Bertso saioa Ibarrako Emeterio Arrese plazan 19:30ean hasiko da.Sebastian Lizaso, Igor Elortza eta Mikel Artolarekin bertsotan jardungo du Alaia Martinek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987).
BERRIAra bertso batzuk bidali dituzu. Zer moduz moldatu zara?
Ondo. BERRIAk bertso batzuk nahi zituztela esanez iritsi zitzaigun eskaria, atalari puntu bat emateko. Hamar bertso eskatu zizkiguten hainbat bertsolariri. Erraz egin nituen, udak badu zer esana. Beraz, nahiko gai aurkitu nituen udaren inguruan hitz egiteko. Uste dut denak oso ezberdinak atera direla, eta nahiko ikuspegi ezberdinetakoak. Gustura erantzun genion apustuari.
Udan agenda beteta duzue, ezta?
Bai, bertsolariok, oro har, saio kopurua gehiago izaten dugu. Herriko jaiak izaten direlako, bertso saio gehiago antolatzen dira. Jaietatik aparteko saioak aurten agian gehitu egin dira. Batez ere, saio formalak eta jaialdiak, eta oso gustura hartu ditut. Agenda nahiko beteta dut, baina honela lanpetuta egotea gozamena da, luxua. Udan eta gustatzen zaidan zerbait egiten.
Zer esan nahi du zuretzat Sebastian Lizasorekin abesteak?
Ekainaren bukaera aldera Lizasorekin egin nuen bat. Han, lehen aldiz topo egin genuela komentatu genuen. Egia esan, Lizasorekin, Elortzarekin, Egañarekin, Lujanbiorekin, hau da, punta-puntakoekin jardutea beti ohore bat eta zer ikasi handia ematen duen esperientzia da. Niretzat, saio horietara joatea gozamena da.Beste saioetan ere asko gozatzen dut, gaztetxeetan edo auzo bateko jaietan. Baina, hainbeste urte plazetan punta-puntan dabiltzan bertsolariengana beste ikuspegi batekin noa, xurgatzeko eta ikasteko gogo handiarekin. Beraien mailakoekin batera kantatzea izugarria da.
Gipuzkoako txapelketako final-zortzirenetan zaude. Prestatzen ari al zara?
Bai, ari gara pixka bat entrenatzen. Abuztua pixka bat lasaiago hartzea adostu genuen, eskolari zegokionez, behintzat. Astero geratzeko ohitura daukagu, eta, orain, ahal dugunean gelditzen gara. Abuztuan, errimak landu edo bertso saioetan bertan entrena naiteke, sasoian egoteko. Baina, berez, urtarril ingurutik ari gara lantzen. Nahiko modu jarraian, oso zorrotza eta obsesiboa izan gabe. Gure artean elkartu, onena atera eta txarrena disimulatzen saiatzeko.
Pentsatu duzu inoiz bertsolaritzatik aparte kantatzea?
Bai, pentsatu izan dut. Niri txikitatik gustatu izan zait abeslari izatearen ideia. Kantatzea asko gustatzen zait. Baina talde batean kantatzeko ahots bolumena edo kalitatea ez dut. Gustatuko litzaidakeen bezala kantatzeko ez behintzat. Mundu asko daude gustatzen zaizkidanak eta oraindik probatu ez ditudanak: musika, antzerkia...
Non idazten dituzu egunean bururatutako bertsoak? Interneten?
Egia esan, ez. Badut Facebooka eta niri gustatzen zaizkidan kantak edo testu musikatuak jartzeko ohitura badut. Asteko Antxeta irratiko kolaborazioa ere jartzen dut. Baina, bestela, nire koaderno gorria da nire inspirazio guztiak ematen dituen lekua .
Oholtza gainean urduritasunik bai?
Orain, hasi nintzenean baino urduriago jartzen naiz. Beharbada, ardura sentipen handiagoa dudalako. Kontziente naizelako jende aurrean jartzen naizenean zerbait desberdina edo merezi duen zerbait eskaini behar dudala.
Alaia Martin. Bertsolaria
«Nire koaderno gorria da nire inspirazio guztiak ematen dituen lekua»
Sebastian Lizaso, Mikel Artola, Igor Elortza eta Alaia Martinekin bertso saioa izango da gaur, Ibarrako jaietan. Jai giroan den herrian doinu ugari ekarriko dituzte bertsolariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu