Ez da Amaiurko batailari buruzko olerki liburu bat, mendeurrenaren harira karrikaratu badute ere. Hezurrezko kaiolak. Amaiurtik konstelazioak idatzi du Hasier Larretxeak (Arraioz, Nafarroa, 1982), eta Juan Angel Perotxenak ilustratu du. Arraiozko elizan aurkeztu zuten, larunbatean. Atzera begiratu du idazleak, aurrean argia erakusteko.
Nola begiratzen diozu Baztani Madrildik? Atzerako ispilutik?
Egun, parez pare eta behar batetik. Nabari da bi lurren artean bizi naizela, bi esentzia ezberdinen artean: landa eremua versus hiri handia; euskara versus gaztelania. Baztan eta Madrilen arteko zubi lana egiten saiatzen naiz neure baitan, nire bizitzarekin, mamuekin eta iraganarekin. Orain, argitasun gehiagorekin begiratzen diot Baztani.
Mendeurrenaren harira idatzi duzu, baina ez da batailari buruzko liburu bat.
Nahi zuten gaur egunetik etorkizunerantz idaztea, iragana presente izanda, eta aniztasunetik begiratuta. Neure baitatik idatzita dago, baina badaude lurrari, iraganari eta Baztani egindako erreferentziak.
Erronka handia izan da?
Poesia idaztea ez da erraza, eta, enkargua denean, zeure burua egoki ikusi behar duzu. Ohartu nintzen nik, baztandar gisa eta poeta gisa, banituela esentzia batzuk, baditudala testuinguru batzuk edo ikusmira bat egokiak izan zitezkeenak.
Duela 500 urte gertatutako zerbaitek zenbateraino eragin diezaioke egungo baztandar bati?
Amaiurko alkateak esan zuen iragan hartako oinordetza edo ekarpena dugula hau. Esentzia horiek bakoitzaren espresio bideetan nabaritzen dira. Beharbada ez dugu nahi adina begiratzen gibelera, baina Baztanen beti izan dugu presente bataila hura ikur gisa. Horretan ari dira aurten, kultur ikusmiratik ekarpen ezberdinak eginez.
Nola heldu diozu gaiari?
Nahiz eta erreferentziak egin lurrari eta iraganari, liburua, berez, identitate propio batez edo periferia afektiboez mintzo da. Beharbada duela 500 urteko gizon eta emakume horien oinordekoak gara aniztasunean eta munduari begiratzeko aniztasun afektibo horretan. Horregatik hitz egin dut hezurrezko kaiolez.
Zer dira hezurrezko kaiolak?
Guztiok barnean daramatzagun zentsoreak. Bizitzaz gozaraztea zailago egiten diguten aurreiritzi, pentsaera eta hertsidurak. Izan daiteke arrazoi anitzengatik: heziketa afektiborik ezagatik, erlijioagatik... Batzuetan, usteen kontra egin behar izaten dugu zoriontasuna edo askatasuna kausitzeko.
Iraganaz hitz egiteko, hezurrak dira metaforarik onena?
Metafora interesgarria iruditzen zitzaidan indusketa lanetatik abiatu eta ukimenaz, afektuaz, sexualitateaz eta identitate afektiboez hitz egiteko. Nolatan anitz bizitzan lurperatuak izan diren kasik funtsezkoa den zerbait dastatu gabe edo sentitu gabe.
Sexualitatea, afektua, desira... ageri dira, baita Eliza eta haren kontrako kritika ere. Zer dela eta?
Modu naturalean atera zait. Nire libururik intimoena da euskaraz, eta homosexualitatea lehenbiziko planoan agertzen da. Nik, afektibitateaz edo sexualitateaz hitz egiteko, ezin dut saihestu Eliza. Paradoxikoa da liburua elizan aurkeztea. Kulpa sentitu izan dut homosexuala izateagatik, eta Elizaren kontrako iruditeria izan dut nerabezaroan. Denborarekin, beste harreman bat dut, eta artearen eta mistikaren aldetik gerturatu naiteke. Elizarekin nuen korapilo hori askatu eta leuntzeko interesgarria izan da aurkezpena.
Lurra iraultzen aritu zara poema hauek idazteko garaian?
Guztiz. Lurra nahasten, lurrean eskuak lohitzen ere bai. Saiatu naiz pentsamena sorterrira eramaten eta hango iruditeria baliatzen. Niretzat, idaztea eskuak lohitzea da. Horri esker garbitzen gara, erortzen,eta ikusmira bat eskaini dezakegu.
Bukaeran, aforismoak eta poema motzak daude. Zer nahi zenuen?
Liburua iluntasunetik argirantz hurbiltzen saiatzen da: kondentsazio batetik poema arinagoetara.
ATZEKOZ AURRERA. Hasier Larretxea. Idazlea
«Niretzat, idaztea eskuak lohitzea da»
Baztanera itzuli da Larretxea, Amaiurko batailaren mendeurrenaren harira idatzi duen liburua aurkezteko. Indusketetan bezala, lurretan lohitu ditu eskuak, aurrera begirako ikuspegi propio bat eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu