Idazlea

Paco Jimenez: «Niretzat, komunikazioa errazteko baldintzak ez dira errepresalia bat»

Jimenez Andaluzian jaio zen, baina bost urterekin Kataluniara joan zen bizitzera. Han migratzaile gisa nolako esperientziak izan zituen kontatu du liburu batean, eta komunitate hark zer-nolako harrera egin zion.

Paco Jimenez. BERRIA
Paco Jimenez. BERRIA
nerea intxausti
2025eko martxoaren 28a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txirrindulari andaluziar baten memoriak kontatu ditu Paco Jimenezek (Peal de Becerro, Espainia, 1949) Más nieblas que claros eleberrian (Europa Ediciones). Katalunian migrante izanda nortasun pertsonal bat eraikitzeko saiakerak azaltzen ditu, eta bizikletan egindako ibilbidea eta aurretik bizitakoak kontatzen ditu. Gaur aurkeztuko du liburua, Joxerra Garzia bertsolaritza eta erretorika adituarekin batera, Donostiako liburutegi nagusian, 19:00etan. Begi bat Euskal Herrian dauka, liburuan kontatzen dena bertako isla ere izan daitekeelako. Euskal Herriko eta Kataluniako egoerek zerikusi handia dutela iruditzen zaio. 

Liburua bera hazkunde eta heldutasun pertsonaleko prozesu bat da, errepresio politiko, kultural eta sozioekonomikoan oinarritua. Zein da zure nortasuna gehien aldatu duen unea?

Gaztaroko eroaldian hasi zen dena, gizartearen, kulturaren eta hizkuntzaren alorretan askatasuna izatea ezinezkoa zenean. Geroago ere, gutxinaka-gutxinaka, frankismoaren eta trantsizio faltsu horren ondoren, askatasun hori ezinezkoa izango zela ikusarazi zidaten zantzu gehiago pilatu nituen. Garai hartan ez nukeen inoiz pentsatuko idatzi dudan liburua idatziko nuenik, iruditzen baitzitzaidan errepresio bat zegoela, pentsatzeko, erabakitzeko, iritzia emateko eta aske izatea eragozteko.

Baina 2017ko urria mugarria izan zen. Iruditu zitzaidan orduan gertatutakoa herrialde ustez demokratiko batetik erabat kanpo zegoen jokabidea zela. Erabaki nuen ez niela jokoa jarraitu nahi politikari progresistei zein kontserbadoreei, eta esku hartu nuen: hautetsontziak babestera joan ginen. Hori bezalako ekintza sinplea egin genuen. 

Horixe kontatzen da liburuan?

Liburu honetan nire eboluzioa eta identitatearen eraikuntza azaltzen dira, nola joan ginen Andaluzia bezalako eremu deprimitu batetik bizi aukerak zeuden toki batera. Xarnego bat bezala (hemen hala esaten digute Herrialde Katalanetatik kanpokoei) heldu naiz ondorio horietara, eta liburu horretan kontatzen ditut. 

«Eleaniztuna naiz, eta nahiago nuke mundu guztiak jarrera eta errespetu hori balu besteen hizkuntzekin»

Aitortu duzu autodeterminazio eskubidea defendatzeagatik seinalatua izan den komunitate bat dela, paradoxikoki, besoak zabalik hartu zintuena.

Hain zuzen, adierazi nahi dut migratzaileei ongietorria emateko modu bat dela, haien eskubide bat. Nire esperientzia positiboa izan da alde horretatik, eta ez da batere baztertzailea izan. Nik Andaluzia maite dut, Katalunia maitatzen dudan bezalaxe, baina katalana sentitzen naiz katalanez hitz egiten dudalako egunero, unibertsitatea katalanez egin nuelako, katalanez irakurtzen dudalako. Baina, aldi berean, inoiz ez ditut baztertu hitz egiten ditudan beste hizkuntza batzuk: gaztelania, frantsesa, italiera, ingelesa… Ni eleaniztuna naiz, eta nahiago nuke mundu guztiak jarrera eta errespetu hori balu besteen hizkuntzekin. Paradoxa handiagoa iruditzen zait katalanari, euskarari ala galegoari garatzeko eskubiderik ez aitortzea, eragozpenak eta oztopoak jartzea, eta horiek desagerrarazten saiatzea.

Zure ustez, zer pisu du katalanak etorkinen harreran?

Ni Ingalaterrara joango banintz ingelesak lukeen pisu bera. Normala da etorkinak hartu nahi dituen tokiko jendeak baldintza batzuk jartzea komunikazioa errazteko, eta niretzat baldintzak ez dira errepresalia bat. Edozein pertsona munduko edozein tokitan har dezaten aldekoa naiz. Migrazioa gizartearen porrot soziologikoa da, eta ez gara gai ulertzeko jendeak ahal duen lekuan bizitzeko eta hiltzeko eskubidea duela. Normala da zoazen lekuko hizkuntza jakin nahi izatea. Ni boluntario lanak egiten ari naiz Afrikatik etorri eta katalana ikasi behar duten emakumeekin. Gaztelania ikasi duten bezala ikasiko dute katalana. 

Libururako ateratako ondorioek balio dezakete euskal komunitatean aplikatzeko?

Euskadi eta Katalunia paralelismo bat dira. Euskal Herria eta Katalunia maite ditut, baina ez nator bat orain arte egon diren agintariekin, ezkertiarrak izan zein eskuindarrak. Batzuentzat garrantzitsuagoa izan da dirua, herrialdeko kultura eta hizkuntza baino. Uste dut dauden politikariek ez luketela jarraitu beharko, uste baitut jada izan dutela aukera bat, eta bestelako planteamenduei bide eman behar dietela. Liburuak barruak husteko balio izan dit.

Hasi al duzu beste lanik?

Bai, nire bilobentzako berrogeita hamar eskutitz amaitu berri ditut, hamasei urte betetzen dituztenean irakur ditzaten. Oraintxe 3 urte ditu zaharrenak; ondoan daukat. Jakin ahal izango dute liburuan aipatzen diren askotariko gizarte gaiei buruz beren aitonak zer pentsatzen zuen: migrazioaz, pederastiaz, pornografiaz, etxebizitzaz, pobreziaz, gerrez... Eskutitz emozionalak era badira. 

Nire amaren desmemoriari buruz ere ari naiz idazten. Orain dela hamabost urte hil zen, alzheimerrez. Ordutik hasita, haren jatorrira joko dut, eta haren memoria berreraikiko dut, isilik bizi izan zelako, beste ama asko eta asko bezalaxe.

lotsabako

Kataluniako leku bat?
Girona.

Zer da zuretzat xarnego hitza?
Anekdotikoa.

Zer nahiago: bizikletan ibili ala idatzi?
Biak behar ditut. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.