Hirugarren aldia normal antolatzeko aukera izan dute. Azkeneko urtean, berriz, ikusleriak eserita eta maskararekin egon behar izan zuen. Aurtengo nobedaderik handiena zera da: egitasmoa hiru asteburutan egingo da, ez lautan. «Orain jaiak itzuli dira; esaterako, Donostiako Aste Nagusia, eta gure asmoa ez da beste jaiekin lehiatzea; horregatik, hiru astera mugatu dugu».
Programazioari dagokionez, etzi emanaldi bat izango da, eta etzidamu beste bat: Nuvanut dantza ostiralean, eta Mikra zirkua larunbatean; bigarrengoan, antzerkiak; eta, azkenekoan, berriz, antzerkia ostiralean eta musika erakustaldi erraldoia larunbatean. «Iaz, 4.000 pertsona izan genituen; ea aurten, murrizketarik gabe, zenbat ditugun».
Azken egunean egingo den musika taldeen erakustaldi erraldoia egun osoko jarduera izango da, 16:00etatik 00:00ra bitartekoa; hamabi kontzertu izango dira. Gotzen, La Basu eta Liher arituko dira, besteak beste. Kontzertuak ping-pong estrategiaren arabera egingo dira. «Bi eszenatoki egongo dira, eta kontzertu bat amaitu bezain laster, bestea hasiko da». Horrela, ikusleek aukera izango dute kontzertu bat amaitzean buelta erdia eman eta hurrengo kontzertua ikusteko.
Izaera eta estilo askotako kontzertuak izango dira, ikusleak ere adin guztietakoak izan daitezen. Gainera, giro horri eusteko, janari furgonetak eta txosnak jarriko dituzte: janaria, edaria eta izozkiak izango dira.
Herriaren nortasuna
Kilometro Lezo zero kilometro delakoarekin alderatu du Valek. «Horrelako emanaldiei esker, herritarrek ikus dezakete ez dutela zertan kanpora joan zenbait gauza ikustera, hemen ere egiteko ahalmena eta ikusteko aukera dugulako». Haien asmoa da Lezoko eta inguruko musikariak sustatzea, kontzertuak elkarren segidan jarriz. Horrela, musikariek elkar ezagutuko dute, eta, aldi berean, ikuslek ere ezagutuko dituzte musikariak. Bestalde, emakumeen presentzia ere lehenetsiko dute jaialdian. «Azkenean, horrelako jaialdiek nortasuna eta identitatea emango diote herriari».
Emanaldi guztiak herri eskolako patioan egingo dituzte. Doakoak izango dira, baina, edukiera kontrolatzeko, ezinbestekoa da sarrerak aurretik hartzea. Sarrerak kultur bulegoan, udalaren webgunean (sarrerak.lezo.eus) eta udalaren aplikazioan eskuratu daitezke.
2022ko Kilometro Lezo
Etzitik irailaren 3ra arte, asteburuetan, Lezoko herri eskolako patioan (Gipuzkoa).