ATZEKOZ AURRERA. Lierni Azkargorta. Idazlea eta erizaina

«Niretzat pasio bat da, eta, datorrena datorrela, idazten jarraituko dut»

Osasungintza eta poesia uztartu ditu Azkargortak 'Eripoemia' poesia bilduman; besteak beste, heriotzaz eta denboraren joanaz idatzi du: «Gorputzaren kanpoko aldetik barrurako bidaia egin nahi nuen».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Lierni Azkargorta idazle eta erizainak (Lazkao, Gipuzkoa, 1979) Eripoemia poesia bilduma sortu du, eta bere bi pasioak elkartu ditu: olerkigintza eta osasungintza. Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Lehiaketaren euskarazko modalitateko irabazlea izan da; 3.000 euroko saria irabazi du, eta urrian Denon Artean argitaletxeak Eripoemia bilduma argitaratuko du. Ez da jasotzen duen lehengo saria; esate baterako, Lizarrako (Nafarroa) Maria de Maeztu literatur lehiaketan lau aldiz saritu dute. Bilduman, eguneroko gauza txikiez, denboraren joanaz, heriotzaz eta minaz mintzo da.

Nondik dator Eripoemia?

Eri aurrizkia da, eritasun edo gaixotasunetik dator, eta, aldi berean, erizaintzari keinu txiki bat egin nahi izan diot. Poe erroa izanen zen, eta poema edo poesia-tik dator. Emia odolari zuzentzen zaion atzizki gisa jaso nahi izan dut. Osasun munduan erabiltzen den termino baten bukaera da; esate baterako, gluzemia, anemia eta alkoholemia. Izenburu horrekin, gaixotasuna eta poesia elkarrekin odolean dabiltzan garai moduko bat islatu nahi izan dut.

Nola islatu dituzu hiru garaiak?

Enbrioia multiplikatuz doan heinean sortzen diren geruzak erabili ditut, gero izaki bizidunaren gorputza osatuko dutenak. Kanpotik barrura, ektodermoa, mesodermoa eta ektodermoa izango lirateke.

Zeintzuk dira garai horiek?

Lehena Ektodermia garaikidea da. Nire iritziz, gaixo daukagun gizarte horri zuzenduriko kanpora begira dauden poemak sartu ditut. Barruraxeago, Interio mesodermikoa; gorputz barnera begira egindako bidaia izango litzateke. Organoei, hormonei... begira zuzendutako poemak dira. Azken garaia Endodermia arkaikoa da. Pentsamenduen eta sentimenduen erreinu gisa, bihotzarena eta garunarena.

Nola sortu zenuen?

Aurrena izenburua etorri zitzaidan, eta zirriborro batzuk nituen. Ez dut bilatu, borobilduta atera zait. Behin aterata, irakurtzen hasi nintzen, eta forma eta lotura eman nizkion.

Zer gai jorratu dituzu?

Gaixotasunari, minari, heriotzari, denboraren joanari begiratzen dioten gaiak dira. Horretarako, osasungintzako terminoak sartu baino, ikuspuntu organikoa eta poesia uztartu nahi nituen. Biak bat eginez, gorputzaren kanpoko aldetik barrurako bidaia egin nahi nuen.

Nondik datorkizu inspirazioa?

Edozein momentutan, egia esan. Igual ideia bat etortzen zait, buruan bueltaka daukat edo bat-batean ateratzen zait. Batzuetan hor uzten dut edo berreskuratzen dut. Eguneroko txikitasunak gustuko ditut.

Lanak ere inspiratzen zaitu?

Bai, garrantzitsuena da. Lanak, momentu zailek edo ikusten ditudan egoera gogorrek. Heriotza oso gertutik ikusten dugu, hausnartzen dut, eta errealitatea ulertzeko, sentitzeko edo begiratzeko era baten bila etortzen zaizkit poemak.

Noiz hasi zinen idazten?

Aspaldi. Umea nintzenean, egunerokoa oparitu zidaten, eta hantxe lehengo ipuinak idatzi nituen. Nerabezaroan, amodio penak idazten nituen [kar-kar]. 20 edo 21 urterekin, lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen. Lanean hasi nintzenean, denbora pila bat egon nintzen idatzi gabe; egunerokoan murgiltzen zarelako, bizitzak ematen dituen kolpetxo horiek bizitzen ari zarelako. Orain dela hiru urte hasi nintzen berriz.

Zuretzat idazten duzu, edo kanpora begira ere bai?

Niretzat. Nire familiakoek badakite idaztea asko gustatzen zaidala, baina, bestela, isil-isilik mantendu dudan zerbait izan da. Nire ahizpari erakutsi nion, eta bidali nuen. Horregatik, lehiaketa honetan epaimahaiari gustatzea gauza handia da. Ez diodanez inori erakutsi, duda handiak izan ditut. Lehiaketara bidaltzen nituen poesiak, eta horrekin jasotzen nuen feedbacka. Horrekin bide onetik nindoala ikusten nuen.

Sareak sortzeko aukerak eman dizkizu poesiak?

Epaimahaiari gustatzea ikaragarria da, eta pentsatzea argitaratzean jendeak irakurriko duela... ez dago gauza handiagorik. Irakurle horri zerbait sortzen badio, ezin dut gehiago eskatu. Nik uste dut hor hasten dela sare txiki hori.

Zer da zuretzat idaztea?

Idazteko beharra dut. Errealitate txiki horiek ulertzeko, begiratzeko, sentitzeko eta adierazteko modu gisa ulertzen dut idaztea. Uste dut poesiak askatasuna dakarrela; ni, behintzat, askatu egiten nau. Ur sakon hauetan irauteko ez bada, pixkanaka ur gainera azaleratzen laguntzeko indarra ematen dit.

Etorkizunean zer beste urrats eginnahi dituzu?

Oraindik barneratu egin behar dut. Igual sinetsi egin behar dut. Niretzat pasio bat da, eta,datorrena datorrela, idazten jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.