Eivissa eta Formentera irlen arteko [Balearrak] igeriketa lasterketan bigarren izan da berriki Iskander Sagarminaga (Galdakao, Bizkaia, 1983); hiru parte hartzailek baino ez zuten bukatu garaiz ibilbidea. Baina entrenamendutzat dauka, datorren astean ekingo baitio benetako erronkari: Jersey uhartearen itzulia.
Nola joan zen Eivissako lehia?
Jendea oso prestatuta joaten da. Hogei parte hartzaileko muga zegoen. Irabazlea, Laura Volpi, Olinpiar Jokoetan egon zen. Iberiar penintsulako probarik gogorrena da, seguruenik: 30 kilometro luze da; jendeak uste du Mediterraneo itsasoa oso lasaia dela, baina haizea sartzen da, eta gora eta behera zoaz. Itsasoaren erdi-erditik goaz. Igerilari bakoitzarekin zodiak bat doa pilotu batekin eta laguntzailearekin, eta batzuk mareatu eta botaka hasi ziren. Irabazteko neukan aukera bakarra zen itsasoa oso txarto egotea.
Orain Jerseykoa duzu. Aurreko emaitzak motibatzen zaitu?
Bakarrik joango naiz. Barku bat alokatu dut. Ez daukat inor kontra, eta aste bat dut egiteko. Batzuetan, itsasoa hain dago mugituta, ezin daiteke egin. 8.000 metroko mendi bat igotzea bezala da: hurbiltzen zara, eta, ikusten baduzu gustura zaudela, saiatzen zara tontorrera igotzen. Jerseykoan, arazoa uraren tenperatura da: 14 gradu; eta 41 milia nautiko daude [ia 76 kilometro]. Motibazioa eman dit lasterketak, ikusi dudalako ondo nagoela; ez nuen minik izan.
Erronka nagusia Jerseykoa da?
Bai. Berez, Eivissakoa zen Jerseyrako entrenamendua. Ehun bat pertsonak bukatu dute historian; lehen euskal herritarra izango nintzateke. Normalean, uztailean eta abuztuan egiten da, eta nik ekainean joatea erabaki dut, neure burua probatzeko, eta ikusteko zelan erantzuten dudan ur hotzagoko erronketan. Urte guztia daramat neopreno barik ur hotzetan igeri egiten, eta ur beroa baino hobeto daramat. 10-12 graduan, ondo egon naiz sei orduz; baina ikusi beharko nola egongo naizen hamar ordutik gora.
Erronkez ari zara: lasterketak eta zeharkaldiak aukeratzean, hori da irizpidea?
Bai: erronka izatea, neure burua ezagutzea. Lekuak ere atentzioa eman behar dit: inguruak, urak, naturarekiko harremanak... Xarma berezia izan behar du. Badaude batzuk fisikoki erronka direnak, baina lekuagatik uko egin diet: adibidez, Gangesekoa [India]. Hor ez naiz sartuko. Lekua deigarria izateak eragina du, baita nire bikotekideari gustatzeak ere [Eider Eibar ilustratzailea; entrenamenduetan eta zeharkaldietan laguntzen dio].
Inguruak errendimenduan ere eragiten du?
Bai. Leku polit batean bazaude, ura garbi badago, arrainak ikusten badituzu... Edo itsasoa apur bat mugituta badago ere, gustatzen zait. Kontu oso psikologikoak dira, eta gorabehera handiak dituzu. Aldarte onak laguntzen dizu aurrera egiten.
Ogibidez informatikaria zara. Nola uztartzen duzu igeriketarekin?
Nire lankide guztiak kirolariak dira, eta haiek ere laguntzen didate entrenamenduetan eta psikologikoki. Lanaren arabera, hilabete batzuetan ez daukat denborarik ezertarako, baina baditut beste garai batzuk lasaiagoak, eta gehiago entrenatzen naiz. Baina entrenamendua beti da lanaren araberakoa, denbora librean, asteburuetan... Ordutegi eta planifikazio jakin batzuk bete behar ditut: joan, egin eta disfrutatu egiten dut; presioa izan barik, psikologikoki askatzailea izan dadin. Ze, niretzat, psikologoarengana joatea bezala da igeriketa, estresa kentzen didalako. Eta estresa sortzen badit, orduan ez du balio ezertarako.
2015ean hasi zinen lehiatzen. Zergatik?
Beti egin dut kirola, bizikleta, futbola, eskubaloia... Zeozer egin nahi nuen osasuntsu mantentzeko, eta igeriketarekin hasi nintzen; txikitatik gustatu izan zait asko itsasoa. Ondo moldatzen nintzen: ikusi nuen dohainak nituela. Lehen saiakera hamar kilometroko lasterketa bat izan zen, Menorcan [Balearrak]; nahiko aurrean amaitu nuen. Hobetuz joan naiz, eta gaur egun nahiko maila ona dut; adibidez, Eivissakoan faboritoetako bat nintzen. Parte hartzaileetako batek esaten zidan: «Ez dut sinisten zu 33-34 urterekin igerian hasi eta niri aurre egiteko kapaz zarenik».
Entrenamenduetan eta zeharkaldietan, Eider Eibarrekin joaten zara. Ur irekietan igeri egiteak dependentzia dakar, ezta?
Eiderrekin joaten naiz, eta badago talde bat Getxon [Bizkaia], Ur irekiak Galea. Inoiz ez naiz joaten bakarrik. Itsasoan norbaitekin joan behar duzu, zure mailako norbaitekin. Gure taldean maila oso handiko igerilariak daude; eduki ahal ditudan taldekiderik onenak dira, eta oso giro ona dago.
ATZEKOZ AURRERA. Iskander Sagarminaga. Igerilaria
«Niretzat, igeri egitea psikologoarengana joatea bezala da»
Zazpi urte baino ez daramatza Sagarminagak lehiatzen, baina baditu xedeak eta lorpenak. Datorren astean beste erronka bat du: Jerseyko irlari itzulia egin nahi dio. 76 kilometro inguru dira, ur hotzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu