Finalean kantatu duen aldietan baino «urduriago» egon ei da Serapio Lopez bertsolaria (Ziorraga, Amurrio, Araba, 1960) aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan, berak izan baitu Peru Abarrategi txapeldunari txapela jartzeko ardura, protokoloari «ostiko» batzuk emanda, aurkezleak bere izena esan aurretik baitzegoen oholtzan. «Aldrebes samarra naiz». Era horretan izanda ere, ordea, Arabako bertsogintzan eginiko lana aitortu diote.
Txapeldunari txapela jartzeko aukera izan zenuen. Zer sentitu zenuen?
Oso sentsazio berezia bizi izan nuen, baina ase ninduena. Urteetan egindako ekarpena aitortua izan zedin eman zidaten honetarako aukera, eta, horrelako gauzak asko gustatzen ez zaizkidan arren, onartu egin nuen. Gainera, ilusio berezia egin zidan Peruri nik jartzea lehenengo txapela.
Gustuko duzun bertsolaria al da?
Lehendik daukadan iritzi bat da, eta ingurukoei komentatu izan diet. Peruk erakarpen berezi bat dauka: bere ahotsa, egoteko modua... Klasiko izaera du. Batzuetan, Uztapide zenaren ahotsaren antza duela iruditzen zait, edo Lasarterena. Horrek bere xarma du, eta Araban ez dauka beste inork.
Txapelketa honetan ez duzu parte hartu, baina bai aurreko batzuetan; azkenekoz, 2017an egon zinen finalean.
Txapelketan parte hartu izan dut, eta 2017an finalera iritsi nintzen, bai, baina orain hiru urte kantatu nuen ofizialki nire agurra, Legution [Araba], banekielako ez nintzela iritsiko finalera. Are, batzuetan iritsita ere, ez dakizu zer-nolako kaosa datorkizun.
Nolakoa?
Hasieran animoso zaude, pozik, baina finalean pentsatzen hastean, gauza oso serio bat bilakatzen da. Urte hartan, 2017an, azkena gelditu nintzen, bakarka ez nintzelako batere ongi aritu. Gainezka eginda nengoen. Baina egin nuen nire ekarpena, eta hori da azken batean balio duena.
Arabako lehen txapelketetan ere aritu zinen bertsotan.
Bai. Gu orain 40 urte hasi ginen bertsotan, 1982an, lasterka eta korrika. Sekulako ilusioa geneukan, gogoa, eta Abel Enbeita zen orduan arduraduna. Ausarkeriaz, 1984an antolatu zuen lehendabizikoz Arabako txapelketa, orduan eskolan genbiltzanokin, eskas samarra izan zen arren: esperientziarik ez, hasi berriak... Atera kontuak! Baina gero denok egin genuen hobera, eta 1990ean hasi ginen San Prudentzio sariketarekin, esperientzia txar bat izan nuen arren 1994an.
Konta al daiteke?
Guk lehen berbenetako atsedenaldietan abesten genuen, gabetan, eta gogoratzen dut Orozkozko auzo batean [Bizkaia] bertsoarekin jarraitu ezinik gelditu nintzela. Trauma latza eragin zidan horrek, eta bospasei urte egon nintzen jendaurrean kantatu gabe. Baina ibili nintzen bertso irakasle, eta horretan nabil oraindik ere, jendearekin entrenatzen.
Zerk bultzatu zintuzten bertsotan hastera?
Ni euskaldun berria naiz, Francoren garaian euskara erdi ezkutuan ikasten hasitakoa. 10 urteren bueltan, interes berezi bat piztu zitzaidan euskararekiko, eta zeuden aukera urriak hasi nintzen aprobetxatzen. Liburu batzuk zeuden, eguneroko elkarrizketak eta hiztegi bat zekartzatenak euskaraz eta gazteleraz; baina ez euskara batuan, baizik eta bizkaieraz edo gipuzkeraz. 16-17 urterekin, berriz, euskalduntze metodoa sortu zen, eta horrekin ere aritu nintzen. Azkenean, 20 urte nituela, 1981eko urtarrilean, AEKn apuntatu nintzen, Laudion [Araba], eta aurrez ikasitako guztiak balio izan zidan, bigarren mailatik hirugarrenera pasatu baininduten. Mutrikun [Gipuzkoa] ere egin genuen Aiaraldeko lehen barnetegia urte horretan bertan, eta ja ez nuen gehiago ikasi behar izan. Pentsa, irakasle sartu ninduten! Baina kezka bat genuen: behin euskararen maila horretara iritsita, zer geratzen zitzaigun egiteko?
Bertsotan aritzea?
Euskararen gutxieneko jakintza neukanetik sumatzen nuen bertsolaritzaren inguruko miresmena edo jakin-mina. Are, 1981-1982an, Bilboko Herri Irratian, igandero ematen zuten bertso saio bat. Ez nien erdia ere ulertzen, baina saioak grabatzen nituen, arratsaldetan entzuteko, eta hiztegiaren laguntzaz ulertzen saiatzeko. Masokista lana. Baina 1982an hiru lagun elkartu ginen, eta erabaki genuen UEU Udako Euskal Unibertsitateko bertso eskoletan apuntatzea.
Eskaintza hori al zegoen?
Bai, [Xabier] Amuriza hasia zegoen bertso eskolak ematen, eta bi asteko ikastaro batean eman genuen izena. Koplak kantatzen hasi ginen, inprobisatzen, eta guretzat sekulako lorpena izan zen. Are, gogoan dut orduan hasi nintzela euskaraz amets egiten! Eta, azkenean, Amurizak eman zigun gure ibarrean bertso eskola bat jartzeko ideia. Eta horrela egin genuen, Aretan [Araba].
Zein izan zen horretarako bidea?
Urrian deitu genion Amurizari, lehen bertso eskola bat emateko eta aurkezpenerako. Eskola magistral hori entzutera hirurogei pertsona inguru batu ostean, hogei inguru hasi ginen geure kabuz bertsotan. Baina 1983an Abel Enbeitari deitu genion, gure didaktika eta pedagogia oso egokiak ez zirela ohartuta. Urte berberean, gainera, Gasteizen hasi nintzen lanean, eta bertako bertso eskolan ere aritu nintzen.
Gogoan al duzu zure lehenengo bertso saioa jendaurrean?
Nire debuta San Sebastian egunean izan zen, Orozkoko auzo batean. Han ibili ginen lehenbizikoz bertsotan, baina lagun giroan, auskalo nola. Horren ostean, Arabako harri jasotzaile txapelketa egin zen Amurrion [Araba], eta hori izan zen jendaurreko lehen saioa. Baina lehena sentitzen dudana Taket sariketakoa da, Mungian [Bizkaia] egindakoa, 1984an.
Gogoangarriena al da?
Bai, eta gogoan dut hor kantatu nuela nire aldiko bertsorik gogoangarriena ere. Bertsolari pila batek kantatzen genuen goizean, 20-25 inguruk, eta sei onenak hautatzen zituzten arratsaldeko finalerako. Dena den, akorduan dut zortziko nagusi batean, ofizioka, oinak emanda bota nuen bertsoa.
Kantatuko al duzu?
Bila, makila, abila eta bonbilla ziren hitzak, eta, nahiz eta puntuen ordena ez dakidan ondo dagoen ala ez, tankerako zerbait zen: «Sukaldean sartu zen janariaren bila/ katua botatzeko hartu nuen makila/ baina ez nintzen izan batere abila/ bera jo beharrean hautsi nuen bonbilla». Betirako gogoan gelditu zaidan bertsoa da, eta han ziren batzuek oraindik ere gogoratzen dute.
Gaur egun, zer egoeratan esango zenuke dagoela bertsolaritza Araban? Abarrategik berak bota zuen bukaerako agurrean: «Ama berdinak erditu/ baditu zazpi alaba/ merezi duen moduan/ zaindu ezazue Araba».
Berak sentimenduz bota zuela esango nuke. Egia da badatozela gazte onak, eta bertsoak ere badituela bere eremuak; esate baterako, Aramaio [Araba]. Sekulako harrobia dago. Eta beste inguru batzuetan era badabiltza lanean. Lautadan, Oihane Perearekin dabiltza batzuk, Gasteizen ere badira bertsolari gazteak: Maddi Agirre, Aroa Arrizubieta... Eta baita Zuian ere: Unai Anda, adibidez. Egia da dena ez dela negatiboa, eta badagoela esperantza. Badatoz gazte batzuk, eta apur bat eutsi eta desanimatu ezean, egin dezakete aurrera. Baina eustea da zailena, eta Arabako baldintzetan batez ere.
Zer beharko litzateke eusteko?
Euskara bera mantentzea, bizimodu guztia edo gehiena euskaraz egin ahal izatea. Nire teoria da, baina uste dut guk euskara ikasi ahal izateko esfortzu handia egin behar izan genuela; gazteek, ordea, ez dutela ikasi, irakatsi egin dietela. Horregatik, ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen, eta erdarara jotzeko ohitura dute batzuek. Esango nuke garai zail batean gaudela, baina baliteke gerora buelta ematea eta aldi hobeak etortzea. Ni agian ezkor samar nabil, baina jendea erlaxatu egin da, eta horrek badu bere isla bertso munduan.
Euskararik ez bada, bertsorik ere nekez egongo da?
Bizimodu guztia euskaraz egin ezean, ez duzu sekulako maila bertsoari ekiteko, bertsotarako euskara maila sakona behar baita. Euskaraz bizi behar da, eta baita euskaraz pentsatu ere. Imanol Lazkano bertsolariak askotan esan du bertsolariak bertsolari izan behar duela eguneko 24 orduetan.
Hara! Eta nola egiten da hori?
Altxatzen zarenetik ohera joaten zarenera arte bertso kablean pentsatuta. Eta niri hori gertatu izan zait batez ere txapelketa garaian. Jendeak esaten zuenari adi egoten nintzen, eta norbaitek zerbait interesgarria esanez gero, ttak, hori bertsotan ipintzen saiatzen nintzen. Eta berdin albistegiekin ere.
Jasotako ideia horiek zabaltzeko zebilkizun, beraz, bertsoa.
Besteak beste, jakina. Gaitasun hori baitu. Bertsoak funtzio hori bete behar du, mezu bat zabaltzekoa. Are, uste dut jendea bertsolariek kantatutako mezuekin gelditu ohi dela.
Eta, pertsonalki, zertarako balio du zuretzat bertsoak?
Nik beti esaten dut niretzat bertsoa terapia dela; besteak beste, arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot. Lan edo osasun arazoren bat edukiz gero, esaterako, bertsoari eusten diot, eta helduleku ona aurkituz gero eta bertso onak ateraz gero, arazoak hor jarraitzen du, baina arinduta edo beste begirada batetik behatuta. Nik hori beti diot, eta jende asko gelditzen da harrituta. Baina bertsoa pasioa da niretzat, egunerokoa, nahiz eta ez izan 24 orduz, Lazkanoren eran!
Serapio Lopez. Bertsolaria
«Niretzat, bertsoa terapia da; arazoren bat edukiz gero, bertsotan heltzen diot»
40 urte igaro dira Arabako lehen bertso eskola sortu zutenetik, eta Lopez izan zen sortzaileetako bat. Ordutik, alboan izan du bertsoa, eta, eginiko lana eskertzeko, aurten berari eman diote Arabako bertsolari txapeldunari txapela jartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu