Ez dira, nonbait ere, inoizko garairik onenak. Bartzelonako Nazioarteko Gaietarako Zentroaren (CIDOB) urtekariaren arabera, Bigarren Mundu Gerraz gero ez zen halakorik ezagutzen. 2023an —hamabi hilabete horretan besterik ez—, %27 goratu zen biolentzia politikoa munduko bazterretan. Palestina, Ukraina, Sahara, Sudan, Yemen, Siria, Myanmar, Etiopia, Burkina Faso, Nagorno Karabakh... Gerra edota gatazka horietatik batzuk inoren gogoan dira beti, egunero haizatzen baitizkigute —gorroto gaiztoz ez gutxitan—, batzuek eta besteek handik eta hemendik. Beste zenbait konflikto, aldiz, hortxe dira, isilean.
Gudukatua, pleiteatua eta gatazkatua da mundua. Da jendea. Halakoxea zen orduan ere, Moisesen denboran edo lehenagokoan. Garai hartan, hala ere, bazen erremedio emailerik, Bibliaren arabera, bederen...
«Mundua gaiztakeriaz eta indarkeriaz betea zegoen, den-denek jokaera makurra baitzeramaten. Jainkoak, mundua hain gaiztotua ikustean, esan zion Noeri: ‘Izaki oro suntsitzea erabaki dut, gizakien erruz indarkeriaz betea baitago mundua; gizakia eta mundua, biak suntsituko ditut.
’Egizu zeuretzat ontzi bat erretxina-egurrez. Antolatu gelak barruan eta estali bikez barrutik eta kanpotik. Hona zein neurritakoa egingo duzun: ehun eta berrogeita hamar metro luze, hogeita bost metro eta erdi zabal, eta hamabost metro eta erdi gora. Sabaiez estaliko duzu, gailurretik hegalera metro eta erdiko jaitsiera emanez. Alboan atea jarriko diozu. Hiru solairu izango ditu.
’Nik uholdea bidaliko dut mundura, zerupeko bizidun guztiak suntsitzeko. Munduko izaki guztiak hilko dira. Baina zurekin ituna eginen dut. Sar zaitezte ontzian emaztea eta biok, baita zure semeak ere emazteekin. Animalia mota bakoitzetik bikotea, ar-emeak, sartuko duzu, zurekin batera bizirik iraun dezaten. Hegazti-, abere- eta narrasti-mota bakoitzetik bina sartuko dira zurekin, bizirik iraun dezaten. Elikagai guztietatik bildu, zer jan izan dezazuen’.
»Jainkoak agindu guztia egin zuen Noek zehatz-mehatz».
Eta zazpi egunen buruan —zenbatgarren mendean garen ez zaigu esaten, Noek seiehun urte zituela baizik—, uholdea gertatu zen.
Bere horretan jaso du pasartea, baina osorik, Asun Garikano euskaltzainak Noeren ontzia gunean.
Ontzian sartu
Noek hainbatgarren mendean egin zuen ituna Jaunarekin. Oraindik orain, gure mendean, Noeren ontzian sartu da Garikano. Orain berak du arka gidatzen: «Uholdearen aurretik Noek lurreko izaki bizidun guztiekin egin zuen bezala, ontzi honek tokia egin nahi die gure kultura ondarearen ale printzipalei. Hortik izena. Aukeratu egin behar ale printzipal horiek zein diren. Biltegi ugari ditugu. Baina irakasleei ezin eskatu biltegi horietan arakatzen hasteko. Denbora behar horretarako. Adibide bat jartzearren, urteen joanean Nagore Irazustabarrenak ehunka artikulu argitaratu ditu Argia aldizkarian. Horietako hiruzpalau hautatzea da gure lana».
Esan eta egin, hona Garikanok Irazustabarrenari Argia-n jasotako bat, adibidez. 2006ko martxoaren 19an publikatua da, eta Diaz de Garaio Sakamantekas-i buruz ari da...
«Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña Egilatzen jaio zen 1821eko urriaren 16an. Arabako Lautadako hainbat herritan —Agurain, Alaiza, Izartza, Okariz eta Añua—, jardun zuen laborari eta morroi-lanetan. Bere ‘bestelako’ lanak ere inguru horretan egin zituen Sakamantekasek.
»1870eko udaberrian egin zuen lehen hilketa. Prostituta zahar bat izan zen biktima: estrangulatuta hil ondoren, gorpua bortxatu eta labanaz sabela ireki zion. Hurrengo urteko udaberrian gauza bera egin zuen adineko beste prostituta batekin. Hurrengo bi krimenak 1872ko abuztuan izan ziren, elkarren segidan: hirugarrena 13 urteko neskatoa izan zen, eta laugarrena berriro ere prostituta, baina aurrekoak baino gazteagoa. 1873an eta 1874an bi saiakera egin omen zituen, baina biktimek —beste prostituta bat eta eskale bat—, ihes egitea lortu zuten. Urte batzuk pasako ziren Diaz de Garaiok bere helburu makurra berriro lortu arte. Ofizialki behintzat. Izan ere, badira leporatu zitzaizkion baino hilketa gehiago egin zituela pentsatzen dutenak. Lau aldiz ezkondu zen Garaio eta hiru aldiz alargundu. Emazteak erraztasun harrigarriz hil zitzaizkion, baina ez zuen inork frogatu ahal izan heriotza horietan senarrak zerikusi zuzenik izan zuenik. 1878an eta 1879an, berriro, Sakamantekasen bi saiakerak alferrikakoak izan ziren, baina urte horretako irailean bosgarrena erori zen eta handik bi egunera seigarrena eta azkena. Biak inguruko nekazari gazte eta sasoikoak ziren eta haiekin Garaiok bere sadismoa muturrera eraman zuen gorpuak mutilatuz.
»Ordurako Arabako Lautadan beldurra errotuta zegoen eta Sakamantekasen mitoak Arabako lurrak gainditu zituen berehala. Hiltzailea bilatzeko ahaleginak ere gero eta handiagoak ziren. Baina azkenean kasualitateak eraman zuen Diaz de Garaio justiziaren aurrera. Egilaztarra beste baserri batean sartu zen morroi, eta inoiz ikusi ez zuen haur batek hatzarekin seinalatu eta ‘Hori aurpegia! Sakamantekas ematen du!’ bota omen zuen. Garaio atxilotu zuten orduan eta, polizien harridurarako, atxilotuak bere krimen ilunak aitortu zituen. Gasteizko Polborinean garrotez hil zuten 1881ean.
»Garaiko kronikek diotenez, Garaiok ‘Neanderthalen kaskezur eta kopeta du, masailezurra ohikoa baino handiagoa eta aurpegian asimetria ugari dauka’. Cesare Lombrosok bere L'uomo delinquente [1897] liburuan deskribatu zuen kriminalaren profila zuen —gaur egun, noski, Lombrosoren teoriek ez dute baliorik, ezaugarri fisikoek ez baitute jarrera kriminalean zerikusirik—. Garaioren garuna hamar forentsek aztertu zuten hil ondoren, Gasteizen eta Madrilen. Ondorioetan bat egin zuten denek: ez zegoen eroa, bere erabakiak erabat kontzienteki hartu zituen.
»Sakamantekas, trenez iritsitako mitoa
»Sakamantekas Diaz de Garaio baino gehiago da. Hainbat belaunalditan Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere haurrak izutzeko erabili den mitoa da. Baina Egilatzeko hiltzaileak une eta toki egokian egin zituen bereak ‘titulua’ jasotzeko. Mitoa XIX. mende erdialdean sortu baitzen, ferrokarrilaren etorrerarekin batera. Zaldi eta gurdietara ohitua zegoen gizarteak errezeloz hartu zuen burdinazko tramankulu erraldoi hura; 100 km/h-ko abiadura harrigarria zen garai hartan, harrigarriegia gauza onerako. Zurrumurruak zabaldu ziren berehala: abiadura haren sekretua gurpilei ematen zieten olio finean omen zegoen eta olio hura haurren gantz samurretik baino ezin zitekeen lortu. Horregatik, trenaren jabeek gaizkileak kontratatzen zituzten haurrak bahitu, Manchester edo Liverpoolera eraman eta bertan galdara erraldoietan urtzeko.
»Beldurrak bi lan egin zituen Sakamantekasen kasuan: lehenik mamua sortu zuen; ondoren, mamuari benetako identitatea eman zion, Diaz de Garaioren hilketak aprobetxatuz».
Noeren ontzia-n, Garikanoren arkan den Irazustabarrenaren testuak ere izu-laborrizkoa du izenburua: «Juan Diaz de Garaio, nekazari eta psicokiller».
Erreskate-lana
Gorago esan dugunez, Jaunak ituna egin zuen Noerekin, eta agindu ageria eman, ontzian sartzeko emaztea, semeak eta errainak hartuta, eta animalia mota bakoitzetik bikotea ere sartuz.
Noeren legean Garikano, baino areago, eskuzabalago, testu mota bakoitzetik nahi beste adibide sartu ditu arkan, zazpi ataletan banaturik: Historia, Literatura, Hizkuntza, Gaurko Gizartea, Ahozko Literatura, Herri-kultura eta Abestiak. Garikano ari zaigu: «Eta ez testuak bakarrik. AEBko euskal artzainen lertxun-marren berri ematen duten bideo asko aurkituko dituzu sarean. Horietako bat, Joxe Mallea-Olaetxe protagonista duena, aparta da. Horrek ere izango du tokia Noeren ontzia-n. Uholdearen mehatxuak behartu zuen Noe bere erreskate-lan hura egitera. Gure kultura ondarearen transmisioan ikusten dugun etenak bultzatu gaitu gu lan honetara».
Erreskate-lan horretan, Mikela Elizegirenetik (Asteasu, 1869 – Donostia, 1967) ari da Garikano, Literatura atalean.
«Nik sei bat urte izango nituen orduan, eta gogoan izaten dut nola egon nintzen egun batean Konportan [Asteasuko baserria Beballea auzoan] mapilaren azpian, taloak egiteko kajaren azpian alegia, beltzek [liberalek] Eizmendiko Manuela Antonirekin erdaraz hitz egiten zuten bitartean. Besteekin ez ziren entenditzen, eta harekin bakarrik. Gu artean sí eta no ere ikasi gabeak izango ginen. Gure aitak erdara pixka bat bazekien, baina amak batere ez.
»Gure atariko intxaur ondoan soldaduek sua eginda, batere zuritu gabe eta batere oliorik bota gabe, patatak lata batzuetan zerrientzat bezala egosi eta jaten zituzten. Ez dakit karlistak edo beltzak ziren.
»Gu, ume koxkorrak ere, han ibiltzen ginen, eta guri ere ematen ziguten, eta haiek bezala jaten genituen.
(...)
»Santa Kruz apaiza ere ezagutu nuen. Apaiz beltz-beltz bat zen.
»Santa Kruz eta Lizarraga [jeneral karlista] ez ziren ondo konpontzen, eta Santa Kruzen mutil bat, Antxuxe, Oiartzungo semea, horregatik fusilatu zuten. Antxuxe hori kapitaina omen zen, oso mutil fina. Hil zutenean, hark bi hitz bakarrik esan omen zituen:
»—Motellak, ni fina naizelako noak hiltzera. Izan finak aurrera ere. Nik ez daukat penarik fina izana.
»Eta dik-dak bota eta hil zuten.
»Eta haren lagunei bi buelta gorputzaren jiran emanarazi zizkieten, hari negar egiten ziotenek hainbesteko paraderoa izango zutela esanez. Orduan ere komeriak ziren!
»Karlistekin ibilia zen eta hori dena osaba Juan Kruzek kontatzen zigun. Hura karlista enteroa zen».
Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua (Hauspoa, 2016) dugu Mikela Elizegiren lan miragarria, Antonio Zavalak oraintxe hirurogei urtetsu lehenbizian argitaratua.
Eta, horrela, bata bestearen atzetik sartu dira, sartzen ari dira, testu mota bakoitzetik hainbat, nahi beste, Noeren ontzira, Garikanoren arka altxorrez betera.
Asun garikano
Bizian besterik egin du Asun Garikanok (Tolosa, 1962), baina bizi osoan egin duenaren segida da Noeren ontzia. Irakasle jardun zuen Bigarren Hezkuntzan eta IRALEn, eta eskolak prestatzeko garaian testu hautak bilatzen ematen zuen denbora: «Testu egokiak balio literarioagatik, garai edo pentsaera edo ohitura batzuen berri ematen zutelako, eztabaida pizteko aproposak zirelako, irudimenaren zirkuitoa zabaltzen laguntzen zutelako, edo… momentuarekin lotutako arrazoi ez hain serioengatik ere egoki zetozelako». Azkenik ez duen lanari lotu zitzaion, eta horretantxe ari da orain ere, Noeren ontzia-n, arka zamatzen. Hein bateko karga pisua bazuela iritzirik itsasoratu zuten ontzia ekainaren 29an —Garikanok Euskaltzaindian sarrera-hitzaldia egin zuen egunean—, eta harrezkero lau itsasoetan dabil naoa, testuak zabaltzen: «Harreman-sarea ezarri beharra daukagu Hezkuntza Sailarekin, Berritzeguneekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroarekin eta Iparraldeko Ikas Euskal Pedagogia zerbitzuarekin». Besteak beste. Bitartean, nabea badoa.