'Tonban ehortzirik'

Carmelo Ortiz de Elgea: «Nire margolanek zain ezkutuak dituzte, haiei esker gauzatzen da obra»

Urteko lehen hilaren 11n zendu zen Carmelo Ortiz de Elgea margolaria. Haren bihotz nekatuak eritasun larria salatua bazigun ere, beste behin ere Dulantziko estudioan hartuko gintuelakoan ginen. Haizeaz bestaldetik mintzatu zaigu adiskidea.

Carmelo Ortiz de Elgea, Dulantziko (Araba) estudioan. ZALDI ERO
Carmelo Ortiz de Elgea, Dulantziko (Araba) estudioan. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
2025eko otsailaren 6a
05:00
Entzun
2009ko udan elkarrizketan ginen Zarauzko Sanz Enea jauregian, zure lanen erakusketa aitzakia. Edorta Kortadi arte-kritikariari kontsulta eginik joan ninduzun, zure lanaz zentzu pixka batekin jardun nahirik...

Eta, nirekin hitz egin behar eta, zertan kontsultatu zenuen inorekin? Kritikariak artistaren lana sailkatzera joko du beti. Bizio horixe dute. Artistaren lana sailkatu behar dutenez, erreferentzia komunetara jotzen dute: «Halako, Bacon da. Beste halako hura, berriz, Tapies». Kritikariek beren diskurtsoari eusteko erreferentziak sortu behar izaten dituzte. Esate baterako, inoiz esan didaten gauzarik politena Bartzelonan esan zidaten behin. Nire margoen erakusketa bat zen, eta etorri da kritikaria eta esan zidan: «Neure ofizioaren ajea izango da, beharbada, baina ez dakit zure obra non sailkatu!». Komentario zoragarria iruditu zitzaidan, benetako lorea! Eta, honetaraz gero, zer esan zizun Edorta Kortadik?

Naturaren presentzia, kolorearen tratamendua, zure lanen tamaina... zenbait abiapuntu eskaini zizkidan.

Naturarekiko joera Aretxabaletan [Gasteiz] jaioa izatearekin lotuta dago, seguru. Txikitan, soroetara joaten nintzen margotzera. 6-7 urte nituela egindako akuarelak gordeta dauzkat oraindik. Ingurua margotzen nuen. Herri txiki bat zen orduan Aretxabaleta —joan zaitez orain, eta ikusi zer bihurtu den, etxez betea, Gasteizkoa da aspaldi—, eta ez arteaz ez pinturaz aditzen genuen ezer. Arte libururik bazela ere ez genekien! Baina horixe egiten nuen nik, sorora joan eta ikusten nuena margotu: arbolak, ibaia, baserriak, mendia... Natura margotzen nuen, naturan bertan sartuta. Eta gauza bat esango dizut, oraingo margolanek ordukoen antz ikaragarria dute! [Barrez] Orain bezalaxe margotzen nuen txikitan!

Natura margotzen duzu, baina ez bere horretan ageri zaigun bezala...

Ez, bada! Berrinterpretatu egiten dut. Paisaiak egiten ditut, baina neuk asmatuak dira! Margolana bera da inportanteena. Izan liteke mendia edo izan liteke kolore orbana, baina margolana bera da behinena, obraren interesa edota intentsitatea. Eta berdin da obra abstraktua den, edo ez: interesa izan behar du. Nola esan?... Nire mundua naturan dago. Asko baino gehiago erakutsi dit naturak. Natura, nire baitan, dena da: gizakia, itsasoa, mendia... zirimiriaren modukoa da, blaitzen nau eta mundu jakin bat iradokitzen dit, neure baitan gorderik daukadana. «Honek halako gogorarazten dit», esango dut, edo sentituko dut. Eta horixe da hitza, «gogorarazi». Nire barruan zer edo zer zigilatuta balego bezala da —ni kontziente ez naizela—, eta halaxe ateratzen da nire lanetan, nik nahi gabe ere.

«Inoiz esan didaten gauzarik politena: ‘Ez dakit zure obra non sailkatu zure obra!’»

Koloreaz hitz bat edo bi, Carmelo...

Horixe da batzuek eta besteek, kritikariek eta ez kritikariek, nire lanean azpimarratuko dizuten beste ezaugarri bat. Nik ez diot aparteko garrantzirik ematen. Haatik, gauza bat esango dizut: %80an neuk eginak dira nire margolanetako koloreak. Neure gustukoak sortzen ditut. Barre egingo duzu, baina niretzat kolorerik ederrena da koloreak behin eta berriz eta askotan nahasi eta gero, potean agertzen den gris hobezin hori! «Ez ahal zait inoiz agortuko, behintzat!», esaten diot neure buruari orduan. Hargatik, inoiz esan izan dut grisa dela kolorerik nagusiena. Norberak sortutako grisa, alegia, gris hori ez baita azul, ez beltz, ez marroi... Ezin definituzkoa da, misterioz beteta dago.

Tamaina handiko margolanak egiten dituzu, zu zeu bertan sartzeko modukoak.

Batzuei tamaina txikia gustatzen zaie, eta niri, aldiz, handia. Baina handi-handia, gero! [Barrez] Ni neu fisikoki margolanean sartzeko modukoa. Edota zuhaitz bat, tamaina naturalekoa, sartzeko modukoa! Batzuetan, paisaiaren handitasuna erakusteko, eta haren eskalaren handia azpimarratzeko, iruditxo batzuk asmatzen ditut. Ikaragarri gustatzen zait tamaina handia, tamaina txikia borrokabide gertatzen zaidalako! Sasoi batean, Madrileko Prado museora joan, holandarren margolanetako paisaia miragarriak ikusi, eta miretsirik nintzen. Haien margolanak ez ziren handiak, baina, hala ere, haietan denetarik ageri zen: zuhaitzak, itsasoa, txoriak, elefanteak, txalupak... «Sasiko hau, ordea, nola moldatu da gauza horiek denak 50 bider 60 cm den lan batean sartzeko?!». Tamaina handian ez dut batere eragozpenik: emadazu horma bat, edo fatxada bat eta, ez kezkatu, bihar bertan margotuko dizut!

Utzidazu 1966ra joaten... Agorrilaren lehena dugu, eta Arabako Orain taldearen erakusketa Donostiako Barandiaran aretoan. Ikusgai jarri dituzte hiru margolariren lanak —Joaquin Fraile Mariñelarena, Juan Mieg eta zu zeu zarete—, Alberto Schommerren argazkiekin batera.

Hura oso garai inportantea izan zen, Jorge Oteizak ekarritako haustura hura, alegia. Margolaritza tradizionalarekin hautsi genuen, baina arte ona eginez. Jorgek [Oteiza] kezka artistikoa eragin zuen gure artean, eta, horretarako, ikusteko eta egiteko modu garaikidetik abiatu zen. Niretzat oso inportantea izan zen, baita gure herriarentzat ere. Abangoardia ginen, Europa mailan! [Eduardo] Txillida, [Jorge] Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi, Juan Mieg, [Jose Luis] Zumeta, Amable Arias... Garrantzi handiko artistak, ordurako gauza asko kontatuta zegoena, eta inori irakasteko ere gaitasun handia zuena.

«Uste dut artistak gure herriaren enbaxadore onak izan gintezkeela»

Orain taldearen agiritik ari naiz, gutxi-asko: «Lehen hipotesi artistikotzat hauxe aldarrikatzen dugu: esperimentatzeko eta ikertzeko borondatea, formula artistiko zaharkitu, atzerakoi, akademizatu oro gainditzeko nahia. Ez dugu gauzak egiteko eredu kosmopolitarik nahi, gure herrian integratuta iraun nahi dugu, asmoak ditugularik gaur egungo kultura, eta kultura ondasunen banaketa justuago bat. Behar-beharrezkoa da, oraintxe, justizia hori».

Nik esango nuke azken puntu hori ez dela bete oraindik, erakundeek ez dutelako hemengo artistak bultzatzeko konpromisorik hartzen. Ezta kultura bera ere. Jakin dut Amarica aretoa ixteko erabakia hartu duela baten batek [Arabako diputazioa]... Haatik, uste dut gure herriaren enbaxadore onak izan gintezkeela, bai Europan, eta bai Amerikan ere. Noizko euskal artearen erakusketa eder bat? Guggenheim [museoa] ez dago horretarako. Bilboko Arte Ederren Museoa, berriz, lan ederra egiten ari da. Dena ez da New York! Batzuk, joaten dira hara eta, itzuleran, baserritartzat hartzen gaituzte hemen gelditu garenok. Arao eta birao!, batzuek euskara ere baserritarkeriatzat hartu zuten garai batean, nahiz eta baserritarraren kultura, izatez, unibertsala den!

Artea entenditu egin behar da?

Entenditu ez, arnastu egin behar dira, haien usainak aditu, haietan ia ikusten ez den horretara heldu behar da, margolanaren erraietara jo. Nire iritziz, margolan batek horixe behar du, erraiak eduki. Hasteko, nire margolanek zainak dituzte —zirkuitu ezkutuak, neure gogoz eta erabakiz ezabatutakoak—, eta zain horiei esker gauzatzen da obra, margolanaren barne-egiturak eginarazten dit artelana. Hargatik daude bizirik margolanak, odol-fluxua dutelako, taupadaka ari direlako, dardaraka.

ZURETIK EZPALA

Carmelo Ortiz de Elgea Jauregi (Aretxabaleta, Gasteiz, 1944–Almeria, Espainia, 2025). Bizi osoa egin zuen margotzen, eta han eta hemen ageri dira haren lanak. Erakusketa franko egin zituen, bere burua askorik erakutsi gabe. «Urduri jartzen ninduten hedabideek, eta jendaurrean ere ez hitz egiten saiatu nintzen beti. Uste dut bizian behin-edo hitz egingo nuela hogeita bosteko talde baten aurrean. Nire lana azaltzeko eskatzen zidaten, eta zailago zen ezer azaltzea, margolana bera ikustea baino, nire margoetako gaiak oso sinpleak baitira: pagoa, zerua, mendia, harkaitza, lurra, haizea... Nire estudiotik [Dulantzi, Araba] irten, eta hortxe ditut gai horiek denak, soroetan eta han-hemengo lursailetan. Haiek ikusi, eta gustatu zaidana margotzen dut, edota nire arreta bereganatu duena, intuiziotik abiaturik. Hori, jakina, urte askoan egindako lanaren ondorio da. Ehunka metro koadro pintzelkadaka margotu eta gero heldu naiz horra, intuiziotik eta margotzeko premiatik abiaturik».

—Harrigarria zait, hedabideen aurrean urduri eta, aldiz, arteaz eta zeure lanaz hizketan hasten zarelarik, nahi beste hitz egiten duzu... —zirikatu dut Carmelo.

—Arteaz hizketan, eta orain bezala, lagunartean, ilundu artean egon ninteke zozoen elean.

—Margolaria duzu alaba, Dorleta Ortiz de Elgea. Erakusketa egin zuen joan den udazkenean Gasteizen. Horren aitzakian egindako elkarrizketa batean, hirutan aipatzen zintuen.

—Hara, bestea! Ez nuen elkarrizketa horren berri...

—Zioen txikitan oso gustuko zuela zure estudioan egotea, eskuetan mihisea eta olioa zituela beti, margotzea gauza ohikoa zuela... Zioen zeu izan zintuela eskola, zeugandik ikasi zuela, denbora luzean zure eraginetik, zure estilotik aldetzen saiatu zela, harik eta hori ergelkeria zela ohartu zen arte, zu bere margolari identitatearen parte zaituela... Zioen zuk esaten zenuela margolan bat egitea abentura bat dela, nola amaituko den jakiterik ez dagoela, eta berdin gertatzen zaiola berari...

—Oso margolari ona da Dorleta...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.