Birziklatutako oihalen, harien eta artilearen lengoaia erabiliz, Gabriela Barrio artistak (Iruñea, 1970) Iruñeko Ziudadelako Labea aretoaren barrualdea apainduko du otsailaren 9ra arte. Izena duen guztia, bada erakusketaren lehen geltokia da, baina azkena ez izatea espero du. Bertan Sugaar, Herensuge, Tartalo eta Basajaun elkartu ditu, panpinen forman, eta euskal mitologiaren unibertsoaren erdian Mari jainkosa jarri, tente, beste izakiei begira. Tea en la azotea (Tea zabaltzan) goitizenez ezaguna den artistak zentzumenen parte hartzea sustatu nahi du: argiak, kontaketak eta lurrinak ere badaude haren lanetan. Normalean Teak bere zabaltzan sortzen ditu panpinak, baina beste zazpi artistarekin batera ere aritzen da, Variopintas kolektiboan.
Gogoan duzu zein izan zen egin zenuen lehendabiziko obra?
Oso txikia nintzenean hasi nintzen. Gogoan dut loreak hartzen nituela liburu artean jartzeko, potoak margotzen nituela, ebakinekin zakarrontziak egiten nituela...Orain, adinak ematen didan perspektibarekin, ikusten dut nire bidea argi zegoela. Gauzak eginez joan naiz, baina bilakaera oso naturala izan da: barruan dudana atera dut, eta jendeak nola erantzuten duen ikusi. Baina txikitan hasi nintzen nire lanak sortzen.
Noiz hasi zinen zeure burua artistatzat hartzen?
Ez dakit oraindik artistatzat daukadan neure burua. Uste dut neure burua artistatzat hartzen hasi nintzela nire lana saltzea lortu dudanean, publikoan erantzun bat dagoela ikusi dudanean eta arte galerietan erakusteko aukera izan dudanean.
Oso pisutsua da artista hitza?
Bai. Pisu handia duen titulu bat da; artista maila asko daude. Uste dut artista besteek sortzen dutela, publikoak. Pozik sentitu behar duzu zure lanarekin, noski, baina uste dut gero besteek hartu behar zaituztela artistatzat.
Artista izateaz gain, irakaslea ere bazara. Nola uztartzen dituzu biak?
Irakaskuntzan eta sormenean aritu naiz, beti biak bat eginez. Haurrentzako sormen eskolak aspalditik eskaintzen ditut. Gero, museoetan erakusketak eta tailerrak ere egiten ditut, baina askotan balio historiko eta hezitzailearekin. Nire prestakuntza nire bokazioarekin nahasten saiatzen naiz. Egia esan, beti egin dut nahi izan dudana.
Sormena nola irakats daiteke?
Ikaslea gertutik jarraituz, behatuz eta gidatuz, batez ere. Agian ikasle batek txinparta berezi bat duela ikusten baduzu, hortik zuzendu behar duzu, bide horri jarrai diezaion. Baina ikasleak izan behar du sormen berezi hori, eta irakasleak bidea erakutsi behar dio txinparta horrek distira gehiago egin dezan, eta gauza bereziak sor daitezen.
Nola definituko zenuke zure estiloa?
Nire estiloa aldatuz joan da. Estilo naif eta gozoa da, baina obrak behar duenaren arabera aldatzen ari naiz. Adibidez, orain aurkeztu dudan Izena duen guztia, bada erakusketan, lanak indarra izatea behar nuen. Zerbait ahalik eta zentzumen handienetatik transmititzen saiatu nahi nuen: entzumena, ikusmena eta usaimena. Horregatik jokatzen dut argiekin, basoaren soinuarekin, Ventura Ruizen narrazioarekin eta basoaren usainarekin. Lehen gozoagoa nintzen, eta orain indar handiagoa dut.
Natura da zure obren musa?
Bai. Txorietan, loreetan eta urdinean inspiratzen naiz. Naturak deitzen dit eta indarra ematen dit.
Izena duen guztia, bada obran euskal mitologia jartzen duzu erdigunean. Naturan gehiago sakontzeko asmoz?
Bai. Naturara itzultzeko modu bat da. Mitologiako gauza garrantzitsuetako bat da gure kulturan duen oinarri sendoa. Atzera egitea ere bada, natura hain garrantzitsua zen garai horretara, gure bizitzaren erdigunean baitzegoen: ibaiak, basajauna gure basoak babesten, mendiak, Mari jainkosa... Atzera begiratzeko modu bat da.
Naturaren garrantzia berpiztu nahi duzu, beraz?
Bai. Dei ozen bat da orainaldira ekartzeko. Kultura gaurko egunera hurbiltzeaz gain, izena ematea eta bizirik jarraitzea nahi dut, eta hori naturan arreta jarriz egin daiteke.
Mitoen protagonistak izendatuz, gaurko egunera ekarri nahi dituzu?
Bai. Izena duen guztia, bada obraren izenburua Euskal Herrian oso zabalduta dagoen esalditik dator; esan herrikoia da. Ohitura horiek guztiak, iragan hori guztia, historia eta mito horiek gorde nahi izatea bezala da. Obrarekin, existentzia horri izena eman nahi izan diot, edo gutxienez hori egiten saiatu.
‘Mari naiz!’, oihukatzen du protagonistak erakusketaren hasieran. Mari jainkosaren errepresentazio asko daude. Nola lortu duzu zurea besteengandik desberdintzea?
Asko dokumentatu naiz, baina ez ditut begiratu Mariren beste irudikapenak, nire lana ez kutsatzeko. Dokumentazio lan sakona egin dut, baina osagai nagusia nire irudimena izan da. Bakoitzak modu batera irudikatzen du Mari jainkosa, hori mitologiaren xarmaren parte da, eta nik horrela imajinatu dut.
Nolakoa da zure sormen prozesua?
Lehenengo zatia prestakuntza da. Euskal mitologian interes handia nuen, baina ez zen oso ezaguna niretzat. Artearen historialaria naiz, eta mitologia oso garrantzitsua izan da nire bizitzan; baina ez nintzen inoiz euskal historian barneratu. Interes pertsonala izan da gaia ezagutzea eta aztertzea, gero hori islatzeko: mitologiak asko esaten du zibilizazio bati buruz.
Zure erakusketak beti historian oinarritzen dira?
Bai. Dena kohesionatuta dagoela islatu behar da; agian artearen historia ikasi dudalako da. Prestakuntza hori ikastea bezala da, eta gaian gehiago sakontzen dut horrela. Emaitza informazioaren nire interpretazioa da.
Dokumentazio lana egiterakoan, zertan oinarritu zara?
Oso dokumentazio lan polita egin nuen, bereziki Koldo Mitxelena Kulturuneak duen materiala erabiliz, baina baita Jose Migel Barandiaranekin ere. Euskal kulturaren patriarkarekin nuen lehendabiziko lotura izan zen, eta artearen historia ikasten nuenetik beti liluratu nauen figura bat da, bere lurraldeko kulturari eusteko duen gogoagatik.
Dokumentazioa egin eta gero, nola islatzen duzu ikasitakoa zure obran?
Prestatu ondoren, probatu egin behar da. Nire etxeak panpinak flotatzen izan ditu, eta errezelez beteta egon da. Obra erakusketan egongo den bezala jarri behar dut. Ez dut zirriborrorik egiten, ez dut aldez aurreko azterketarik egiten: dena nire buruan dago, eta probak eginez joan naiz. Eskultura bat balitz bezala da, baina aldez aurreko zirriborrorik gabe.
Eta nola dakizu obra amaituta dagoela?
Nire lanak gutxitan daude erabat amaituta; beti dago aldatu nahi dudan zerbait. Ez da asegabetasun kontua: denborarik ez dudalako da. Obrak asko behatzen eta moldatzen ditut, aurkezteko denbora gutxi geratzen bada ere. Nire etxean zintzilikatzen ditut, begiratzen diet, kafe bat hartzen dut, eta hurrengo egunera arte uzten ditut. Ez da prozesu azkarra izaten.
Tea en la Azotea proiektuan unibertso berri bat sortu duzula esan duzu maiz. Nola sortu zen mundu hori?
Iruñeko alde zaharrean bizi naiz, eraikinen teilatuak ikusten ditudan leku batean, eta hortik sortu zen izena. Esanahi bikoitza ere badu: Tea bere mundu propioan dago, eta Gabriela mundu honetan dago. Egunez egun sortuz joan den proiektu bat da.
Non amaitzen zara zu eta noiz hasten da Tearen pertsonaia?
Ez badirudi ere, oso lotsatia naiz. Nire lotsari aurre egiteko alter ego bat sortu dut: Tea. Haren atzean ezkutatzen naiz, eta izen hori erabiliz erakusketak egiten ditut. Atzean dauden eserlekuetan nago, Teari begira.
Batez ere panpina pertsonalizatuak egiten dituzu. Zer ezaugarri dituzte?
Egiten ditudan panpinak oso garrantzitsuak dira. Baina azpimarratu behar da nire panpinek ez dutela zertan antzik izan eskatzen didanarekin. Nire panpinak pertsonaren esentzia jasotzen du. Bezero batek maitasunez hitz egiten badit bere lgun baten inguruan, hori jaso eta panpinan islatuko dut. Nire panpinak maite duzun pertsonaren proiekzioa dira.
Zure lanetan material birziklatuak erabiltzen dituzu. Artea jasangarria izan daiteke?
Bai. Gure ingurumenarekin harreman egokia izatea aldarrikatzeko modu bat da. Alde guztietatik hartzen ditut materialak, eta horrek benetako esentzia bat ematen dio obrari. Artelanak indar handiagoa du gauzek arima dutelako. Galtzagorrietarako erabili dudan amaren jaka batek balioa gehitzen dio panpinari; jakak bizitza propioa du aldez aurretik, eta nire obran egon arte eboluzionatu du.
Zure erakusketetan egotea gustatzen zaizu jendearen erreakzioa ikusteko?
Bai, gustatzen zait. Adi nago gauzarik apuntatu ote duten ikusteko, xehetasunei erreparatzen ote dieten ikusteko. Kritika onuragarriak ere gustatzen zaizkit; denetik ikasten da, eta dena esan daiteke ongi esaten denean. Gero agian ez ditut hurrengo obran kritika horiek islatuko, baina barneratu, barneratzen ditut.
Iruñeko Variopintas kolektiboko kidea zara, beste zazpi artistarekin batera. Nola uztartzen dituzue bakoitzaren estiloak?
Askatasuna da gure oinarri nagusia. Kolektibo bat gara, eta asko oso ordenatuak dira, eta ni kaotikoagoa naiz. Nire zirriborroa ez da existitzen, eta obra pausoz pauso eratzen dut. Zortzi emakumez osatutako kolektibo bat da, eta, funtsean, artearen inguruan elkartzen diren lagun batzuk gara.
Noiz sortu zen kolektiboa?
Jolas bat balitz bezala hasi zen dena. Afari batean, duela 10 urte baino gehiago, bidaia koaderno bat egin genuen. Bakoitzak gai bat aukeratzen zuen, eta hilero koadernoa uzten genion hurrengoari, gai horretan oinarrituta zerbait margotu zezan. Nire gaia Txoriak zen, eta bakoitzak bere erara betetzen zituen koadernoko orriak. Oso polita da, izenak dioen bezala, elkarren oso desberdinak garelako.
Korrespondentzia proiektua aurkeztu zenuten 2020an. COVID-19aren garaiari aurre egiteko sortu zenuten?
Bai. Korrespondentzia proiektua koadernoarena egiten jarraitzeko modu bat zen, baina afaltzera elkartu ezin ginenez, kutxak bidali genituen. Orduan, zortzi gutun kutxa eta zortzi gai pertsonalen inguruan mamitu zen proiektua, eta bakoitzak kutxa betetzeko modu bat zuen. Nik bidaien gaia proposatu nuen, eta bakoitzak ilustratu behar zuen pandemiaren ondoren zer bidaia egin nahi zuen. Zortzi kutxa osatu genituen, bakoitza objektu ezberdinez betea; irudi bat, eskultura bat... edozer gauza izan zitekeen, kutxan kabituz gero. Guztiak Iruñeko Ziudadelako Bolborategian jarri genituen ikusgai.
Zure lanbidean lankidetza ezinbestekoa dela uste duzu?
Aberasgarria da. Beste artistekin elkarlanean aritzea gustatzen zait, baina beti independentzia puntu bati eutsiz. Zortzi laguneko kolektibo batean, taldera mugatu behar duzu beti; oso ondo dago eta aberasgarria izan daiteke, baina aske eta independente izatea ere erakargarria da. Variopintas kolektiboan beti jartzen ditugu erronkak erosoa egiten zaigun eremutik irteteko. Oso ongi dago artistekin elkartzea, beste ikuspegi bat dutelako eta laguntzen dizutelako ikusten ez dituzun gauzei erreparatzen; zure obra aberasten dute, nolabait. Baina elkarlanaren eta independentziaren arteko orekari eutsi beharra dut. Uste dut bakarrik nagoenean askeago sentitzen naizela.