gertatu zen azalduko du gaur Basartek Iruñean.

Edu Lartzanguren.
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Mikel Basarte (Iruñea, 1984) ekintzaile ekologista da, eta AHT-Gelditu Elkarlaneko kidea. Filosofian lizentziaduna da, eta fisika ikasten ari da. ¿Qué pasó en Fukushima? hitzaldia emango du gaur, 19:20ean, Zabaldi aretoan.

Lehen aldian jarri duzu aditza hitzaldiaren izenburuan. Zer gertatu zen Fukushiman, edo zer gertatzen ari da oraindik?

Hondamendi nuklearrak bereziak dira. Agian ez dute berehalakoan hiltzen, baina luzera begirako kalteak izugarri larriak dira. Hainbat ikerketen arabera, Txernobilgo istripuaren ondorioz ia milioi bat pertsona hil dira. Luzera begira gertatzen dira heriotzak, kutsaduraren ondorioz, eta ez da erraza izaten kausa ondorioarekin lotzea. Hondamendiaren tamaina ikusteko, kontuan hartzen badugu zenbat erradiazio kanporatu den, itxaron beharko dugu, oraindik ez delako amaitu. Baina baditugu neurtzeko beste moduak. Istripu atomiko batean erregai nuklearren barrak urtzen direnean, korio izeneko magma bat sortzen da: Three Mile Islandeko istripuan 20 tona korio inguruko sortu ziren, eta Txernobilen 50-80 tona artean. Fukushiman 250 tona baino gehiago sortu dira.

Une honetan Fukushiman, hozteko uhaskatan daukate erregai nuklear asko. Beste lurrikara bat gertatuz gero, uhaskak zarta daitezke, ura gal dezakete eta duela bi urte bezala egon gaitezke bihar bertan.

Batez ere, laugarren erreaktorean dago arriskua. Barrak erreaktoretik atera berriak ziren, eta,oraindik oso bero daudenez, hozten jarraitu behar dute. Denbora-bonba bat da hori. Gainera, oraindik ez dago argi zer gertatu zen hirugarren erreaktorearen leherketan. TEPCO konpainiak [zentralaren jabea] dio han hidrogeno leherketa gertatu zela, baina beste askok diote leherketa nuklear txikia gertatu zela. Mox erregaia erabiltzen zuten hor, eta horrek askoz Plutonio-239 gehiago du, askoz arriskutsuagoa da.

Eta, halere, Osasunerako Mundu Erakundeak ondorioztatu duenez, Fukushima inguruan bizi direnek minbizia izateko «arrisku apur bat gehiago» baino ez dute.

Txernobilek batez ere airea kutsatu bazuen ere, Fukushiman milaka tona ur kutsatu isuri dira. Ez dago horren ondorioak neurtzerik. Gai erradiaktiboak elikagai katean sartzen dira, eta, batez ere, katearen goiko partean daudenei eragiten die, besteak beste, gizakioi. Japoniako Gobernuak, esaterako, zentzugabeko gauzak egin ditu: zentralaren inguruko 50 kilometroko eremua jendez hustu du, baina badira 60 kilometrora erradiazio maila handiagoa duten lekuak, 30 kilometrorako batzuek baino. Atmosferaren arabera mugitzen dira erradiazioa duten gaiak. Husturiko hiriak baino erradiazio handiagoa duten parkeetan haurrak jolasten ari dira. Egia ezkutatzen diete herritarrei. Txernobilen kasuan esan ziguten estatu totalitario bateko adierazpen askatasun falta eta agintarien ezkutukeria izan zela horren kausa. Hara non, ustez informazio askatasuna dago Japonian, baina antzera ibili dira.

Guri nola eragin digu Fukusimakoak?

Esaten den bezala, krimen nuklearra krimen bitxia da, badakizulako non dagoen hitzailea, baina ez nor den biktima. Izan ere, nola frogatzen duzu Fukushimatik ateratako nukleo hark sortu dizula minbizia gaur?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.