Egoitz Arrieta Barria: «Niretzat ez da gauza bera oporretan joatea eta bidaiatzea»

Egoitz Arrieta Barria eta Oihana Urtizberea Erauso Irundik Senegalerako bidaia egiten ari dira 1989ko Volkswagen LT28 furgoneta batean. Pixkanaka doaz, eta oraindik ez dute Senegalera heltzeko datarik jarri, ezta etxera itzultzeko ere.

Oihana Urtizberea eta Egoitz Arrieta Volkswagen LT28 furgonetaren ondoan, Zagoran (Maroko). EGOITZ ARRIETA
Oihana Urtizberea eta Egoitz Arrieta Volkswagen LT28 furgonetaren ondoan, Zagoran (Maroko). EGOITZ ARRIETA
nerea intxausti
2025eko martxoaren 21a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Txorien txorrotxioak entzun dira telefonoaren beste aldetik. Marokoko txoriak dira, basamortu baten ondoko kanpin batekoak. Afrikan barrena bidaiatzen ari da Egoitz Arrieta Barria (Rancagua, Txile, 1996), Volkswagen LT28 furgoneta hori kanperizatu batean. Oihana Urtizberea Erauso du bidaide. Senegalera heltzea asmo dute. Beren bidaia @vanbananalt Instagram kontuan ari dira kontatzen. 

Munduko leku guztien artean Senegal aukeratu duzue.

Marokora etortzea buruan genuen duela bizpahiru urtetatik, baina ez zen suertatu, eta, trukean, Txilera joan ginen motxilarekin. Orain gutxi, baina, lortu genuen bidaiatzeko denbora hartzea. Abenduaren 28an atera ginen Irundik [Gipuzkoa], bi hilabete igaro genituen Espainian zehar, eta Marokora etorri ginen gero. Hiru aste eta erdi daramatzagu hemen.

Beraz, bidaia luzea izango da...

Bai, eta onena da denbora daukagula. Eta eskerrak, furgoneta 80-90 kilometro orduko abiaduran baitoa eta distantziak oso luzeak baitira hemen. Egunean hiru bat ordu egiten ditugu gidatzen: toki batzuetan egun bat geratzen gara, baina, gustura bagaude, eta inguruan dendak badaude, denbora gehiago igarotzen dugu. Pixkanaka goaz. 

Nolatan duzue denbora?

Lan dezente egin, eta gero lana utzi nuen. Aurreztutako dirua bidaiatzen gastatzea da asmoa. Niretzat ez da gauza bera oporretan joatea eta bidaiatzea: oporretan gehiago xahutu ohi dugu, eta presaka ibiltzen gara; gure bidaietan saiatzen gara diru askorik ez gastatzen, ez dugu kapritxo handirik.  

Ondo sartzen zarete furgonetan?

Bost metroko luzera du, eta nahiko zabala da. Gainera, zutik jar gaitezke; beraz, ondo moldatzen gara. Sua daukagu, hozkailua... Denetarik kozinatzen dugu! Hori bai, ahal dugunetan mahaia eta aulkiak ateratzen ditugu, eta kanpoan egoten gara. 

Izan da gaizki pasatu duzuen egunik?

Bai. Tanger gurutzatu eta Xauenera [Maroko] joan ginenean, gidatzea gogorra izan zen. Ondoren, Fez hirira joan ginen, eta gogoan dut biribilgune batean izugarri estutu nintzela. Egun horien ondoren benetan galdetu nion neure buruari furgonetan jarraitu nahi nuen. Nahiz eta ohituta egon, batzuetan gogorra izaten da, eta leku lasai batean pare bat egun gelditu beharra izaten dugu. 

35 urte baino gehiago dituen ibilgailu batekin zabiltzate. Jakingo duzue mekanikaz, ezta?

Tira, pixka-pixka bat, baina ibilgailuak berak behartzen zaitu horri buruz jakitera. Atera aurretik prest jarri genuen: olioa aldatu genion, filtroak ordezkatu genizkion, gurpilak aldatu genituen... Ordezko pieza batzuk daramatzagu gurekin, baina ez asko. Bueno, eta Whatsappeko talde bat daukagu antzeko furgonetaren bat daukan jende dezenterekin, eta bertan galdetu ohi dugu; asko dakite. Oraingoz furgonetak ez gaitu inoiz salduta utzi. 

Furgonetan egiten duzuen bizitza kontatu, eta influencer izan nahi zenuke?

Ez pentsa. Instagramen argazkiak jartzen ditut, baina nire lagunek nola gabiltzan ikus dezaten. Ez dut egiten jarraitzaileak lortzeko asmoarekin. 

Bizikletak daramatzazue furgonetaren atzean...

BMX bizikletan ibiltzen naiz, eta nire ilusioa litzateke hemengo haurrekin skate parke batean ibiltzea. Bidaia honetan oraindik ez dut atera, baina, halere, distantzia motzak egiteko oso egokiak dira. 

Noiz helduko zarete Senegalera?

Ez dakigu. Seguru asko, oraindik beste hilabete bat pasatuko dugu Marokon; ez gehiago, bisa hiru hilabetekoa baita. 

Eta Irunera buelta?

Hori ere ez dakigu. Ideia bat da Senegalera heltzea, furgoneta bertan uztea, Euskal Herrira itzultzea lan gehiago egiteko, eta gero berriro itzultzea. Edo furgoneta Latinoamerikara bidaltzea ere pentsatu dut, eta gero gu joatea, baina hori amets bat da oraindik. 

lotsabako

Bisitatu nahiko zenukeen leku bat? Mexiko. 

Furgonetako toki bat? Egongelatxoa. Denbora pasa bat? Oihanak makrame egiten du; ni BMX bizikletan ibiltzen naiz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.