«Barkatu kaosa, ez dut lantegia ordenatzeko astirik izan», aurkeztu du bere burua Puy Diaz de Tuesta ehungile artisauak (Iruñea, 1943). Artistarik trebeenen gisan, sortzeak eragiten duen kaosean sentitzen da eroso. Mahai baten inguruan lekua egin, eta mintzatzen hasi da.
Duela 11 urte erretiratu zen, baina 33 urtez aritu zen irakasle Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan. Bere esperientzia eta ikaskuntza prozesuaren inguruko gogoetak plazaratu ditu, eta azaldu du zer bilakaera izan duen ehungintzaren arteak eta zergatik iruditzen zaion garrantzitsua bere lanaren bidez emozioak adieraztea. Bere ibilbide artistikoaren bidez, tradizioa eta berrikuntza uztartu ditu, eta benetako pasioaren eta esperimentazioaren balioa transmititu nahi izan du beti prozesu sortzailean.
Joskintza ogibide bilakatzea erabaki zenuen…
Ez zen hori nire asmoa, eta, egia esan, ez nuen familiarengandik jaso. Baneuzkan josten zekiten izebak, baina niri ez zitzaidan deigarria iruditzen. 1978an izan zen. Senarrak eman zidan lehen bultzada: Jose Antonio Perez de Arenaza margolaria zen, urte luzez Fournierreko marrazkilaria izandakoa, eta bera ere, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea. Garai hartan, aldundiak langileentzako ehungintza ikastaro bat antolatu zuen, eta, senarrak animatuta, izena eman nuen.
Orduan piztu zitzaizun kuriositatea?
Bai. Kontua da Terrasatik [Herrialde Katalanak] etorri zirela Leioan [Bizkaia] ikastaro batzuk ematera, eta Ameriketatik ere beste bi irakasle etorri ziren. Ezin izan zuten ikastaroa eskolan eman, eta beste bat antolatu zuten beren kabuz. Etxe bat alokatu zuten Laukizen [Bizkaia], eta hor ikasi nuen nik.
Tradiziozko teknikekin hasi zinen.
Ehundurekin lan egiten hastean, materialak manipulatzean, ikusi nuen zeinen interesgarria zen gauza bisualak sortzea. Egia esan, teknikak berak ez ninduen liluratu, baina teknika horrekin lor nezakeenak bai. Emaitzak nik uste nuenaren oso bestelakoak ziren, eta konturatu nintzen benetan maite nuen zerbait aurkitu nuela.
Zaila izango zen hastea…
Senarrak asko lagundu zidan, batez ere materialak eta tresnak lortzen. Egun batean, Leioan, Alteako irakasle bati buruz hitz egin zidaten, eta harekin harremanetan jartzea erabaki nuen. Hasieran ez nekien zertan ari nintzen ere, erabat galduta sentitzen nintzen. Notak jakin gabe pianoa jotzen ikasi behar duzula esango balizute bezala. Erabili nituen lehenengo ehungailuak Gasteizen erosi nituen, eta, beharrezko tresnak eskuratu ahala, ikaskuntzan murgildu nintzen.

Gogoratzen al duzu ikaskuntza prozesu horretan markatu zaituen anekdotaren bat?
Ufa! Jakina. Tresnekin lanean hasi nintzenean, erabat galduta nengoen. Hainbeste elementu berri eta ezezagun zeuden, nondik hasi ere ez nekien. Halako batean, Carmenekin egin nuen topo, gerraostean Bergaran [Gipuzkoa] ehungailuekin lan egin zuen eta mundu guztia oso ondo ezagutzen zuen emakume batekin. Hark lagundu zidan ehungailua muntatzen eta tresna horiek guztiek nola funtzionatzen zuten ulertzen. Garai erabakigarria izan zen; haren laguntzagatik izan ez balitz, ez nuen jakingo zer egin erositako material guztiarekin. Urduritasun eta emozio nahasketa bat izan zen.
Nola sartu zinen Arte eta Lanbide Eskolan?
Ni eta beste emakume bat aurkeztu ginen. Ricardo Buesa eskolako orduko kudeatzaileari aurkeztu genion proposamena. Hurrengo egunean bertan deitu ziguten, gure proposamena eta baldintzak onartzen zizkigutela esateko. Pentsa, nire senarrak baino gehiago kobratzen hasi nintzen. Ausartu ginen horretara, eta lortu genuen, nahiz eta askotan ikasi egin behar izaten genuen ikasleei zerbait irakatsi baino lehen.
Ez zen gauza bera izango ikastea eta irakastea…
Ikuspegi praktikoa eta hurbilekoa eskaintzen genuen. Beti esaten genuen ez genuela irakatsiko ez genekien ezer. Ez genuen nahi ikasleek sentitzea benetako esperientziarik gabe ikasten ari zirela. Beraz, dena etengabeko prozesu bat zen, elkarrekin ikasteko prozesu bat. Aldi berean, beti saiatzen ginen lana oso organikoa izan zedin, eta, batzuetan, oso bizkorra, izugarri gustatzen zitzaigulako. Horrez gain, lana bi diziplinatan banatu genuen: ehungintza eta tapizak. Azken horiek dimentsio eskultoriko baterantz lerratzen ari ziren, nazioarteko artista batzuk horretan hasiak baitziren jada. Handik gutxira, nirekin zegoen emakumeak ikastaroa utzi zuen, eta bakarrik geratu nintzen. Dena den, lortu nuen aurrera egitea.
Eta 33 urtez aritu zinen gero…
Duela 11 urte erretiratu nintzen, baina ehungintzan jarraitzen dut. 82 urte ditut, eta senarrak margotzeko erabiltzen zuen lantegian sortzen dut oraindik ere. Ikasle batzuk hona etortzen dira…

Irakaskuntzan hainbeste urte eman ondoren, nola ikusten duzu ehungintzaren bilakaera, oro har?
Bilakaera handia da, bereziki materialetan eta tekniketan. Ehungintza teknika eta diseinu kontua zen lehen, baina orain eskultura forma bat ere bada. 1960ko hamarkadan, Josep Grau-Garriga bezalako artistak agertu ziren, ehungintza egiteko modua aldatu zutenak, bolumena eta ehundura beren piezetan integratuz. Orain, belaunaldi berriak ere asko esperimentatzen ari dira, material klasikoak eta berritzaileagoak erabiliz, eta hori oso zirraragarria iruditzen zait.
Zuk ere lortu duzu garai berrietara egokitzea, eta inspirazioa mantentzea.
Inspirazioa nonahi dago: aurki daiteke parkean paseo bat ematen ari zarenean, zuhaitzen adarrak nola antolatzen diren miresten edo frutak denda batean nola antolatzen diren ikusten. Horrek guztiak ideiak ematen dizkit. Beti saiatzen naiz ikuspegi askea mantentzen, ez mugatua. Intuizioak eta emozioek gidatzen dute egiten dudan guztia.
Zer materialekin sentitzen zara eroso?
Era askotako materialekin egiten dut lan, baina batez ere mugekin, kotoiekin, karkaxekin, kalamuekin, juteekin... Batzuetan, erositako oihalak dira; beste batzuetan, alkandora zaharrak mozten ditut. Berrerabil daitekeen guztia erabiltzen dut, askotan oihal horiek karga emozionala baitute eta hori obran transmititzen baita. Ezer ez da botatzen.
Nola definituko zenuke zure sortze prozesua? Eredu espezifikoren bati jarraitzen diozu?
Ez dut eredu finkorik. Batzuetan, erabat espontaneoa da. Nire prozesua intuizioan oinarritzen da. Ideia bat etortzen bazait, praktikan jartzen dut askorik pentsatu gabe. Adibidez, kalean banoa eta atentzioa ematen didan zerbait ikusten badut, hala nola harri baten ehundura edo zuhaitz baten adarren antolaketa, horrek inspiratu egiten nau. Gero, elementu eta material horiekin esperimentatu dezaket, hunkituko nauen zerbaiten bila. Dastamenak berebiziko garrantzia du.

Teknika irakatsiz gero, edonork sor al dezake egiten duzunaren antzeko zerbait?
Bai horixe. Garrantzitsuena gustu pertsonala izatea eta esperimentatzeko prest egotea da. Material guztiak ematen badizkizut, edonork egin dezake, nahiz eta hasieran zaila iruditu. Baina azkenean, esploratzea eta ikuspegi askea izatea da kontua.
Arte eta Lanbide Eskolaren 250. urteurrenaren harira, erakusketa bat aurkezten ari zara orain.
Arte eta Lanbide Eskolaren paraninfoan dago. Askotariko lanen nahasketa bat da erakusketa; lan bakoitzak bere ikuspegia eta teknika ditu. Batzuk figuratiboagoak dira, beste batzuk abstraktuagoak. Oro har, nire eta nire lantaldearen urteetako esperimentazioaren emaitza dira. Ez zait gustatzen pieza bakoitzari esanahi espezifiko bat jartzea; edertasuna eta teknika dira inportanteak, eta, batez ere, transmititzen duen emozioa.
Zer espero dezakete bisitariek erakusketatik?
Bisitariek hainbat pieza aurkituko dituzte, batzuk teknika tradizionalekin eginak, hala nola ehungailua, brodatua edo feltroa, eta beste batzuk esperimentalagoak. Artilearekin lan egiten da, oihal birziklatuekin, eta baita alanbreekin ere. Niretzat garrantzitsuena bisitariek obra ikustean zerbait sentitzea da, piezaren emozioak eraman ditzan. Nik transmititu nahi dudanak ez du esanahi zehatzik izan behar, materialen edertasunak eta teknikak berak bakarrik.
Nola gustatuko litzaizuke jendeak zure artea hauteman dezan?
Ez zait axola artea deitzen dioten ala ez. Nahi dudana da jendeak ikustea modu askean eta adierazkorrean lan egin daitekeela, loturarik gabe. Nire lana momentuan sentitzen dudana komunikatzeko modu bat da, materialekin esperimentatzeko modu bat, eta emozio hori besteekin partekatzeko modu bat.
Blas Arratibel saria jaso duzu duela gutxi: hori ere aitortza bat da.
Ikasle zahar batek esan zidan artisauek proposatu zutela nire izena, eta aldundiak baietza eman ziela. Ehungintzari ikusgaitasuna emateko modu bat da.
Eta hainbeste urtetako dedikazioaren ondoren, zer dator zuretzat orain?
Orain, jubilatu ondoren, proiektu berrietan lanean jarraitzen dut. Irakasten ez badut ere, sortzen eta esperimentatzen jarraitzen dut. Martxoko erakusketa ikasi dudan guztiaren isla da, baina baita ikasten jarraitzen dudalako isla ere. Inoiz ez da bukatzen ikasten, eta horrek motibatuta mantentzen nau.

Urte hauetan guztietan, zure ustez, zein izan da zure ibilbide artistikoan aurre egin behar izan diozun erronkarik handiena?
Uste dut erronkarik handiena etengabe berrasmatzea izan dela. Hasieran, egiten nuen guztia tradizionala zen, baina denborarekin konturatu nintzen ez nuela horretan bakarrik geratu nahi. Tradizioarekin hautsi eta materialen potentziala aztertu nahi nuen. Hari eta oihalekin ez ezik, metalekin ere hasi nintzen lanean, zerbait eskultorikoagoa sortzeko asmoz. Zailtasuna tradizionaletik esperimentalerako trantsizio horretan egon zen, baina, aldi berean, gehien hunkitu ninduena izan zen. Materialen bidez adierazteko modu berriak aurkitu nahi izan ditut beti.
Gustatuko litzaizuke aholkuren bat ematea arte mota horretan hasten direnei?
Esperimentatzeko beldurrik ez izateko esango nieke. Ez daitezela harrapatuta geratu ezagutzen duten horretan edo ikastaroetan irakasten dietenean bakarrik. Artea aurkikuntza prozesu bat da, eta ikasteko modurik onena gauza berriak probatzeko beldurrik ez izatea da. Materialak manipulatu ditzatela, esperimentatu dezatela benetan betetzen dituena aurkitu arte. Eta, batez ere, prozesuaz goza dezatela. Izan ere, azkenean, artea ez da gauza polit bat sortzea bakarrik, baizik eta arakatzea, ikertzea eta, kasu askotan, berrasmatzea.