Nola erakutsi Afrika txikia

Bilboko San Frantzisko auzoan egon ondoren, Getxon ari dira grabatzen Toure detektibearen eleberrietan oinarritutako telesaila. «Ez du izango obren tonu iluna», esan du zuzendariak.

Malcolm Treviño Sitte, Tourerena egiten duen aktorea, Getxoko Muxikebarrin, herenegun. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Getxo
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Jendetza zaratatsua Getxoko (Bizkaia) Muxikebarri kultur zentroko atarian. Bat-batean, marmarrak baino ozenago: «Isildu!». Ahots apalagoak, mugimendu patxadatsuagoak. Eta zuzendariaren agindua, antzezten hasteko. Plano ia zenital batetik, eszenako hasierako uneak: Loreto Mauleon aktorea eta higiezinen enpresako gizona eztabaidatzen, hiru urtez bere etxea izandakotik kaleratuko baitute Mauleonen pertsonaia, Cristina, alokairua garestitu ondoren. Berehala, begirada aldaketa: steadycam baten ikuspegitik bikotea, urrunean; pare bat behargin aurreko planoetan. Mauleon aldentzen hurrena, pauso biziz, amorratuta. «Moztu! Beste bat». Berriro Mauleon jesarrita, hartu-emana, eta amorrua. Bi entseguren eta hiru grabaketaren ondoren, zuzendariaren oniritzia.

Hiru aste daramatzate grabatzen Toure detektibearen telesaila, Jon Arretxeren eleberri beltzen sortan oinarritutako ikus-entzunezkoa. ETB eta RTVE dira ekoizle, eta bietan emango dute. Datorren urtean estreinatzeko asmoa dute, eta sei atal izango ditu: bakoitzean kasu bat kontatuko da, hasi eta buka, eta, era berean, telasaila zeharkatuko duen trama orokor bat ere egongo da, Esteban Crespo zuzendariak azaldu duenez —Victoria Salamarekin batera ari da lana zuzentzen—. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez grabatuko dute. Arretxe bera agertuko da, koru batean abesten.

Bilboko San Frantzisko auzoan egon ziren aurrena; jaso zuten hango aniztasuna, eta grabatu zuten orobat Munduko Arrozak kulturarteko egitasmoan, ekainaren 10ean. «Bilbon izana nintzen. Telesail bat grabatu nuen —El Silencio, Netflixentzat—, eta ez nekien halako auzo bat zegoenik hemen», aitortu du zuzendariak. Hura da istorioaren ardatza, baina ez agertoki bakarra. Getxora lekualdatu dira asteon. «Trama paralelo bat dago. Telesaila bi lekutan banatu dugu: bata, San Frantsizko; bestea, leku modernoago bat, maila sozioekonomiko altuagokoa. Kontraste bat sortu dugu».

Arretxeren kontakizunari erreparatu diote, baina gidoiak lizentziak dituela esan du Crespok; batez ere, tonuari dagokionez. «Liburuak ilunagoak dira; guk telesail apalago bat egingo dugu, publiko guztientzat. Pertsonaiak leundu ditugu». Ez, ordea, Arretxek jorratutako gatazka sozialak: kasurako, Cristina eta San Frantsizkoko beste hainbat bizilagun arriskuan daude, handik alde egiteko zorian, gentrifikazioaren eraginez; fenomeno hori islatzen du, hain justu, Mauleonen higiezinen enpresako pasarteak. Eta arrazismoa ere oinarrizkoa da ikus-entzunezkoan.

Pertsonaia, norberarena

Nobelekiko distantziak aktoreei ere ekarpena egin die. Toure antzezten duen Malcolm Treviño Sitteren arabera, Arretxeren estiloa oso zinematografikoa da, eta horrek erraztu egiten du pertsonaiaren irudikapena, baina ez du mugatzen; horiek horrela, aukera izan du Toure propio bat mamitzeko. «Batik bat, haren alde emozionala landu dut, jatorrian utzitako horrekin erlazioa duena. Eta horretan sakontzeko, nire bizitzako pasarteak berreskuratu ditut. Nigana gerturatu dut». Cristina ere bere egin du Mauleonek: «Ikusi dut indar eta jenio handiko emakumea dela, semea aurrera ateratzeko edozer egiteko gai dena. Hala irudikatu dut: neska arrunt bat, bere bizitza besteen laguntzarik gabe atera behar izan duena».

Bada egokitzapen bat, eta bada mugarri bat. Izan ere, oso ezohikoa da telesail bateko protagonista nagusia zuria ez den pertsona bat izatea, saioko kideek diotenez. Areago, historikotzat jo du Crespok, inguruko ekoizpenak aintzat hartuta. «Proiektu honetatik gehien erakarri ninduten gauzetako bat da». Telesaila «berezi» egiten du, Treviño Sitteren irudiko. «Uste dut gako bat izan daitekeela, ekoizleak has daitezen denak batera halako pertsonaia gehiago sortzen».

Tentuz gerturatu dira gizon beltz migratzaile baten esperientziara, zuzendariaren hitzei erreparatuta. Aholkularitza jaso dute behar horretan: bidelagun izan dituzte Lucia Mbomio kazetari eta Madrilgo Espacio Afro elkarteko kidea eta Mamadou Ngom Munduko Medikuak erakundeko kulturarteko bitartekari eta Bilboko Mugimendu Panafrikarreko koordinatzailea. «Batzuetan, zalantza izan dugu lengoaiarekin, txisteekin noraino heldu... Arrazismoa erakutsi nahi genuen, baina egoki», adierazi du Crespok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.