Kutxetan, koadernoetan, karpetetan... Andoni Saenz de Buruagak (Gasteiz, 1956) paperetan dauka pilatuta arkeologiari emandako bizi oso bateko ikerketa lan oparoa. Haren jakinduria eta sentiberatasuna, aldiz, ez dira inon kabitzen. Tresponde (Iruña Oka, Araba) herrixkako bere etxeko sotoa liburuz betetako ondare bat da, hemeroteka arkeologiko txukun bat. Paretetan, zintzilik, tresna batzuk daude, tartean bere maisuak oinordetzan utzitako makila kuttuna. Esku artean lagun saharar batek oparitutako harria hartu du: «Guiyin edo eguiyin deitzen da; bakarrik ibiltzen dela diote, barruan beste harri bat duela, eta aurkitzen duenari aberastasuna dakarkiola. Askotan entzun diet nomada sahararrei elezahar eder hori».
Ume koskorra zinenean, arkeologoa izatea zenuen amets? Zantzuren bat topa dezakezu haurtzaroan?
Boteprontoan bi aipatuko ditut: banuen petrolio enpresa batean analista gisa lan egiten zuen osaba bat: Tomas. Lizarrakoa zen [Nafarroa], eta asko maite genuen elkar. Zundaketen arroka sedimentarioak ekartzen zizkidan, eta geruza bakoitzak zenbat urte zituen azaltzen zidan. Horretaz akordatzen naiz, eta, gero, bildumak egiteko joera nuela: fosilak, hostoak, zigiluak, txanponak... Igandeetan Gasteizko Plaza Berrira joaten nintzen. Arkeologia, etimologikoki, gauza zaharrak bilatzeko eta ikertzeko diziplina da, eta nik pasioz bizi dut.
Geografia eta Historia ikasi zenuen.
Bai. Gasteizen. Arkeologia, berriz, Valladoliden egin nuen [Espainia]. Arkeologia klasikoa ikasi nuen, baina nik antzinaro urruna maite nuen; gizakien ebidentziak, harrizko tresnak... Historia irakasle izateko deitu ninduten unibertsitatetik. Ikerketa gustatzen zait, baina urte luzez aritu nintzen irakasle. Eusko Jaurlaritzaren ikerketa beka bati esker, berriz, atzerrira joan nintzen. Bordelen [Okzitania], niretzat funtsezko izan den pertsona bat ezagutzeko zortea izan nuen. Ikertzaile ospetsua zen, munduko harri landuen analisian aditu handienetakoa.
Nori buruz ari zara?
Georges Laplace. Biarnoko [Okzitania] herri txiki batean bizi zen, Pirinioetan. Oso harreman estua izan genuen 2004an hil zen arte. Asteartero hitz egiten genuen telefonoz. Gizon zolia zen, eruditu bat, nortasun handikoa. Ez zen ezeren aurrean kikiltzen. Bigarren Mundu Gerran nazien aurka ere borrokatu zen. Hor zintzilik dagoen makila oinordetzan utzi zidan. Ni jaio aurreko makila bat da, 1955. urtekoa. Makilek duten esanahi sinbolikoa aintzat hartuta... Hunkitu egiten naiz.
georges laplace (Paue, okzitania, 1918 - paue, okzitania, 2004)
Euskal Herriarekin harreman estua izan zuen Laplacek. Jose Miguel Barandiaranekin hainbat prospekzio egin zituen 1947an, eta harrezkero harremana mantendu zuten. Laplacek biarnes, iberiar-akitaniar, agot eta euskalduntzat zeukan bere burua. Biarnon bizi izan zen. Lehenik, Juransonen; eta, ondoren, Coarrasan, Zuberoatik kilometro gutxira. Eskiula herriko maisua izan zen. Eusko Jakintzaren kidea ere izan zen. 1963an, Aranzadi zientzia elkarteko kide bihurtu zen. 1974. urteko gutun batean, «Gora askatasuna!» euskarazko hitzekin amaitu zuen zientzialarien independentziaren aldeko frantsesezko aldarri sutsu bat.
Zure erreferentea izan da.
Nire maisua izan da. George Laplaceri zor dizkiot nire prestakuntza eta ikerlari gisa izan dudan ibilbidea, nire desioak eta irrikak. Haren jakinduriaren handitasuna mugagabea zen. Eminentzia bat zen. Jakintzaren oinarri teorikoak irakastearekin batera, ezagutza horretara iristeko tresnak eta metodoak erakutsi zizkidan. Metodologia arkeologikoa berritu zuen, indusketa sistema eta aztarna arkeologikoen analisi metodoa garatuz. Azkenean, subjektua errealitatearekin lotzen duenari buruz hitz egiten ari gara.
Hari ikasitakotik zer nabarmenduko zenuke?
Aparteko gauza bat erakutsi zidan; nire maisuak irakatsi zidan ezagutza bilatzea bizitzeko modu bat dela. Hori berebizikoa da nire bizitzan. Akatsa, berriz, asmatzearen funtsezko osagaia dela ere irakatsi zidan. Esaten zuen gure ideia zientifikoen multzoa adierazten duten teoriak ezinbestekoak direla zientzia adierazteko, baina teoria eta ideia horiek ez direla inondik inora egia aldaezin bat, eta, beraz, beti prest izan behar garela haiek uzteko, aldatzeko... Oso presente daukat. Gauza askotan egiten nuen bat harekin. Jakin-mina genuen biok, ikasteko grina.
Indusketa askotan izan zinen harekin.
Bai. Horietako bat eskaini zidan tesia egiteko. Arudy [Okzitania] herrian zuen ikerketa zentroan urtean hiruzpalau hilabete pasatzen nituen. Tesia ere han egin nuen. Ignacio Barandiaranek zuzendu zuen.
Zeren inguruan egin zenuen tesia?
Erdi Paleolitoaren eta Goi Paleolitoaren arteko eboluzio prozesuaz. Gatzarriako leizean egon nintzen horretarako, Zuberoan. Erregistro estratigrafikoak aztertu nituen, hor baitaude ebidentziak. Estratigrafia gabe, dena da espekulazioa. Gatzarrian ezohiko metaketak daude, eta, maila ezberdinen bidez, sekuentzia egin zitekeen. Intelektualki interesgarriena zera zen: gizakien ordezkapenaren dogmaren aurrean eta industria batzuk beste industria batzuk ordezkatu zituztela zioten hipotesien aurrean, haitzulo honetako ikerketa dogma horren aurka zihoala. Gatzarria heretikoa zen, eta frogatu zen, egiturazko analisi kuantitatiboaren ondorioz, eboluzio prozesu bat zegoela, continuum bat. Ez zegoen gizon desberdinik: neandertalen eta cromagnonen zatiketa falazia bat zen. Gatzarria erreferente izan zen alde horretatik, eboluzio prozesu bat ezagutzeko interpretazio balorazioengatik. Dena den, helburu didaktiko batekin egin nuen tesia; emaitza batera iristeko metodoak modu zorrotzean eta sistematikoan azaltzen saiatu nintzen. Premisa horretan oinarrituta idatzi nuen, zeren tesia, bere horretan, irakurtezina da. Oinarri kuantitatiboa sekulakoa da, estatistika diferentziala, algoritmo korapilatsuak... Kalkulagailu txiki batekin egin nuen dena. Artean erabilitako izarak gordetzen ditut, lapitzarekin egiten nituen ariketak...
Eta harrezkero zertan aritu zinen?
Aro ezberdinetako harri landuak ikertzeari ekin nion. Hainbat lekutan egin genituen landa azterketak. Estratigrafiaren analisiaren bidez praktika kontzeptualizatzen saiatu nintzen. Lagun ikerlarien zirkulu bat ere eratu nuen; arrazionalismo dialektikoa erabiltzen genuen errealitatea ulertzeko, eta aldizkari txiki bat ere argitaratu genuen: Krei. Ez da akronimo bat. Pentsamendu kritikoa zen gure filosofiaren ardatza, eta hitz hori kritika hitzaren erroan dago.
Aztarnategietan ibiltzea izan ohi da arkeologoen nahia. Une gogoangarriren bat oroitzen al duzu?
Zintzoa banaiz, esan behar dut une askotan hunkitzerainoko zirrara berezi bat sentitu dudala, pentsatzean, adibidez, 70.000 urtez inork ukitu ez duen harri bat aurkitu dudala. Gorbeiako kobazulo batean behin aurkitutako tresna landua ez dut inoiz ahaztuko.
Beste uneren bat...
Arabako San Millan herriko San Roman elizatik deitu ninduen behin lagun batek. Kanpandorretik inskripzio erromatarrak zituzten harriak kentzen ari ziren. Iritsi nintzenean, eskailera bat utzi zidaten, eta, inskripzioa irakurri nuenean, zur eta lur geratu nintzen. Hilarriak ziren, eta karaktere baskonikoak zituzten. Batean Luntbelsar jartzen zuen, eta bestean, Lutbelscottio. Zirraragarria izan zen. Halako harriak bakanak dira. Poz berezi bat sentitzen duzu oso berezia den zerbaitekin topo egiten duzunean. Zalantzarik gabe, antroponimo bat zen.
2006an, Euskadi Sahara Kultur Bilakaerarako Erakundea sortu zenuen. Nola iritsi zen Saharakoa?
Gauzak ez dira ausaz gertatzen. Ihesaldi bat izan zen. Garai zail batean nengoen lanean, eta, une hartan, ihes egitea behar bat zen niretzat. Ortega y Gasset filosofoak zioen bezala: «Ni naiz ni eta nire zirkunstantziak, eta ez badut bera salbatzen, ez dut neure burua salbatuko». Halaxe izan zen. Gasteizen liburu denda bat zuen lagun batek bota zidan galdera. «Zergatik ez zoaz lanera Saharara?». Galdera zehatz bat une zehatz batean. Mertxe Lozano zen. Herrikoia liburu dendara joaten nintzen maiz, eta bera SEADen Lagunen Elkarteko kidea zen. Laplace handik gutxira hil zen. Nik ordura arteko gauza askorekin apurtu behar izan nuen, baina salbatu nintzen, eta beste aro bat hasi zen.
Kultursahar programa abiatu zenuten...
Hala da. Unibertsitatetik liberatu ninduten ikerketa lana egiteko, eta urtean bitan joaten ginen Mendebaldeko Saharara. Eusko Jaurlaritzak, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak eta EHUk finantzatu dute programa hori. Parlamentura jo nuen, eta, han, ezinbestean aipatu behar dudan pertsona bat topatu nuen: Txomin Aurrekoetxea. Haren babesik gabe, proiektu hau ez zen posible izango. Miren Azkaraterekin elkartu ginen, eta hori izan zen abentura honen abiapuntua. Arkeologo batentzako opari bat da ia esploratu gabeko lan eremu bat aurkitzea. Zugeraino [Mendebaldeko Sahara] joan ginen lehen bidaia hartan. 2004ko ekaina zen, eta bero sapa ikaragarria zegoen.
Hogei urtez lan arkeologiko itzela egin duzue han.
Lantalde ederra sortu genuen, norabide berean lan egiten zuten pertsona izugarriak; hori izan da arrakasta. Eta sahararren eskuzabaltasuna, babesa, jakinduria... Mendebaldeko Saharako antzinako kultur ondarea berreskuratzea izan da gure asmoa; arkeologia beste diziplina batzuekin uztartu dugu: antropologia, etnografia, toponimia, kartografia...
Arkeologiaren eremuan, ondarea izugarria da.
Aztarnategi ikusgarriak eta aparteko monumentuak aurkitu ditugu. Haitzuloetako arteaz gain, ehorzketa lekuak eta hil muinoak, estelaz betetakoak. Hamar metro luze diren menhirrak eta dolmenak topatu ditugu, zirkuluan dauden hilarriak, tumuluak eta megalitoak, tartean 800 metroko perimetroa dutenak. Baita suharriz egindako antzinako tresnak, fosilak, zeramika zatiak eta abar ere. Mila aztarnategi baino gehiago topatu ditugu, 6.000 ale litiko identifikatu ditugu, eta beste 100.000 pieza, sailkatzeko daudenak.
2020an, gerra hastearekin batera, bertan behera geratu zen proiektu hori.
Tamalez, hala izan da. Galdera askoren erantzunak aurkitzen ari ginen, baina orain dena geldirik dago. Marokok droneak erabiltzen ditu, eta ondare hori arriskuan dago. Kezkatuta nago. Unibertsitateak bere kasa eten zuen programa. Eusko Jaurlaritzak ere ez du aurrera egin, eta, zoritxarrez, dena eten da. Ibilbidea oparoa izan da. Tiris Saharan arkeologikoki hobekien dokumentatutako eskualdea da. Aurkitutakoa apartekoa dela esatea gutxi esatea da. Zazpi liburu argitaratu ditugu, 70 ikerketa artikulu. Badaude nazioarteko erakundeak ondarea babesteaz arduratzen direnak... Han dagoena gizadiaren ondarea da. Norena da hori babesteko erantzukizuna? Nik ez dakit nola jo Unescora. Liburuak bidali nizkien, baina liburutegi baten apalean egongo dira. Uste dut hemengo erakundeek zerbait egin dezaketela; borondate politikoa behar da. 2016an Unesco Etxean izan nintzen. Pozarren joan nintzen, liburuak utzi nituen, baina orain arte ez dute ezer egin. Batzuetan hobe da ez galdetzea. Leku guztietan daude argiak eta ilunak.
Nomadak elkarrizketatzea izan da beste lan ildo bat. Eta hori ere eten da. Aljeriako kanpamentuetan hartu behar izan dute babes gerraren ostean. Aspaldiko bizimodu hori galzorian dago. Zer sentitzen duzu hori ikusita?
Min sakona. 518 ordu grabatu ditugu, 211 elkarrizketa. Haiei ahotsa ematea izan zen nire asmoa, eta tradizio nomada jasotzea. Horietako asko hil egin dira, baina haien lekukotzak hor geratu dira. Tamalez, jatorrizko hainbat herriren bizimoduak galdu dira. Izugarria da. Min handia ematen dit tradizio horien guztien galerak. Bizi baldintzak hobetzearen alde nago, baina niretzat guztiaren oinarrian askatasuna dago, eta bizi zaren lekuan aske izan nahi baduzu... Zergatik egin behar duzu aurrera zuk aurrera egitea nahi duzun bezala? Bizitza ulertzeko moduak galtzen dira, herri guztiek dituzten unibertso txiki horiek. Batzuetan esaten didate erromantikoa naizela, aurrerapenaren aurka noala, baina globalizazioak ondorio latzak ditu; immigrazioa bera kolonizazioaren ondorioa da. Kolonizazioa da horren guztiaren ernamuina. Beti akordatzen naiz basamortura egindako lehen bidaian ikusitakoarekin...
Zer ikusi zenuen?
Mijeken geunden [Mendebaldeko Sahara], duna batzuen erdian, eta, bat-batean, hogei bat lagunez osatutako talde bat ikusi genuen. Bangladeshtarrak ziren. Bala zauriak zituzten, sarrerakoa eta irteerakoa. Marokotik deportatu zituzten, harresian txakurretara bota zituzten, eta bi lagun hil zituzten. Itzultzean, haien senideekin harremanetan jartzea lortu genuen. Inoiz ez dut ahaztuko.
Jubilatu egin zara, baina ez diozu lan egiteari utzi. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Saharar nomaden tradizioari buruzko monografia bat egitea gustatuko litzaidake. Atsegin handia ematen dit nirearekin zerikusirik ez duen bizimodu horretara gerturatzeak; beste ihesaldi bat da. Amets irudi bat sortzen dit, eta horrek imajinaziora eramaten zaitu, eta horrek, sorkuntzara. Sortzeko, amets egin behar da. Proiektuaren etena ustekabekoa izan zen. Ez diot ez ikusiarena egin nahi. Ia liburu guztiak modu berean amaitzen ditut, hau guztia salatuz, eta hurrengoan, zoritxarrez, gauza bera idatzi beharko dut. Arrangura sakonak ditut. 2009. urteaz geroztik, Saharan baino ez naiz aritu. Ihes egiteko eta amets egiteko aukera ematen dit, eta zoriontsu naiz horrela. Eskertuta nago izan dudan aukerarekin; pertsonalki eta intelektualki. Orain, ikasten eta lanean jarraitzen dut, esan dudan bezala ezagutza bilatzea bizimodu bat delako niretzat. Gehiago jakiteak adorea ematen dit. Eta hau da nire pasioa.